Adimen EmozionalaHezkuntza

“Garunaren garapenari dagokionez, Haur Hezkuntza askoz inportanteagoa da Unibertsitatea baino”

Haurrak oinarrizko tresna horiek garatzen ez baditu, herrenka hasiko ditu ikasketak, eta horiek izaten dira eskola-porrotera bideratuak dauden ikasleak. Alabaina, garunak zer tresna behar dituen badakigunez, haurrak izan ditzakeen arazoak aurreikus daitezke, eta behin antzeman ondoren, konponbidea izan ohi dute.

Arazoak atzerapen mentaletik ez eta mukietan izan dezakete iturburua, edota otitisean; edota bentosa bidezko erditze batean; edota aspektu emozionalean…

Maria J. Lopez neurobiologoak, prezeski, eskola-porrota saihesten laguntzen die haurrei, Madrilgo Neocortex Antolaketa Neurologikoaren zentroan. Horrez gain, garuneko arazo larriagoak dituzten haurrekin ere egiten du lan, autistekin, hizkuntza arazoak dituztenekin, Down sindromea dutenekin… Neurobiologoa Ibarrara etorri zen, Uzturpe ikastolak antolaturik hitzaldi bat eskaintzera.

Pertsonak ikasi ahal izateko garuna ondo antolaturik eduki behar duela diozu. Zer da zehazki antolaketa neurologikoa?

Gutako bakoitzak zirkuitu zerebral multzo bat daukagu, eta zirkuitu zerebral horien batuketak norberaren antolaketa neurologikoa osatzen dute. Hau da, gutako bakoitzak prozesatzeko modu bat dauka. Garuneko errepide handiak guztion garunetan berdinak dira: nerbio optikoa iguala daukagu zuk eta nik; baina, zure kortex bisualaren antolaketaren ondorioz, zuk era batera prozesatzen duzu, eta nik nire kortex bisualaren antolaketaren arabera prozesatzen dut. Agian zu ez zara oso pertsona bisuala, eta ni berriz bai; zu agian auditiboagoa zara. Guztiok ondokoarekiko diferentea den garuna daukagu, ez daude munduan bi pertsona berdin-berdinak direnak, nahiz eta bikiak izan, ez baitaude bi garun era berdin-berdinean antolatuak. Orduan, zer da antolaketa neurologikoa? Gure garuna antolatzeko prozesua da, eta antolaketa horri esker informazioa prozesatzeko gaitasuna duten gizakiak gara; prozesatu eta modu bakan eta errepikaezinean funtzionatzen du gure garunak.

Garuna da ikasten duena; beraz, zer gertatu behar da haur baten garunean ikasketetarako prest egon dadin?

Neurogarapenak prestatzen ditu haurrak ikasketarako. Horregatik aurreikus ditzakegu ikasketan zer arazo eduki ditzakeen haurrak, bai baitakigu zer gertatu behar den haur horren garunean ikasketarako prest egon dadin. Haurrari ikasketa erraza eta atsegina gerta dakion garunak hainbat tresna eduki behar ditu: batetik, tresna bisualak. Eskolako ikasketa gehienak bide bisualetik sartzen dira, eta horiek prozesatu ahal izateko, tresna bisualak eduki behar ditugu. Baita tresna auditiboak ere, lengoaia informazioa transmititzeko mekanismo oso garrantzi­tsua baita. Postura kontrolatzen ere jakin behar du haurrak, eta horretarako tresna motoreak eduki behar ditu. Lateralitateak ­ere garrantzia handia du, izan ere giza garunaren zati bat arazoak konpontzen espezializatua dago, lengoaiaren esparruari dagokion atala, hain zuzen ere, eta atal hori ondo antolatua eduki behar du haurrak ikasteko. Horrez gain, ingurune emozional egokia beharko du haurrak, emozionalki mehatxatua sentitzen baldin bada ­umea, bere garunak ezingo ditu gainontzeko tresna guztiak erabili.

Hasteko, beraz, ingurune emozionalak garrantzi handia du haurraren garuna egoki gara dadin.

