eu | es
Home / Oparipuinak / Oparipuina: Amets eta Trakets, erreskaterako prest!!

Oparipuina: Amets eta Trakets, erreskaterako prest!!

     

Maite Frankok Igeldoko Ametsi idatzitako ipuina

 

Anai txikiaren etorrera berriz ere ipuinaren ardatza.

Gogorra egin omen zaio Amets txikiari halako batean hiru izatetik lau izatera pasatzea. Umeak maite ditu, bai, (pediatra izan nahiko luke handitan) eta baita bere anaia ere, jakina! Baina …, baina … Ene, batzuetan zeinen garesti ordaintzen duen anai txikia edukitzea. Aita-ama okupatuago dabiltza orain, etengabe arreta eskatzen duen panpinatxoarekin (pilak non dituen jakingo balu, aspaldi kenduko zizkion, tregua pixka bat emateko). Familiako guztiei txoro aurpegia jartzen zaie ikusten dutenean, etorri berriari tontakeriak egiten hasiz eta hizketan ere oso modu xelebrean eginez ezer ulertzen ez duen jan-da-lo potoloari. Eta, gainera, edozein mugimendu edo soinu ateratzen zaionean, besteek munduko akrobaziarik handiena egin izan balu bezala hartzen dute. Zer ote du izaki txiki-trakets honek denak liluratzeko?

Bere lekua bilatzen ari den Ametsen egoera ulertzen lagungarria suerta dadin idatzitako istorioa dugu gaurkoa, haren beste bokazioa den suhiltzaile-lana abiapuntutzat hartuta. Halaber, guztiok ikus genezake gure burua islatuta bertan, helduok ere behin baino gehiagotan pairatzen baititugu rol aldaketak.

 


suhiltzaile kamioia

Bazen behin, Igeldo herrian, suhiltzaile bat Amets izenekoa. Txikitatik zetozkion bai suak itzaltzeko erraztasuna bai estualdian zegoen jendeari laguntzeko grina. Suhiltzailerik onenetakoa zen Amets: gorputz trebea zuen, burua hotza, eta bihotza, gorputzean sartzen ez zitzaiola (hain zuen handia). Eta jakina, baita kamioi gorri dotorea ere, mangera, eskailera, argi gorria, sirena eta guzti.

Herri hartako makina bat baserri, tontor eta lur-sail su-garretatik salbatuak zituen, baita hamaika lagun eta abere heriotzatik erreskatatu ere. Denek maite zuten Amets suhiltzailea. Guztiak harro sentitzen ziren hain herri txikian halako heroi puska izateaz.

Eta Amets zoriontsua zen oso, eta gauero irribarrea ezpainetan gelditzen zen lo. Alabaina, laster Ametsen bizimodu lasaia hankaz gora jarriko lukeen zerbait gertatuko zen.

Bat-batean izan zen dena. Amets lantokian zen, kamioia prestatzen, Itsaso izeneko bere nagusiak esan zionean:

-         Egun on, Amets, lan berezia enkargatu behar dizut gaurkoan.

-         Zein, Nagusi? Larria al da? Igeldok su hartu al du? – erantzun Ametsek, suhiltzaile-txanoa azkar janzten.

-         Ez, Amets, ez.

-         Kukuharrik orduan? – botak di-da batean lotuz.

-         Ezta ere. Lasai. Hara, arretaz entzun. Gaurtik aurrera suhiltzaile berri bat joango da zurekin lanera. Beno, suhiltzaile-suhiltzailea ez da, baina lanbidea ikasi nahi du. Eta zuk irakatsi egin beharko diozu.

-         Lankide berria? Zertarako, Nagusi? Nik ez dut inoren beharrik … Nagusi, Nagusi …

Nagusiak atea ireki eta alde egin zuen, Amets aho zabalik utzita. Norbaitek irekita zegoen ate hura jo zuen orduan. Suhiltzaile jantzia zeraman, baina oso handia gelditzen zitzaion. Botekin ere ezin ondo ibili, eta sartzean lurrera erori zen, kolpearen ondorioz sudurra gorrituz, baina irribarrea ezpainetan margotuz.

-         Ai, ene! – esan zuen bere artean Ametsek-. Baina nor bidali ote didate, Porrotx?

-         Iepa! Amets?

-         Bai, ‘Trakets’.

-         Gustatzen zait, bai. Nahi baduzu, horrela deitu. Bikote polita osatuko dugu: “Amets eta Trakets, erreskaterako prest!

