Home / Hezkuntza / Amatasuna / Autoritatea versus Autoritarismoa

Autoritatea versus Autoritarismoa

 

Gaur egungo gurasook ihes egin nahi dugu garai batean bizi izan genuen autoritarismotik, eta ihes egite horretan, autoritatea autoritarismoarekin nahastuz, autoritaterik gabe uzten ditugu haurrak.

    Autoritarismoa ez da beharrezkoa, bai ordea autoritatea. Haurrak autoritate eta erreferente diren pertsonak behar ditu emozionalki osasuntsu hazteko; izan ere, autoritateak segurtasuna ematen die eta horrek beren auto-estiman eta beren buruarekiko segurtasunean dauka eragina.

    Autoritarismoaren eta autoritatearen artean bereiztea oso erraza da: autoritatez jokatzen dugunean haurrarentzat onena dena daukagu buruan, esate baterako, gauean garaiz oheratzea, nahiz eta berak gogorik ez izan; autoritarismoaz jokatzen dugunean, berriz, haurra ohera bidaltzearen arrazoia hark ni bakean uztea izan daiteke.

    Baina, azal dezagun hobeto zein diren bakoitzaren ezaugarriak. Autoritarismoz jokatzen zen garaian, helduek afektu gutxi erakusten zuten haurrekiko, haurrak ez ziren pertsona osotzat hartzen eta, beraz, ez zen helduen eta haurren artean komunikazio handirik egoten. Harreman mota horretan, arauak bete beharreko zerbait ziren, nahiz eta ulergaitzak izan; eta ondorioz, balio moralak ez ziren ondo barneratzen, haurrak sariei eta zigorrei gehiago begiratzen zielako, ekintzaren atzean zegoen balioari baino. Horrekin batera, haurrak azkarregi heltzen zirenez, haurtzaro laburra izaten zuten. Beraz, ulertzea zaila bada ere, autoritarismoz jokatzen zuenak autoritate falta zuen, haurrarentzat ez zelako eredu koherentea. 

    Autoritatez jokatzen duen gurasoak beste ezaugarri hauek ditu: amaren kasuan, haurrari, berarekin atxikimendu ona sortzea ahalbidetu dio lehenengo urteetan, hau da, ama bere ondoan goxo eta gertu egon denez, egoki interpretatu eta erantzun die haurraren premiei (ez bakarrik jan eta garbi egotekoei, baita afektua eta kontaktua jaso, atsedena hartu, jolas egin eta antzeko premiei ere). Horrek, komunikazio ona ahalbidetu du bien artean eta, ondorioz, haurrak egoki onartzen ditu amak ezartzen dizkion arauak, elkarbizitzaren onerako edo bere buruaren onerako direla konturatzen delako. Halaber, bien arteko komunikazio onari esker, amak haurrari bere adinera egokitutako erantzukizunak ezarri dizkionez, helduz joatea ahalbidetu dio eta heldutasuna gauza ona dela ulertu du; izan ere, handitu ahala ardura gehiago hartzeak autonomian irabaztea ere badakarrela ikusi du.

   Helduok erreferentziazko pertsonak gara haurrentzat, eta, jakina, garrantzitsua da erreferentzia eredugarria izatea. Horregatik, harentzat autoritate izateak, balore, ohitura, ekintza, mezu eta abarretan koherentzia eta segurtasuna erakustea esan nahi du.

    Gaur egun, oro har, autoritate faltak permisibitatean erortzea dakar, eta permisibitatearen ondorioz, gerora, haur horiek arazoak izaten dituzte ardurak hartzeko, beren bulkadak kontrolatzeko eta beren adinari dagokion neurrian heltzeko. Gainera, auto-estima baxua dute, beren burua askotan galduta ikusi dutelako, kontrol neurritsurik bizi ez izatearen ondorioz, hau da, gauza askoren erabakia gurasoek haurren eskuetan uztearen edo gurasoek haurren momentuko nahien arabera jokatzearen ondorioz. Izan ere, askotan kostatu egiten zaigu muga koherenteak jartzea edo EZ garbi bat esatea. Gaur egun etxetik alde egiten ez duten, lanerako gogorik ez duten, gizartearen eraginen aurrean indar gutxi duten, gurasoak gaizki tratatzen dituzten… gazte asko horren guztiaren irudi ditugu.

