eu | es
Home / Oparipuinak / Ametsak hegal

Ametsak hegal


Maite Frankok Oier eta Oianarentzat idatzitako ipuina

 

Baso eder eta ilun batean bazen pago txiki bat berezitasun bitxia zuena: beste zuhaitzek lo egiten zuten bitartean, berak amets egiten zuen.

Zulo hartan sartuta munduari buruz zituen berriak txoriek emandakoak baino ez ziren. Baina txoriak, jakina, ez dira adar berean luzaroan egoten. Horregatik, bukatu gabeko informazioa besterik ez zuen jasotzen gure zuhaitz txikiak.

-       Ba al dakizu zer aurkitu dudan goiko hariztian, errekaren iturburuan? – behinola txepetx batek beste bati.

-       Ideiarik ez!

-       Bada, janari arraro bezain goxoa …

Eta hura ikustera hegaldatzen ziren biak. Beste behin:

-       Lehengo egunean, bailararen beste muturreraino joan nintzen hegan – txantxangorri batek beste bati.- Eta ezetz asmatu zen ikusi nuen hango errotan?

-       Aizue, zer da errota? Zuhaitza? Mendia? Harria? – pagoak.

-       Pago kuxkuxero halakoa! Ez al dizute irakatsi ez direla besteen elkarrizketak entzun behar?

Eta horrela, sarritan, azalpenik eman gabe alde egiten zuten txoriek. Haiei esker, berriz, pagoak intuitu zuen basoa oso zabala zela, zabala bezain ezezaguna, eta, harrigarriena, basoa bukatzen zen lekuan ez zela, txikitan irakatsia zioten bezala, mundua amaitzen. Gorago harizti bat bazela, erreka bertan jaiotzen zelarik. Basoa bailara baten barruan zegoela. Errota izeneko horrek ziur asko leku baten izena izan behar zuela. Eta abar. Eta pagoak, leku horiek guztiak ezagutzearekin amets egiten zuen.

-       Txorakeriak, txikito. Baina zer esaten ari zara? – galdetzen zioten beste pagoek – Basoaren bestaldean zerbait gehiago badela? Txorakeriak,  txorien tontakeriak, txoriek asmatutako istorioak zu bezalako pago txikiek sinetsi eta inbidia emateko.

 

Behinola, gure pagoaren adarretan hontza azaldu zen. Lehenengo aldia zen hegazti hura etortzen zitzaiona. Entzuna zuen basoko animalien artean jakintsuena zela, eta haren bitartez jakin ahal izan zuen txorien kontuak egia hutsa zirela.

-       Bai, pago txiki. Kontatu dizuten guztia egia da; harizti eta errekarena; errota eta bailaren handitasunarena … Dena da egia.

-       Hontza, zer egin nezake horiek guztiak ikusi ahal izateko?

-       Hegalik bazenu, nik bezala …

-       Ideia ona! Nola lortu nezake hegal pare bat?

-       Utzidazu pentsatzen. Zu oso arina zara. Agian hegalen beharrik ez duzu. Haizea gogor dabilen egun horietako batean, eramaten utzi, ea zer gertatzen den.

 

 

Iritsi ziren egun haizetsuak. Pago txikiak hainbat saiakera egin ondoren, lortu zuen sustrai ñimiñoak atera eta … hegal egitea! Eta hontzak azaldutako guztia ikusi ahal izan zuen: goiko hariztia, errekaren iturburua, errota, bailara osoa … Denean ibili zen, firin-faran; haizeak nora,  pago txikia hara. Inoiz ez zuen leku finkoan gelditu nahi izaten, “eta honen ondoren, zer ote dago?” bere buruari galdezka. Denboraldi batez turismoa egiten aritu zen gure zuhaitz hegalari txikia, zuhaitz hegalari gaztea bihurtu arte.

Ezin sustrai sendoak inon bota, harik eta arotza bizi zen etxeko lorategian bukatu zuen arte. Leku horrek ez zuen inongo berezitasunik; are gehiago, bere jaioterria ekartzen zion gogora. Atsedenlekua izan behar zuena, beste zerbait bihurtuko zen, ordea (dena ez dugu hemen aurreratuko!).