-         Eta bertsolaria gainera … !Ametsek.- Tira, zatoz. Kamioia erakutsiko dizut. Baina ez ukitu ezer, aditu?

-         Bai, Amets! Ez kezkatu, auto-txokea gidatzen badakit eta!

Amets eta Trakets elkarrekin lan egiten hasi ziren. Trakets, poz-pozik; Amets berriz, lotsaturik Traketsen portaera bereziarekin. Hasieran, Traketsek begiratu besterik ez zuen egiten, baina laster gauzak ukitzeko tentazioa etorri zitzaion. Adibidez, kamioian zihoazenean. Horrelakoetan, Traketsek sirena piztu nahi izaten zuen, nahiz eta beharrik ez izan. Ametsek utzi ez eta, hala ere, sirenaren soinua ozen-ozen egiten hasten zen suhiltzaile-ikaslea, ondoren “Amets eta Trakets, erreskaterako prest!” oihukatuz.

Herriko jendeak hau ikusi eta barrez lehertzen zen. Traketsi ikaragarri gustatzen zitzaion jendeari barrea eragitea, horregatik ez zuen inoiz handiegia zuen jantzia aldatzen, ezta sudurraren gorritasuna kentzen ere (sendatu zitzaionean gorriz margotu baitzuen). Pailazo galanta bihurtuta zegoen.

Laster, herriko jendeak Traketsen trakeskeriak besterik ez zuen ahotan. Bazirudien Amets zeharo ahaztuta zutela, izan ere bakarrik ikusten zuten bakoitzean zera galdetzen zioten:

-         Aizu, Amets, non dabil Trakets?

Ametsi pailazoak gustatzen zitzaizkion, baina gauza bakoitzak bere lekua baduela uste zuen. Haserre zebilen horregatik gure suhiltzaile trebea, sutan batzuetan. Ezin, ordea, barruko su hori amatatu. Lehenengo aldia izan zen bere bizitza guztian sua itzaltzerik lortu ez zuena. Hala ere, Nagusia ez haserretzeagatik, Traketsi errietarik egin beharrean, zera esan zion:

-         Trakets, bada garaia ikusitakoa praktikan jartzeko. Sute txiki bat piztu da Kukuharrin gaur. Elkarrekin joango gara, baina sua zuk itzali beharko duzu.

-         Bai, Amets! Hau ilusioa! Goazen, goazen. Amets eta Trakets, erreskaterako prest!, Amets eta Trakets, erreskaterako prest!

-         Zaude, txikito. Lehendabizi kamioia prestatu beharko duzu, irakatsi nizun bezala.

-         Listo, Kalisto! Beno, gauzatxo bat ahaztu zait. Oraintxe nator.

-         Baina, nora ote doa?

-         Hementxe nago, Amets. Sorpresa bat ekarri dizut.

-         Goazen, kakanarru, suak mendi osoa hartu baino lehen.

Han abiatu ziren bi suhiltzaileak. Ametsek Traketsi sirena jartzen utzi zion. Eserlekuan pozez saltoka zihoan suhiltzaile-ikaslea. Kukuharrira iristean berriz, Traketsek kamioi barrutik aulki-mahaiak eta txuletak atera zituen:

-         Sorpresa! Txuletak ekarri ditut Kukuharriko sutan erretzeko. Baietz goxoak atera!

-         Baina burutik jota al zaude, Trakets? Atera mangera eta sua itzali lehenbailehen!

Halako batean, Amets lurrera erori, harri baten kontra jo, zauri bat egin eta konortea galduta gelditu zen, seko lo balego bezala.

-         Amets, Amets! Ai, ama, zer egin behar dut, sua itzali ala Amets sendatu?

Traketsek mangera hartu eta nahiko ondo eta azkar sua itzali zuen. Ondoren, Amets besoetan hartu, kamioian sartu, kamioia gidatu (lehengo aldiz bere bizitza osoan) eta nola edo hala ospitalera iristea lortu zuen. Medikuek arreta egin zioten gaixotutako suhiltzaileari. Bitartean, Trakets ez zen ospitaletik mugitu ere egin.

-         Sendatuko da, ezta? – galdetzen zion ondotik pasatzen zen erizain eta mediku bakoitzari-.

-         Lasai, Trakets. Segi etxera. Deituko dizugu ezer dakigun bezain pronto.

Baina Trakets etxera joan ez. Hantxe gelditu zen gau eta egun, aulkitxo gogor samar hartan lo eginez.

