OparipuinakUncategorized @eu

Sirenatxoa

Eta zergatik? Diotenez, munduan bota diren malko guztiek sortu baitzuten itsasoa. Horregatik omen daki hainbeste gizakion zoritxarrari buruz. Baina malkoak pozik gaudenean ere isurtzen ditugunez, zorionaren inguruan ere jakituna da itsasoa. Hortik irtenbideak bilatzeko abilidadea.    

Horrela, beraz, mendi bakoitzak ondoan zuenari kontatu zion artzainaren kontua, azken tontorrak itsasoari galdetuz.

–       Datorrela artzain hori nire uretara. Bertan aurkituko du behar duena. – erantzun zion itsasoak.- Ilargi beteko gau batean, txalupa eta sare bat hartuta itsasoratu, arraun egin eta ilargia zeruan agertzen den unean, dzanga!, sarea bota dezala uretara honako hitz magiko hauek esanez: “Itsaso eskuzabala, apar, kresal eta ur, zure arrainetako bat niretzako ume bihur.” Orduan, sarean bertan agertuko da behar duen umea.

Eta erantzunak mendiz mendi bidaiatu zuen, artzainaren belarrira iritsi arte. Artzainak emazteari dena kontatu, zalgurdia prestatu eta itsaso aldera abiatu zen, arratsalde batez bertara iritsiz. Txalupa, sarea eta arraunak lortu, eta iluntzeko nahiko gutxi falta zela han itsasoratu zen, arraun, arraun eta arraun, zeruari begira, ilargi betea noiz agertuko zain. Ilargia atera orduko, sareak hartu, dzanga!, itsasora bota eta hitz magikoak esaten hasi zen:

–       Itsaso eskuzabala, apar, kresal eta ur, ume bat …, nola zen? Ume bat emadazu? Ume bat nahi dut? Ume …? Ardi kaka! Erdia ahaztu egin zait!

Erdia ahaztuta ere, hitz magikoek funtzionatu egin zuten, ez erabat, baina bai neurri batean. Edo, hobe esanda, erdizka. Izan ere, sarean agertu zena ez zen umea, ezta arraina ere, ile kizkurra zuen sirenatxoa baizik.

–       Hara! – esan zuen artzainak.

–       Nor zara? – artzainak.

–       Hara! – erantzun sirenatxoak.

–       Nor zara? – sirenatxoak.

–       Artzaina.- artzainak.

–       Artzaina.- sirenatxoak.

–       Eta zu? – artzainak.

–       Eta zu? – sirenatxoak.

–       Dena errepikatzen du! – artzainak bere buruari.

Sirenatxoak ez zekien hizketan, kantuan ordean ezin trebeagoa zen hitzik gabeko doinuak sortuz. Eta kantu horiek lagunduta egin zuten etxerainoko bidea. Artzainak gauzen izenak esan eta errepikarazten zizkion. Berehalakoan hartzen zuen dena sirenatxo ile kizkurrak, batez ere naturarekin lotutako guztia.

Lau hitz izan ziren gehien gustatu zitzaizkionak: ura, urdina, plisti-plasta, eta ñañan. Ura ikusten zuen bakoitzean, berdin ibaia, iturria, lakua, zein putzua izan, zoratu egiten zen:

–       Ura, ura, plisti-plasta, ura!!!

Artzainak zalgurdia gelditu eta besoetan hartuta bustitzera eraman arte ez zen isiltzen. Gauza bera urdin koloreko ezer ikusten zuenean: ukitu arte, ezin lasaitu.

Gosea ere amaigabea zuen sirenatxoak. Edozein landare, animalia edo harri ikusten zutelarik, jangarria ote zen galdetzen zion artzainari:

–       Ñañan ?

Iritsi ziren azkenean artzainaren etxera. Emaztearentzat sekulako ezustea izan zen senarra sirenatxoa besoetan agertzea.

–       Baina, laztana, zer egin behar dugu sirenatxo batekin?

–       Plisti-plasta! – erantzun zuen sirenatxoak. Etxe ondoan zegoen errekara joan nahi zuela, alegia.

Eta sirenatxoa etxe hartan bizitzen hasi zen. Haren logelan bainuontzi zahar bat jarri zuten, uretan lo egin zezan. Aita-ama berriak laster txoratu ziren haren hitzik gabeko kantuekin, haren jolasteko gogo eta gose amaiezinarekin, haren ikasteko egarri izugarriarekin, haren haur hizkera xelebrearekin … halako eran non bazirudien sirenatxoa zela ahaztua zutela. Gainera, inguruan oso baserri gutxi zeudenez, itsasoak emandako alaba kuxkuxeroez babestea oso erraza izan zen. Zoriontsuak ziren oso.