Ikasketa bizirauteko tresna da haurrarentzat. Baina haur askok ez daukate interesik ikasketetan, beren gurasoak bananduko ote diren ala ez jakin nahi baitute, adibidez. Nola kontzentratuko da, bada, haur hori matematiketan? Bere garuna banaketa hori gainditzeaz arduratua dago. Emozioak garunean daude, eta ez askok uste duten bezala bihotzean. Emozioen garapena, beraz, garunaren garapena da. Garunaren garapenean arazoak dituzten haurrak emozioen garapenean arazoak dauzkaten haurrak izan ohi dira. Garapen emozional egokia izan dezazun kalitatezko estimulu emozionalak izan behar dituzu, eta gainera, kopuru handitan. Ikusmenaren bidea estimulu bisualekin garatzen den bezalaxe, garun emozionala estimulu emozionalekin garatzen da.

Garapenaren piramidearen oinarri-oinarrian daude behar emozionalak, hau da, ingurune emozional on bat beharrezkoa da garunak ikasiko badu. Ondoren, ingurune fisiologiko on bat behar dugu (elikatu, lo egin, ordutegiak errespetatu, dieta sano eta orekatu bat behar dugu…), eta ondoren, zentzumenen garapena legoke, ikusmenari, entzumenari eta garapen motoreari dagokion maila horretaz arduratzen gara gu. Garapen intelektual egoki bat gerta dadin, maila hori oso ondo antolatua egon behar da haurraren garunean. Eta azkenik, maila horren gainean doa garapen sozialari dagokiona.

Neurogarapenik handiena haurtzaroan gertatzen da, ezta?

Haur baten garunaren %50a genetikoki zedarritua dago, eta beste %50a ingurunearen arabera garatuko da. Hau da, dena ez dago genetikoki idatzia, eta ez dago dena idazteke ere. Genetikarekin ezin dugu ezer egin, gaur-gaurkoz ez baitaukagu inteligentziaren generik jartzerik gure seme-alabei; baina, inguruneari dagokion %50 horretan eragin dezakegu. Gure seme-alaben haziera asko aldatu da azken 30-40 urteetan. Ingurune ona daukagula uste dugu, baina nik zalantza ugari ditut horri buruz. Zer da ingurune on bat? Esate baterako, nola eragiten dio txertaketak oraindik hain ahul den gorputz bati? Gaur egungo bakunazio-sistema duela 40 urte zena baino askoz gogorragoa da, eta hori garunari eragiten dion ingurunea da. Elikadura ere ingurunea da. Edota garai batean amak egun osoan etxean egoten ziren, eta orain ez; garai batean 4 urterekin joaten ginen eskolara, eta orain, 4 hilabeterekin. Haurraren hazieraren ingurunearekin zer gerta­tzen den aztertu behar dugu, hori guk kudeatu baitezakegu, genetika ez bezala. Eta hori oso albiste ona da, gauzak oso ondo egin baititzakegu haurraren garuna estimulatzeko; edo oso gaizki.

Haurra garuna muntatua duela jaiotzen da, ernaldian muntatzen baita bere garuna. Zelulei dagokienez, garapen zerebrala haurdunaldiko 9 hilabeteetan gertatzen da. Haurra jaiotzean bere garunak gerora izango denaren %23 pisatzen du, hau da, gure garuneko neuronen %100ek gure garunaren %23 pisatzen dute. 0 eta 6-8 urte bitartean haurraren garunak gerora izango denaren %80 pisatzen du, garunaren garapenik handiena argi eta garbi 0 eta 6 urte bitartean gertatzen da. Horregatik, ni Haur Hezkuntzaren defendatzaile sutsua naiz, hor gauzak ondo antolatu eta bideratzen badira, pertsona horrek bizian aurrera egin ahal izango baitu.

0-tik 6 urtera bitartean, beraz, garapen itzela dauka garunak.

0 eta 6 urte bitarteko etapa da garairik emankorrena, garunaren garapenari dagokionez. Garunak plastizitate handiena 0 eta 6 urte bitartean dauka, gero haurtzaroan egonkortu egiten da, eta helduzaroan izango duen garuna garatzeko azken bultzada nerabezaroan iritsiko da, hormona sexualak garunean sartzen direnean gertatzen baita garunaren azken berrantolaketa. Nerabezaroan izango dugu garun heldua, geure bizitza osoan edukiko dugun garun heldu hori. Garuraren pisu hazkunde hori osatzeko prozesuengatik gerta­tzen da, plastizitate neuronala gerta dadin beharrezko oinarriak dira sinapsia eta mielinizazioa, eta inguruneko estimuluen mende daude.