Medikuek ez zioten ezer garbirik esaten, baina, azkenean, Ametsek “lo” jarraitzen zuela entzun zion haietako bati. Traketsek ez zuen bi aldiz pentsatu: debekatuta zuen arren Ametsen gelan sartu zen.

-         Amets, Amets, ametsetan ari al zara? Amets on, Amets! Barkatu txisteak … Amets, esnatuko zara, ezta? Ai, ene, zer egin dezaket zu esnatzeko…?

Kili-kiliak oin, besape eta belarrietan. Ezer ez. Zaplazteko txikiak aurpegian. Erantzunik ez. Baso bat ur bota. Txintik ere ez.

-         Amets, Amets, esnatu zaitez …

Orduan, era guztietako pailazokeriak egiten hasi zen bat-batean, etengabe “Amets eta Trakets, erreskaterako prest!” errepikatuz. Eta orduan, halako batean, gure suhiltzaile trebe eta prestua esnatu egin zen.

-         Amets, Amets! Esnatu egin zara!

-         Txuleta guztiak jan al dituzu, Txikito? Sekulako gosea daukat!

Amets sendatu egin zen, ospitalean zenbait egun eman ondoren. Egun horietan guztietan ere Trakets izan zuen ondoan, tarteka era misteriotsuan desagertzen zelarik. Eta ba al dakizue nora joaten ote zen horrelakoetan? Ba, sudur gorria jarrita ospitale hartan gaixorik zeuden umetxoei pailazokeriak egitera, umorea sendabiderik onenetako bat dela konturatu baitzen.

-         Amets, -esan zion sendatu zenean- barkatu denagatik. Oso gaizki pasarazi dizut, ezta? Lasai. Lanbidez nahastu naizela konturatu naiz. Mangera eta kamioia utzi, eta pailazoa izango naiz, ospitaleetan lan egiten duen pailazoa.

-         Bai zera, Amets! Suhiltzaile-sena duzu. Bizia salbatu zenidan. Zuregatik ez balitz … Herriak behar zaitu, eta, beno, nik ere … zure beharra badut, Txikito! Zer egingo dut nik hemendik aurrera zu gabe?

A zer erabaki zaila! Eta Traketsek zein hautatu zuen, pailazo ala suhiltzaile izatea? Biak, bai jauna, bai andrea! Bietan egingo zuen lan, hori bai, biak serio-serio, suak fundamendu osoaz itzaliz eta umeen aurrean xelebrekeria mundialak eginez. Eta horretarako, bi lanetara arropa bera eramango zuen: suhiltzaile jantzi handia eta aurpegian sudur gorria.

Ametsek barruko sua itzaltzea lortu zuen pazientziaren mangera erabilita. Suhiltzaile bikote on-ona izatea lortu zuten biek, denborarekin bitxikeria bat gertatuz: Ametsek egun batean, isil-isilik eta Trakets konturatu gabe, lagunaren sudur gorria hartu, jarri, ispiluan bere burua ikusi eta “Amets eta Trakets, erreskaterako prest!” esaten hasi zen. Oso gustura sentitu zen eta …, batek daki! Agian, egunen batean, bi suhiltzaileak umeen aurrean ikusiko ditugu, gaixotasunaren sua umorearen mangerarekin itzaliz.


 

Hondarribian, 2013ko otsailaren 23an, gure Martxel txiki masail gorria bere mangeratxoarekin jolasten ari zen bitartean sortutako ipuina.

Maite Franko

About TTiKLiK!

One comment

  1. kaixo,
    ez dakizu nola ari garen gozatzen zure ipuinarekin. Egia esan, askotan irakurri diogu semeari eta ikaragarri gustatu zaio. Imaginatu, Ametsek ikastolara ere eraman nahi du andereñoari erakusteko…

    Hasteko, Amets protagonista nagusi izatea ikaragarri gustatu zaio: pertsonaia nagusiaren izaera ere ondo dagoela iruditzen zait; izan ere, pertsonaia leiala eta jatorra da baina, aldi berean, Trakets etortzen denean ez ditu bere sentimenduak estaltzen.

    Bestalde, historian bere inguruko Igeldoko elementuak sartzeak gertutasun eta egitantzekotasun handia sortzen du.

    Gainera, ipuinaren garapenari dagokionez, bere anaia txikiaren etorrerarekin bat egiten du egitura aldetik eta “lekzio” polita ematen duela iruditzen zait.

    Mila esker, beraz.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*


two + 1 =

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>