Eguna joan eguna etorri, ordea, sirenatxo jatunak gero eta gehiago pisatzen zuen; igeri egiteko gogoa zuenean, besoetan hartu eta errekaraino eramatea gero nekezagoa egiten zitzaien gurasoei.

–       Ai, hankak bazenitu, panpoxa … – esan zioten behin.

Sirenatxoak pentsatu zuen gurasoak aspertzen hasiak zirela etxean sirena bat edukitzeaz, eta benetako alaba bat nahi zutela, neska bat alegia. Horrek bihotza erdibitu egin zion.

Aita, alabaren tristuraz ohartuta, itsasoa faltan botatzen zuela pentsatzen hasi zen, galdetzera ausartzen ez bazen ere.  Izan ere, ezin izango zuen jasan ile kizkurrak bere ondotik alde egitea. Eta jakina, alaba hain triste ikusita, bera ere zeharo goibeltzen hasia zen.

–       Aita, triste? – galdetzen zion sirenatxoak, konturatuta.

–       Ez, maitea. Ni zure ondoan zoriontsu bizi naiz beti.

Alabaina, sirenatxoak aitak ezkutuan botatako malkoen usain gaziari erreparatuta bazekien hura gezurra zela. Eskerrak amari irtenbidea bururatu zitzaion.

–       Aizu – esan zion senarrari -, ezin dugu honela jarraitu. Hemen zirt edo zart egin beharra dago: sirenatxoa itsasora itzuli edo harentzako hankak lortu. Zergatik ez zoaz berriz ere Anbotora laguntza eske? Baietz han irtenbidea aurkitu!

Artzainak emazteari kasu egin eta han abiatu zen ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, Anboton gora. Lainoa sartu orduko, hantxe eseri zen, zain berriz ere, oraingo honetan ardirik gabe. Luzaroan itxaron beharrik ez, bi mendien arteko elkarrizketa entzuteko.

–       Bidean dagoen artzain horrek alabaren tristurarekin bukatzeko irtenbide bat behar du. Ideiarik?

–       Itsasoari galdetu behar.

Eta galderak mendiz mendi bidaiatu zuen ostera ere, itsasoraino iritsiz. Eta itsasotik, gailurrez gailur artzainaren belarriraino:

–       Itsasoak esan du sirenatxoaren tristurarekin bukatzeko modu bakarra galdera jakin bat egitea dela.

–       Galdera bat? Edozein galdera?

–       Ez. Galdera batek baino ez du balio.

–       Eta zein da galdera hori?

–       Artzaina egitera ausartzen ez dena!

Artzaina astiro-astiro itzuli zen etxera. Arnasa sakon hartu, alabaren aurrean jarri, eta galdetu zion:

–       Alabatxo maitea, esan: zer nahiago duzu, gurekin lehorrean ala itsasoan bizi?

Bingo! Huraxe zen galdera. Sirenatxoak erantzun beharrik ez; haren irribarreak argi utzi zuen zer zuen nahiago. Eta orduan, harrigarriena gertatu zen: haren isatsetik bi hanka lirain atera ziren halako batean. Izan ere, maitasun probatxo hori baino ez zen falta sirenatxoa gizaki bihurtzeko.

Beno, hori eta izen bat, ezta? Orain ezin sirenatxoa deitu. Goizane izena aukeratu zuten harentzat.

Harrez geroztik, Goizane neskato normaltzat hartuko luke edozeinek, nahiz eta ezagutu ahala zenbait berezitasunek  arreta deituko zioten: haren ahots liluragarriak, urdin kolorea hainbeste gustatzeak, igerian horren trebea eta korrikan berriz horren traketsa izateak, edota bainuontzian lo egiteak, itsaso guztietako sirenatxoek egiten duten bezalaxe.

Eta hau hala bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila etxeko baineran, plisti-plastan, plisti-plastan!

****

Hondarribian 2012ko uztailaren 6an itsasoari begira sortu zen ipuina. 

Related Articles

2 Comments

  1. POZEZ GAINEZKA!

    Maite Frankoko gure alabatxoarentzat asmatutako istorioak unkitu egin gaitu. Goxoa, berezia eta amodioz betetako istorioa berak sortutako ipuina.

    Txikia da Goizane eta oraindik ez daki zer den berarentzat bereziki egindako zerbait jasotzea. Egia da badaukala bere lo kanta (bere aitite Sabinek egindakoa, Ikusi Mendizaleak abesti ospetzuaren sortzailea hain zuzen ere).

    Nagusitzen denean espero dut ulertuko duela zein garrantzitsuak diren honelako ekimen bereziak (ipui eta kanten sormen pertsonalizatua).

    MILA ESKER Maiteri eta TTIKLIK-eri.

    Aritza eta Eva

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button