Garuna beraz, estimulatzen dugunaren arabera garatuko da?

Garuna %23tik %100ra ingurunearen arabera haziko da, hori ez baitator genetikoki idatzia. Ikerketa ugari egin dira Afrikan jaten ez duten haurrekin; ­edo estimulurik jasotzen ez duten umezurztegietan edota jasotzen dituztenetan… Estimulu horien guztien eta elikaduraren eta nutrizioaren araberakoa ­izango da gure garuneko neuronen artean sortuko diren edo ez diren errepideak.

Neuronak ernaldian osatzen dira, eta jaiotzeko garaian ditugun neuronak izango dira bizitza guztian izango ditugunak, ez baitira gehiago sortzen. Neuronak dira gure bizitza osoan lagun ­ditugun zelula bakarrak, birsortzen ez direnak. Neuronen arteko errepide ­edo kable sarea, ordea, hori bai sortzen joango da jaiotzen garenetik aurrera. Gure garunean gero eta errepide gehiago eduki, orduan eta hobeto zirkula­tzen du informazioak; gero eta errepide gutxiago eduki, informazioa okerrago zabaltzen da gure garunean. Eta errepide horiek egin egin behar dira, ez baitauzkagu jaiotzen garen unean.

Estimuluen arabera neuronen arteko errepideak sortuko ditugu, baina errepideak haurtzaroan irekitzeak betiko hor izango ditugula esan nahi du?

Errepide horiek mielinizatu egin behar dira, mielinizaturik dauden errepideetan soilik pasatzen baita informazioa azkar eta ondo. Mielinizatzeko trafikoa egon behar da, ez badago trafikorik ez da mielinizatuko, hau da, ez bada behar ez dira erabiliko. Fetu garaian, adibidez, kopeta hezurreko globuluak ez dira mielinizatzen, ez baitira erabiltzen. Garai horretan atal motoreak mielinizatzen dira, haurtxoak hanka bat luzatzen duenean, edo besoa tenkatzen duenean, edo jira-buelta ematen duenean. Bizitzako lehen urtean zen­tzumenen sustraiak mielinizatzen dira, haurtxoa ikusmen, entzumen eta ukimenaren aldetik konektatzen baita, eta oreka behar duenez atal horiek mielinizatuko ditu garunak. Haurtzaroan arretari loturiko atala mielinizatuko da, eta, azkenik, atal kortikala edo azalari dagokiona, eta 13-14 urterekin hasiko da pertsona burubidea edukitzen.

Garuneko errepide horiek ondo antolatuta baldin badaude, ikusmenak, entzumenak, ukimenak, usaimenak eta dastamenak informazioa bidaliko diote garunari, baina zer behar du garunak informazio hori prozesatu eta kanporatzeko?

Garunak bederatzi sarrera gune ditu, eta bat ateratzeko: proportzioa izeberg baten tamainakoa da. Informazio asko sartu behar da irteera eman ahal izateko. Eskola-sistemak informazioaren sarrera-irteera 1-1ekoa dela uste du. Hau da, informazio bat sartzen da, ondorioz, informazio bat atera beharko litzateke. Batuketak egiten irakasten dizut, eta batuketen azterketa egiten dizut. Baina garunak ez du horrela funtzionatzen. Hau oso argi ikusten da bigarren edo hirugarren hizkuntza ikasten ari diren pertsona helduen kasuan: hamar urte daramatzagu ingelesa ikasten, Londresera joan gara, maleta galdu zaigu eta ez gara “hello” beste ezer esateko gauza; hori da dakigun ingeles guztia? Ez, baina ez gara gauza dakigun horri guztiari irteera emateko. Hori gertatzen zaio haurrari ere.