    Badirudi egungo gizartean oro har autoritarismotik permisibitatera pasatu garela. Hobetu egin dugu komunikazioan eta afektuan, baina hanka motz geratzen ari gara arauetan eta kontrol neurritsuan, eta gauza guztietan bezala, oreka erdibidean dago, autoritatean alegia. Alde batetik, askatasun handia eman behar diegu zenbait arlotan: esate baterako, beren burua eta ingurua deskubritzeko orduan, libre jolasteko orduan… Umeari utzi egin behar diogu mugitzen, zuhaitzetara igotzen, lurrarekin jolasten, zikintzen, kasketaldiak izaten… Baina hori dena segurtasuna emango dioten arau batzuen barruan: adibidez, nekatuta daudenean ekintza hori  moztuz, inor ez mintzeko araua jarriz, inoren gauzak hartzeko baimena eskatzen erakutsiz… Horrela, konfiantza eta segurtasuna jasoko ditu guregandik.

    Edozein modutan ama moduan garbi izan behar dugu ez dela erraza beti asmatzea, eta batzuetan autoritarismoan eroriko garela eta beste batzuetan permisibitatean. Askotan oihuka entzungo dugu geure burua eta, beste batzuetan, esate baterako, kasketaldi baten aurrean amore eman dugunean, burutik behera kaka egiten digutela sentituko dugu. Horregatik, inportantea da errudun ez sentitzea, umeak haziz doazen neurrian gu ere haziz joaten baikara ama moduan nahiz pertsona moduan. Bai umea eta bai gu egun berean titulatu ginen, eta lanbide honen alderdirik politenetako bat, hain zuzen ere, horixe da, egunero eskaintzen duela zerbait ikasteko aukera, egunero daukagula erronkaren bat esku artean.

    Ama bezala gure haurrarekin hartu ditzakegun jarrera edo ohitura batzuk hauek izan daitezke, eta izan daitezke diot hemen azaltzen ditudanak proposamenak baino ez direlako, kontua baita bakoitzak bere bihotzari jarraituz edo ahal duen neurrian jokatzea:

  • Haurra mahaian jartzeko gai denetik, jatorduetan denek elkarrekin eta jan bera jatea oso ona da familia-giroa sortu eta komunikazioa lantzeko. Gainera, momentu egokia da janariarekiko eta beste batzuek gugatik egindako lanarekiko errespetua erakusteko. Izan ere, pertsona batek ahalegina egin du janari hori prestatzen eta haurrak dagoena janez erantzutea da errespetua adierazteko modurik onena. Horrek esan nahi du haurrari ez diogula galdetuko zer nahi duen bazkaltzeko, ez diogula bukatu arte mahaitik jaikitzen utziko eta antzeko arauak. Dena den, janaren gaiak askorako ematen duenez, hurrengo artikulua gai honi eskainiko diot.

  • Garrantzitsua da etxeko garbiketak, janaria prestatzea eta oro har etxeko edozein lan haurra gurekin dagoela egitea. Haurrei nagusiek egiten dituzten gauzak egitea gustatzen zaie, oso imitatzaile onak dira eta gu eredugarri jartzen bagara, berehala nahiko dute lagundu; horrela, bi urtetik aurrera gurekin batera has daitezke jostailuak edo bestelakoak jasotzen, hiru urtetik aurrera ardura txikiak eman diezazkiekegu, mahaia jartzea edo arropa bakarrik janztea esate baterako, eta adinarekin batera ardurak gehituz joango gara.

  • Egunero edo, denbora bat har dezakegu haurrarekin benetan egoteko, hau da, denbora bat eskaintzeko, berak egin nahi duen horretan elkarrekin egoteko. Batzuetan, ekin eta ekin aritzen zaizkigu gure arreta lortu nahian (zerbait erosteko eskatuz, gure lana oztopatuz, berarekin jolasteko eskatuz…) eta buruan beste asmo bat izaten dugunez gogaitu egiten gaituzte. Bada, gehienetan haurrari minutu pare bat eskaintzea nahikoa izaten da gero berak gu bakean utzi eta esku artean genuen jardunari arazorik gabe heltzeko. Denbora eskaintzea, baina, ez da zerbait erostea edo telebista piztea. Denbora eskaintzea zera da: bere ondoan jartzea, esaten duena entzutea, bere jolasari begiratzea eta zer ondo egiten ari den esatea edota momentu batean berarekin jolastea. Guk berari denbora ematen badiogu, gero guk ere eska diezaiokegu berari, bere laguntza behar dugunean, eta ulertu egingo du.

    Honenbestez, hemen utziko dut momentuz nire bizipenak zuekin konpartitzeko dudan aukera hau, eta ea zuentzat ere aukera ona den zuenak konpartitzeko.

 Irene Txurruka 2011/04/01

http://guraso.com/kolaborazioak/autoritatea-versus-autoritarismoa

About TTiKLiK!

One comment

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*


+ 8 = seventeen

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>