Home / Hezkuntza / Aisialdia / Aisialdia eta hezkuntza

Aisialdia eta hezkuntza

 

Aisia denborapasa hutsa baino askoz ere gehiago delako,beharrezkoa da aisiari berebiziko garrantzia ematea eta guk helarazi nahi ditugun hizkuntza eta baloreak sustatzen dituen aisialdi hezitzaile baten aldeko hautua egitea.

Ikaskuntza bizitza guztian zehar luzatzen den prozesu amaigabea da eta prozesu hau bizitzako esparru guztietara zabaltzen da. Ikastetxeetan liburu artean igarotzen ditugun orduez gain,  etengabe ikasten dihardugu gizakiok bizitzako eremu ezberdinetan. Honenbestez, gure burua eraikitzen dihardugu bai era kontzientean naiz inkontzientean bizipen ezberdinen bidez geureganatutako gaitasun, balore eta ezagutza desberdinekin.

Etengabeko ikaskuntza prozesu honetan, aisiak ere berebiziko garrantzia du, era inkontziente baina esanguratsuan gozamen eta atseginez ikasten dugun esparru ukaezina baita. Azken urteetan gizartean eman diren ohitura aldaketa ugariren ondorioz, gero eta onartuagoa da aisialdiak gizakion etengabeko heziketan burutzen duen funtzioa, baina, oraindik ere asko dago egiteko. Izan ere,  izandako aldaketek zuzenean eragin dute funtzio hezitzailea betetzen zuten eta duten eragile desberdinengan. Familia, eskola eta eliza duela ez horrenbeste gizartean funtzio hezitzailea betetzen zuten eragilerik esanguratsuenak baziren ere, gaur egun, elizaren funtzio hezitzaileak gainbehera nabarmena jasan du eta familia eta eskolaren funtzio hezitzaileak ere garai batean zuten prestigio eta eztabaidaezintasuna galdu dute.

Haur eta gazteek eta maiz gizarteak bere osotasunean, eskola eta gurasoen funtzio hezitzailea kolokan jartzen ditu. Antzina argiegi bazegoen ere, gaur egun erabat nahasia dago ongi eta gaizki dagoenaren arteko muga eta nahasmendu, aldaketa, kaos eta zalantzaz beteriko  egoera honek etorkizuneko helduak izango diren gaurko haur eta gazteen heziketan eragin zuzena du.

Gizartean leihakortasuna, berekoikeria eta kontsumismoa nagusi diren momento hauetan, ez dakigu egungo aldaketek eta norabideak norantz garamatzaten, baina, garbi dago, esparru desberdinen arteko errekonozimendu eta elkarlana beharrezkoak direla haur eta gazteak guztion artean egungoa baino gizatiarragoak diren baloreetan hezi nahi baditugu.

Ezin ukatu asko direla gaur egungo haur eta gazteek eskolan igarotzen dituzten orduak, baina, are gehiago dira oraindik bertatik kanpo pasatzen dituztenak. Inguratzen gaituzten arriskuak ugariak direlako edo arriskuak gero eta gehiago direla iruditzen zaigulako, haur eta gazteak une oro zaintzapean izan nahi ditugu eta eskolaz kanpoko jarduera ugaritan murgiltzen ditugu beraien kasara aritzeko dituzten tarteak gero eta gutxiago direlarik.

Haurrentzat guretzat arnasa hartzea besteko garrantzitsua da jolastea eta baita gazteentzat beraien gustuko ekintzak egiteko espazioetaz gozatzea ere. Aisiaren bidez barne borrokak bideratu eta tentsioak askatzen ditugu eta ondorioz, pertsona gisa hezteko ezinbesteko esparrua dugu.

Horregatik, aisia denborapasa hutsa baino askoz ere gehiago delako,beharrezkoa da aisiari berebiziko garrantzia ematea eta guk helarazi nahi ditugun hizkuntza eta baloreak sustatzen dituen aisialdi hezitzaile baten aldeko hautua egitea.

Maite San Vicente 2008/12/19

guraso.com

About TTiKLiK!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*


9 + = fifteen

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>