Garunean informazioa sartzeko bide batzuk daude, eta bide horiek, esan bezala, estimuluak behar dituzte. Bide horiek ikusmena, entzumena, ukimena, gustua eta usaimena dira. Garunak informazio hori prozesatu egingo du, beti ere bere garapenaren araberako prozesaketa egingo du, eta ondoren, informazio hori gorde egingo du. Gero, kaleratzeko bideetatik egotzi egingo du informazio hori. Kaleratzeko bidea mugikortasuna, lengoaia eta eskuaren funtzioa dira. Haur batek kaleratzeko bide horietan arazoak baldin baditu, oso erraza zaio helduari haurraren arazo horiek antzematea.

Zeintzuk dira informazioa kaleratzeko bideetan haurrek izaten dituzten arazo nabarmen horiek?

Informazioa kanporatzeko bideetan arazoak dituzten haurrak izan ohi dira ibiltzen ez diren haurrak (edo bere adinaren mailari dagokion neurrian ibiltzen ez direnak), hitz egiten ez dutenak (edo bere adinaren mailari dagokion neurrian hitz egiten ez dutenak), idazten ez dutenak (edo bere adinaren mailari dagokion neurrian idazten ez dutenak). Haurtzaroarekin harremanak dituen edozein helduk oso erraz antzematen ditu arazo horiek. Zailtasunak informazioa sartzeko bideetan arazoak dauden kasuetan gertatzen dira, haurra ez baldin badago guztiz itsu edo gor, heldu gutxi ohartzen dira haur horrek ikusmen edo entzumen arazoak dituela, edo arazo propiozeptiboak dituela.

Adibide bat jar zenezake?

Haur asko logopedarenean aritzen dira lengoaia-terapia egiten, eta berez ez daukate lengoaia arazorik, daukatena txikitan otitisa izan zutela da! Eta otitisa ez da lengoaia arazoa, baizik eta entzumen arazoa da. Kontua da ez bada sartzen, ezin dela atera. Informazioa ez bada sartzen, ezin dela atera. Irteera ari gara lantzen, lengoaia ari baikara lantzen, baina arazoa sarreran dago. Informazioaren joan-etorriko zirkuitu horretan arazoa non dagoen jakin behar dugu eremu horretan lan egin ahal izateko. Garunari informazioa sartu behar zaio gero atera ahal izateko. Askotan irteerak lantzen aritzen gara, benetan arazoa sarrerako bideetan dagoela pentsatu gabe.

Hezkuntza-sistemak, ordea, ez du garunera sartzen den informazioa neurtzen, ateratzen dena baizik.

Hezkuntza-sistemak uste du inteligentzia garunetik ateratzen den hori dela. Orduan, Stephen Hawking ez da inteligentea? Hawkingek ezin dio irteerarik eman berak daukan jakintza horri guztiari, baina garuna ondoen egituratua daukan pertsonatako bat da. Ez dauka irteerarik, baina bere garunari sartzen zaio informazioa eta prozesatu egiten du. Irakasleok kontuan izan beharko zenuteke haur batek informazioari irteera emateko arazoak dituenean irteerako bideetan, ala sarrerakoetan edo prozesaketan dituen arazoak.

Garunak bere tresnak ondo antolatuak ez baldin baditu, zertan eragingo dio haur horri ikasketa prozesuan?

Bere eskura tresnak dituen haurrak izango du arrakasta eskolan. Oro har, tresna gehien dituzten gizakiei joaten zaizkie gauzak ondoen. Bere eskura tresna gutxi dituen haurrari zail egingo zaio eskolan ondo joatea. Eta tresnak eskuratze hori 0 eta 6 urte bitartean egingo da, etapa horretan ez bada haurraren garuna ondo antolatzen, zaila izango da martxa jarraitzea. Sarri Unibertsitate mailako heziketari inportan­tzia handia ematen diogu, baina garunaren garapenari dagokionez, Haur Hezkuntza askoz inportanteagoa da ­Unibertsitatea baino. Haurtzaroan garapen zerebral egokia eduki duen per­tsona Unibertsitatera iritsiko da gero, baina garapen ona eduki ez duenari zail egingo zaio.