Arotzak trebetasun berezia zuen eskuetan. Esku miresgarriak zituela zirudien. Edozein egurtxo arte lan bihur zezakeen. Eraikuntzaz ere bazekien (etxe osoa berak egindakoa zen). Arotzak tailer gisa erabiltzen zuen gelako leihotik barrura begira-begira, begira-begira, luze jardun zuen pago txikiak. Ondoan zituen beste zuhaitzek, ordea, zera esan zioten:

-       Aizu, alde egin ezazu beranduegi izan baino lehen! Ez al dakizu zer gertatuko zaizun hemen gelditzen bazara? Arotzak egur berria beharko du bere hurrengo lanerako, eta zu moztu egingo zaitu!

Bertako zuhaitzei kasurik ez pago gazteak. Azkenerako, beranduegi zen: pagoa txora-txora eginda zegoen arotzarekin. Egun gutxitan, sustrai sendoak zituen botata. Baita pagatxak, pagoaren fruituak, emanda ere.

Izan ere, eguna joan eguna etorri, beti bazuen zerekin gozatu gure zuhaitz gazteak: arotzak egindako aulki dotoreak, mahai sendoak, eskulturatxoak … Maitasun handiarekin lantzen zuen egurra. Bazirudien zura laztandu baino ez zuela egiten, hau da, gainontzeko lan guztia, edertasuna sortzearena alegia, egurrak berak egiten zuela; estalitako gorputz eder bati arropa kentzea bezain erraza zirudien arotzaren lanak.

Pago gazteak esku maitagarri horiek azala laztantzen ziotela egiten zuen amets. Eta orduan, bere salbia guztiak bor-bor, irakin egiten zion, berotasun hura hasi sustraietatik eta adarretako muturretara iritsiz. Ezagutu gabeko zirrara zen hura, hitz soilez azaldu ezin litekeena.

Behinola, arotzak eskaera berezi bat jaso zuen. Arrebak espero zuen semearentzako sehaska bat eskatu zion. Arotzak ez zuen horretarako edozein egur erabili nahi. Egur sendoa baina aldi berean malgua behar zuen. Eta gaztea, bizitza estreinatzera zihoan ume hark salbia berriaren usainari esker amets fresko eta arinak izateko.

Aizkora eskuan, lorategira atera zen. Zuhaitzei begiratu eta pagoa egokiena iruditu zitzaion. Harengana hurbildu, begiratu eta berehala eskua jarri zion gainean, poliki-poliki enborra laztanduz. Pagoak hasperen egin zuen, konortea galdu behar zuela iruditu zitzaion, hainbestetan amestutakoa egia bihurtzen ari zen!

-       Moztu nazazu, moztu; moztu nazazu, moztu. Ez naiz heriotzaren beldur. Moztu nazazu, moztu. Hil nazazu behingoz, hau baino heriotza atseginagorik ez baitut inon aurkituko.

Halako batean, arotzak bi eskuz heldu zion aizkorari. Pagoak begiak itxi zituen,  aizkorakadaren bortitza laztan berri bihurtu nahian. Bizi izandako uneak ziztu bizian pasa zitzaizkion burutik. Agur esateko prest zegoen.

Gutxien espero zuena gertatu zen ordea. Arotzak aizkora lurrera bota eta zuhaitza besarkatu zuen.

Pagoaren izpiritua enborretik atera eta emakume bihurtuta agertu zen orduan.

 

 

 

Esku miresgarriak zituen arotzak, bai horixe. Berak bakarrik lor zezakeen horrelakorik. Garai hartan berak bakarrik baitzekien zuhaitz guztiek izpiritua badutela barruan, landu  hitzaren jatorria laztandu hitzaren barruan dagoela ikasia zuen bezain ongi.

Arotzak eta emakume bihurtutako pagoaren izpirituak loriazko orduak, poz handiko egunak, zorionezko urteak bizi izan zituzten elkarrekin.

Eta haiek hala bizi izan baziren,

gu ere horrelaxe bizi gaitezen!

****

Hondarribiko San Markos parke itzaltsuan, 2012ko maiatzaren 29ko ilunabarrean bukatutako ipuina. 

About TTiKLiK!

One comment

  1. MILA MILA ESKER MAITE!

    Izugarri gustatu zait ipuina!earra oparia! ziur oierrek ere gustoko izango duela. Gezurra dirudi ezezagunak izatea… gauzatxo askotan asmatu duzu. Ez zara ba sorgina izango??

    … Zure gaitasuna sorgin askorena baino ahaltsuagoa da…

    muxu bat,

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*


+ 6 = ten

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>