OparipuinakUncategorized @eu

Oparipuina: Txoria izandako mutikoa

 

Maite Frankok Hernaniko Orhiri idatzitako ipuina

Txori batek esan zidan … Txori txiki batek azaldu zidan istorioa kontatuko dizuet gaur. Ez dakit egia ala gezurra ote den, batek daki!, txori batengandik etorrita, txorakeria bat izan daiteke, txoriburu baten burutazio txoro hutsa. Edo agian ez. Onena dugu Orhiri, txoria izandako mutikoari, galdetzea, bere istorioa baita hemen lau haizetara zabalduko duguna. Beraz, egia ala gezurra, hortxe doakizue gure ipuin laburra!

***

txepetxa

Ba omen zen txepetx bat Orhi mendi inguruan bizi zena. Gure txepetxa jaio zenean, gurasorik edo anai-arrebarik ondoan aurkitu ez, eta hantxe hegaldatu zen haien bila, bera txepetxa zela jakin gabe.

Bidean topatu zituen animalia guztiengana hurbildu eta haiek imitatzen hasi zen, bere senideak zirelakoan: ahateak aurrena, zozoak gero, eta urretxindorrak ondoren.

ahatea2

–         Hara, hara bestea! Zu ez zara ahatea. – Ahateek.

–         Zozoa? Zu bai inozoa!- Zozoek.

–         Urretxindorra? Bai xelebre eta jatorra!- Urretxindorrek.

–         Baina orduan, nor naiz ni? – galdetzen zien. Erantzun aurretik alde egiten zioten denek txepetx gizajoari.

Eta gure txepetxak, noraezean, aurrera edo jarraitu zuen, txio-txioka, orain ahate baten kua-kua-kua sudur-soinua eginez, orain zozo karrakari baten gisa, orain urretxindor-txorrotxio dotoreak botaz. Gizakiak ikusi zituen bat-batean, mendizaleak, Orhi mendiraino etorritakoak. Gurasoak batzuk, umeak besteak. Txikiak handiak bezain gogotsu aldapan gora. Eta gailurrera iristean, elkarri musuka, besarkada goxo batean. 

 orhi

–         Hegalik ez eta oinez datoz honaino? Asko maitatu behar dute mendia halako esfortzua egiteko. Eta begira nolako muxu goxoak! Horietako bat probatzeagatik, edozein gauza emango nuke!

Inguru hartan bizilekua zuen Mari boteretsuak entzun zituen txepetxaren hitzak. Haren ondoan agertu eta esan zion:

–         Aizu, txepetxa!

–         Zer? Norekin ari zara? – Txepetxak, harrituta.

–         Zurekin, txoriburua!

–         Txepetxa al naiz ni orduan? Eta hori zer da? Ona? Txarra?

–         Txori mota bat besterik ez da. Txori txiki mota bat.

–         A, txori txikia – Ilusioa galduta.

–         Familiarik ez duzu, badakit. Eta bat izatea gustatuko litzaizukeela ere bai. Nahi al zenuke mendizale batzuen seme bihurtu?

–         Bai! Zer egin behar dut horretarako?

–         Bada modu bat. Zaila da, baina saiatzeagatik ez duzu gauza handirik galduko. Gizakiek elkarri musuka ari diren unean, begiak itxita izaten dituzte, baina bihotzak zabal-zabalik. Une horretan haien artetik pasa eta emakumearen bihotzean zizt! sartzea lortzen baduzu, handik hilabete batzuetara ume bezala jaioko zara berriro.

–         Baina nola egingo dut? Elkarri musuka ari direla ez da, ba, haien artean tarte handirik egongo!

–         Agian ez, edo agian bai. Zu oso txori txikia zara, ordea. Saiatu!

muxua

Larraitz Orhi mendira igo zen egunean gertatu zen istorio honen bigarren zatia. Ez, ez zen bakarrik igo, bere mutil-lagunarekin baizik (barkatu, azken honen izena ez zait iritsi; badakizue, txoriek ez dituzte datu guztiak gogoratzeko gaitasunik!). Gailurrera iritsi eta ur-botilari trago bat jo aurretik, hor hasi zen bikote gaztea elkarren egarria asetzen (ulertu ez duenak ulertu duenari galde diezaiola! Orain bai? Horixe, musuka hasi zirela!). Eta besarkadarik estuenean, begiak erabat itxita eta bihotzak zabal-zabalik zituztela, hortxe abiatu zen txepetxa suziri baten abiaduran, haien artetik pasa eta Larraitzen bihotzean bete-betean egiteko asmoarekin. Eta zizt! Arranopola! Lortu egin zuen! Larraitzek ez zuen txepetxaren ziztada txikia nabaritu, baina musu hura munduko gozoena iruditu zitzaion.

 

Handik gutxira Larraitzek haurdun zegoela jakin zuen. Hura poza eta urduritasuna! Hilabete batzuen buruan, mugimendu gozo eta arinak hasi zen sabelean nabaritzen, txori txiki baten hegalen igurtziak balira bezala. Hortik aurrera, Txori Txiki deitzen hasi zitzaizkien Larraitzen barruan hazten ari zen txorikumeari.

–         Txori Txiki polita da, baina aizu, Larraitz, izen bat pentsatzen hasi beharko dugu, ezta? – Txorikumearen Aitak.  

Mendizaleak naturarekin lotutako izenak idazten hasi ziren. Haizea, Ibai, Hodei, Zuhaitz, Izadi, Izei, Eguzki …

–         Txorikumeari galdetuko diogu – Larraitzek.- Berak esango digu zein nahiago ote duen. Txori Txiki, zer iruditzen … ?

Izen-zerrenda hartu eta banan bana aipatu zituen gozo, sabelean bien eskuak eta aitaren belarria zeudela.

–         Haizea? Ez? Hori ez? Ez. Ibai ez? Hori ez? Zuhaitz? Ez hori ez? Zaude, zaude, hori hitza esaten dudan bakoitzean zerbait erantzuten didala dirudi …

–         Txoratzen hasita gaudela uste dut! – Aitak, brometan.

–         Hori? Ze izen ote da …? Badakit: Orhi. Bai, ezta Orhi maitea?

 

Eta Orhik hegal igurtzi gozo eta urduri batez erantzun zion baietz, horixe nahi zuela, ez zegoela munduan hori baino izen egokiagorik.

 

 umea ahateen atzetik

 

Orhi jaio zen, txoria izandako bizitza erabat ahaztuta. Oso mutiko berezi eta maitagarria iruditu zitzaien gurasoei hasieratik bertatik. Bidaia-zale peto-petoa, (furgonetan zein trenean pozez zoratzen joaten zen!), mendizalea (batez ere Orhi mendia zuen gustukoa), animalien laguna eta kantari fina, erregistro anitzekoa: orain fin, orain karrakari, orain sudur-soinuak ateratzen trebe. Eta ezetz asmatu zein ote zen txikitan gehien maite zuen kanta?

“Txoria nintzela, txoria nintzela, 

sinistu nuen, sinistu,

amets polit hura, amets polit hura,

gaur ere nahi nuke sinistu.”

 umea txoriz jantzita

Eta txorakeriak egiten ere mundiala da! Horrelakoetan Txoriburu deitzen badiote ez da haserretzen, izan ere bere txori-bihotzak esaten dio hori ez dela iraina, egia baina.

Haiek han eta gu hemen,

eta gure kontuak Flandesen.

Txepetxak buruan hezurra

eta gure ipuin guztia, … gezurra?

 

*** 

2013ko abuztuaren 12an Landetatik Hondarribira hegan etorritako ipuina.

Related Articles

2 Comments

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button