Haur asko garunaren garapenaren azken etapara prozesaketa bisualerako behar diren tresnak ondo egituratu gabe iristen dira; edo prozesaketa auditiborako behar diren tresnak edo prozesaketa motorerako behar diren tresnak ondo egituratu gabe. Lehen Hezkuntzan irakurtzeko arazoak izan dituen haur horrek, bigarren maila herrenka eraman duenak; hirugarrengoan idazketa-irakurketako ulermen arazoak izan dituenak… Batxilergora iristean amore ematen du, bere adinekoen mailan jartzea oso zail egiten baitzaio Haur Hezkuntzatik arrastaka dakarren mo­txila astun horren erruz! Eskola-porrota ez da 14-15 urterekin hasten normalean, eskola-porrota herrenka hasten den haurrek jasaten dute, berez aurreikus zitezkeen arazoak dituzten haurrek.

Zein dira haur batek ikasi ahal izateko bere garunean ondo antolatuak izan behar dituen tresna bisualak?

Lehenik eta behin, kontuan izan behar dugu ikustea eta ikusmena ez direla gauza bera. Gauza bat da begia sano egotea, eta beste bat garunak ondo prozesatzea begiek bidaltzen dioten informazio hori. Begiek ez dute irakurtzen. Arranoek, panterek, lehoiek, otsoek edota ugaztun guztiek guk baino hobeto ikusten dute, baina arranoek irakur dezakete? Ez. Nik irakur dezaket kortex bisuala dudalako, eta kortex bisuala ondo antolatua ez baldin badaukazu, ezin duzu irakurri. Oftalmologoak dio haurrak begiak sano dituela, baina hala eta guztiz ere haurrak ez du irakurtzen. Orduan guk esaten dugu haur hori alferra dela. Ez dugulako ­ulertzen garuna dela irakurtzen duena, eta ez begia. Noski, begia sano egotea oso albiste ona da, kataratak edukiko balitu ezingo bailuke irakurri.

Baina horrez gain, garunak hainbat tresna garatu behar ditu irakurri dezan, hautemate tresnak, adibidez: formak identifikatu behar ditu, zer den lauki bat, zer marra bat, zer lauki zuzen bat… ez baditu marrak identifikatzen ezingo dulertu T gurutzatzen diren bi marra direla; memoria bisuala eduki behar du, edota informazioa diskriminatzekoa; adibidez, arbelekoa kopiatu behar duen haurrak jakin behar du bere begiek ikusten duten informaziotik zer den garrantzitsua eta zer ez: arbel ondoko landarea ez, zenbakiak bai, posterrak ez… Diskriminazio bisualarekin arazoak zituen haur bat ebaluatzen ari nintzen lehengo batean: orri batean zegoena beste batean kopiatu behar zuen minutu batean; irakurri zuen batekoa, hasi zen bestean kopiatzen, eta berriro irakurtzeko burua altxatu zuenean arkatzaren puntarekin topo egin zuen eta 45 segundo igaro zituen arkatzaren punta aztertzen, bere esparru bisualean sartu baitzen. Ume horrek ez zeukan diskriminazio bisualerako gaitasunik.

Irakurtzeko arazoak dituen haur bati, gehiago irakurtzeko esaten diogu, eta gainera, ahots goran egiteko esaten diogu. Hori da konponbidea?

Ez, hori ez da erremedioa. Batek ibiltzeko arazoak baldin baditu, soluzioa ez da gehiago ibiltzea, belaunean min hartzen badu ezin du gehiago ibili. Haur batek irakurtzeko arazoak baldin baditu, zergatik den jakin behar dugu. Gehiago irakurraraztea zailtasun eta frustrazio gehiago eragitea da. Haur bati ahots goran irakurraraztea, nire iritziz, inmorala da. Guztiz inmorala. Haurra irakurtzen ikasten ari denean bi gauza aldi berean egin ditzan agintzen diogu, ahots goran irakurtzea ez baita ­irakurtzea, hori hitz egitea da, lengoaia da. Inork ez du ahots goran irakurtzen, haurrak bakarrik behartzen ditugu hori egitera, justu ikasten ari den garaian. Zer pentsatua eman behar liguke ­horrek.

Gero eta lehenago irakurtzen hastea ez da hobe?

Ez. Ni ez nago ados idazketa-irakurketa aurreratzearekin. Egin beharrekoa da ondo ziurtatu prozesu horretan hasi behar duen umeak garuna prestatua daukala irakurri eta idatzi ahal izateko. Ez dute hobeto irakurtzen lehenago hasten diren haurrek. Ondo irakur­tzen duena irakurketarako antolaketa neurologiko egokia duen haurra izango da, eta horrek bere denbora behar du.

Normalean 6 urterekin haurrak ondo antolatua du garuna irakurketarako; batzuek 5 urterekin ere ondo antolatua dute, eta beste batzuek 7 urterekin. Zenbait hezkuntza eredutan 7 urtera arte itxaroten da hasteko, gelako haur guztiei itxaroten zaie irakurtzen hasteko. 6 urterekin hasten direnen kasuan, garbi izan behar dute normalean gelaren heren bat ez dela prest egongo irakurketarako. Eta 5 urterekin hasten direnen kasuan, gelaren heren batek soilik edukiko du garuna horretarako antolatua. Ondorioz, eskola-porrotaren arriskua asko handitzen du azken eredu horrek, haurrak 5 urterekin ezin iritsirik hasiko baitu ikasketa prozesua. Tresnak prestatzen utzi ez diogun haurrari ezin diogu ezer eskatu.

Inguruneak, estimuluek eta aukerek garuna garatzen laguntzen dutela diozu. Zein litzateke ingurune desegoki batek sortu eta eskolan eragin dezakeen ikusmen arazo bat?

Gero eta haur gehiago daude ikusmen konbergentziako arazoak dituztenak, ez baitute esperientzia motore hori bizi izan bere garaian. Zazpi bat hilabeterekin hasten da haurra okulomotrizitatea lantzen, lau hankatan ibiltzen hasten denean. Une berean bi begiak leku berera jartzen ikasten du haurrak lau hankatan ibiltzean. Baina, gaur egun haurrak ibiltzen al dira lau hankatan? Bada ez dakigu, zer haurtzaindegietan zer aukera daukate lau hankatan ibiltzekoa amakatxoan etzanda baldin badaude? Eta etxean, parketxotik ez baditugu ateratzen? Okulomotrizitatea oso garrantzitsua da ikusmenaren garapenean, hau da gure ezker begiak eta eskuinak ikusten dituzten bi irudiak batean fusionatzeko gaitasuna. Haurraren garunak bi irudiok koordinatzen ez baditu, ezin du irakurri, ez idatzi, ez baita gauza bi begiak puntu berean enfokatzeko eta aldi berean mugitzeko, horregatik begi batek irakaslea ikusten du eta besteak radiadorea, eta bere buruak eskaintzen dion irudian irakaslea radiadorea buruan duela ageri da, edo ama sabelean leihoa duela… eta hori zoramena da! Horregatik begi bat alfertu egiten du garunak. Ume horiek izan ohi dira letra tamaina jaitsi ezin dutenak, edo marraztu nahi ez dutenak zirkuluetatik ateratzen direlako, edo letra txikia irakurri ezin dutenak…

7 hilabeterekin lau hankatan ibili ez den haurrak irakurtzeko arazoak baldin baditu, hobe da 6 urterekin lau hankatan ibiltzen jartzea?

Garuna entrenatu liteke. 7 hilabeterekin egin ez badu ez du esan nahi dena galdutzat jo behar dugunik, hobe dugu 5 edo 6 urterekin lau hankatan ibili, ezer egin gabe uztea baino.

Entzumenari dagokionez, zein izaten dira antolaketa neurologikoari loturiko arazo nagusiak?

Hasteko, entzutea eta entzumena edukitzea ez direla gauza bera ulertu behar dugu. Belarria sano egon daiteke, baina horrek ez du esan nahi garunak prozesa dezakeenik belarritik sartu beharko lukeen informazioa. Entzumen kalitateak zerikusi handia du eskola-porrotean, hala diote ikerketek. Duela gutxi egindako ikerketa batek erakusten zuen zentro batean entzumen arazoak zituzten haurren %91k suspenditu egiten zutela irakasgairen bat. Okerren entzuten dutenak dira gehien suspenditzen dutenak.

Belarria sano baldin badu, nola antzeman haur horrek entzumen arazoak dituela?

Eskolan erraz deskonektatzen diren haurrak izan ohi dira; hipo edo hipersensibleak soinuarekiko; esana behin eta berriro errepikatu behar izaten zaie; gauzak gaizki ulertzen dituzte ahoz esaten zaizkienean; ez dute gogoratzen esan zaiena… eta ondorioz lengoaia arazoak, idazketa arazoak eta irakurketa arazoak dituzte, eta azkenean eskola-porrotetik gertu ibil litezke. Eta entzumen arazo horiek askotan muki ­eta otitis arazoetatik datoz! Ez dakizu ondo mukiek zer eragin duten entzumen bideen garapenean! 18 hilabeteko haur bat mundua entzuten ikasten ari da, eta otitisak eta mukiek belarriak estaltzen badizkiote ez du espero bezala ikasten. Otitis arazo bat zena porrotaren eragile bihur liteke neurriak hartzen ez badira.

Eta tresna motoreek edo mugikortasunak nola eragiten diote haurrari ikasketa prozesuan?

Garapen fisikoa oso garrantzitsua da haurrengan, lehenik eta behin, aurrena garatzen dena delako. Haurrak tonu muskularra behar du, oreka, eta garapen fisikoak autonomia, antolaketa neurologikoa eta posturaren kontrola ematen dizkio. Mugikortasuna guztiz beharrezkoa da ikasteko, mugitzen dakien haurrak arazoak konpontzen jakingo du.

Guk garapen motorea ikuspuntu ebolutibotik lantzen dugu. Haurrak arrastaka ibili behar du lurrean; gero lau hankatan ibili behar du; ondoren oinez, eta gero korrika. McClynnek dio giza garunak eboluzioaren historia daramala idatzia, hau da, giza garuna hiru garun direla: narrasti garuna; ugaztun garuna eta giza garuna. Narrasti garuna arrastaka ibiltzen da; ugaztun garuna, lau hankatan; eta giza garuna, oinez. Hiru garun ditugunez, hirurak ondo antolatuak eduki behar ditugu. Narrasti garuna oinarrizko biziraupenarekin lotua dago, bihotzaren taupadaren gisako oinarrizko funtzioez arduratzen da. Ugaztun garuna zentzumenen prozesatzailea da, ikusmena, entzumena, arreta, koordinazio motorea, oreka eta emozioez arduratzen da. Eta giza garuna da irakurtzen duena, ulertzen duena, aditzen duena, hitz egiten duena, idazten duena… Baina gaineko garun horrek funtziona dezan, azpiko garunen oinarriek ondo jarriak egon behar dute. Horregatik haurrek lau hankatan ibili behar dute, bestela garapen fase hori osatu gabe gelditzen da.

Eskolan lantzen diren garun atal gehienak ezkerreko hemisferioan daude kokatuak, baina gauza jakina da pertsona batzuek eskuin hemisferioa garatuago dutela.

Gurutzatuak dauden bi garun erdi ditugu. Ezker eta eskuin hemisferioak. Ezker hemisferioan oso espezifikoak diren funtzioak daude, matematika, lengoaia, hizkuntza edota ulermenari loturikoak. Eskolari dagokion ia guztia ezker hemisferioari dagokio. Beste hemisferioan kokatzen dira gaitasun globalagoak, musikari, arteari, espazioari… loturikoak. Eskolak ez ditu errespetatzen hemisferio baten edo bestearen arabera desberdin prozesatzen duten haurrak daudela, eta gero eta garrantzi gutxiago ematen zaie, gainera, plastika edota musika bezalako alorrei, informatika edota hizkuntzen mesedetan; eta informatika eta hizkuntza ezker hemisferioko alorrak dira. Irakasleak kontuan izan behar du ezker eta eskuin hemisferioaren arabera prozesatzen duten haurrak dituela gelan, eta bere ardura dela guztiek arrakasta izan dezaten.

Maria J. Lopez. (Neurobiologoa)  2012-04-20

www.hikhasi.com

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button