HezkuntzaOsasuna

Errespetu eza jasan behar …

Gertaera arratsaldean eman zenez, osasun zentroan ez zegoen pediatrarik eta medikuntza orokorreko sendagile batek egin zien harrera. Ni iritsi nintzenean gela batean aurkitu nituen nire semea, ahoz behera etzanda eta guztiz estalia (josi beharreko buruaren zatia ezezik), bere tutorea, sendagilea eta erizaina. Gelan sartzerakoan ez nuen ezer esan, nire ahotsa entzutean nire semeak altxatu nahi izanen zuela banekielako. Burua josten hasteko prest zeuden. Medikua behin eta berriro jostorratza sartzen saiatzen zen eta behin eta berriro ateratzen zitzaion. Ziztada ugari eman zizkion, puntu bat bera ere ez emateko. Momentu batean “Ama, ama!! amatxorekin nahi dut” oihukatzen hasi zen eta tutoreak bertan nengoela esan zion. Nire semeak nirekin nahi zuen (normala den bezala!!) eta jasotzen saiatzen zen. Erizainak eta sendagileak eusten zioten oso garrantzitsua omen zelako ez mugitzea, ahoz behera etzanda egotea. Nik besarkatzen uzteko esan nien, normala zela ni besarkatu nahi izatea eta negarrez hastea. Nire semea ero bat bezala jarri zen jasotzen ez ziotela uzten konturatzean eta sendagileak eta erizainak esertzen utzi zioten. Nik besoetan hartu nuen eta negar batean hasi zen.

Momentu horretatik aurrera sendagileak ama gelatik atera behar zela esaten hasi zen, hirugarren pertsonan hitz eginez, ni hantxe egongo ez banintzen bezala.

Nik handik ez nintzela mugituko esan nion eta haurraren jarrera oraindik okerragoa izanen zela nik alde egiten banuen momentu horretan argudiatu nion. Sendagileak ez zuen entzun nahi. Haurra berriz lehengo posturan etzateko eskatu zidan. Hobeto esanda, agindu zidan. Semeak ez zuela etzan nahi esaten zidan, berak eserita egon nahi zuela. Sendagilea erdalduna zenez, nik semeak esaten zuena itzultzen nion. Eserita egon nahi zuela esan nion eta hori ezinezkoa zela esan zidan. ZERGATIK?? Ziurrenik bere ikusmena oso ona ez zelako eta josteko orduan arazoak izaten ari zelako. Pasabidean itxoiten zegoen beste ama bat sar arazi zuen nire semea ahoz behera etzan eta geldi mantentzeko. Nire semeak nire gainean eserita egon nahi zuela oihukatzen zuen behin eta berriro, baina sendagileak ez zion ulertzen eta lotsagarriena dena, bere behar edo nahiei ez zien inongo kasurik egiten.

 

“Azkar, azkar ez dugula arratsalde osoa igaroko lau puntu emateko, beste larrialdi batzuk ere badaude”

“Atzo neskato bati 80 puntu josi behar izan nizkion aurpegian eta ez zen ezta mugitu ere egin”

“Ama etorri arte haurra oso ongi egon da, atera dadila ama”

“Ez zaitez kexatu, honek ezin dizula minik eman”, jostorratza buruan behin eta berriro sartzen zionean asmatzen ez zuelako.

“Amatxo askatu, mina egiten didazu”, esaten zidan nire semeak.

 “Barkatu baina sendagileak puntuak eman arte ezin zaitut askatu”

“Ez dago beste aukerarik”, esaten nion nik semeari.

 

Kostata, baina lau puntuak eman zizkion eta behingoz kontsulta hartatik atera ahal izan ginen. Osasun zentrotik negarrez atera nintzen nire semea besoetan neramala. Nire semea lotan gelditzen ari zen besoetan kontsulta hartan sufritutakoak sortu zion nekeagatik.

Aste batzuk osasunbidearekin eta nire buruarekin haserre eman nituen. Osasunbidearekin pertsonak modu horretan tratatzeagatik eta nire buruarekin nire semeari beste aukerarik ez zegoela esan arren, jakin badakidalako beste aukera bat bazegoelako. Beste aukera bat litzateke ERRESPETUA. Horrelako praktikak debekatuta egon beharko lirateke.

Jone Areta Urrestaratzu

Related Articles

5 Comments

  1. Buf! ikaragarria, oilo ipurdia jarri dit bizipen honek… Egin zenuela imaginatzen dut, baina nik gero haurrarekin luzez hitz egingo nuke gertatutakoari buruz.
    Guk 3tan joan behar izan gara larrialdietara Iruñean eta egian esan oso ongi egon gara. Izan dugun arazo bakarra edoskitzearekin izan da, gure alabak 21 hilabete ditu eta titia hartzen du, larrialdietan titian egon nahi zuen denbora guztian eta jende guztiaren aurrean “baina, haur hau ez da haundiegia oraindik titian egoteko????” eta “Zer??? oraindik titia hartzen du??” behin eta berriz entzun behar izan genuen herizainen ahotan…

  2. duela 3 aste pediatrarenean 2 urteko rebisioa izan genuen. Erizainak oizko gauzak egin ondoren pediatra (berria) etorri zen haurra exploratzera. bere gauzak egiten hasi zen ez haurrari eta ez neri ezer komentatu gabe, besoak gora, hankak ikutu…ta nola ez haurra geroz ta urduriago ta nik “plana”ikusita behin eta berriz esaten nion esateko zer egin nahi zion haurrari eta haurrari eskatzeko nola jartzea nahi zuen berak papin baten moduan manejatu beharrean…eta berak kasurik ez azkenerako haurra oso urduri eta pediatra indarra erabiltzen eta noski egoera gelditu nuen!-haurrari min egiten ari zara, behin eta berriz esan dizut esateko ze posturetan behar duzun haurra jartzea eta zer egingo diozun, indarra erabiltzea beharrezkoa iruditzen zaizu?jarrera lotsagarria…
    orain damu naiz momentu hartan haurra hartu eta handik atera ez izanaz zeren niri egin balida…baina haurra lasaitu egoera azaldu eta aukera bat eman nion andreari…- esango diguzu zer egitea nahi duzun???-esan eta egin- ikusten? gauzak ez al dira errezago horrela???- nere esperantza da behintzat experientzia hartatik berak zerbait ikastea, argi daukat urrengoan berriz horrelako zerbait gertatzen bada haurra hartu, joan eta kexa bat jarriko dudala. heldu bat horrela tratatuko al luke?utziko al genioke? ezin dugu onartu gure seme alabak horrela tratatzea. Damu naiz kexa ez jartzeaz, uste dut jarrera hauek aldatzeko era bakarra izan daitekela!

  3. Mila esker Maitane eta Mai, pila eskertzen ditugu zuen iruzkinak.

    Gure pediatrak beti esaten digu, sistema aldatu behar duzuenak zuek zarete, kanpotik kexak jarri, baina ez bakar batek bakarrik, taldean joan behar garela…berak barrutik indarra egiten duela baino ez dela nahikoa. Baina gero guk ere ez dugu egiten.

    Denon artean indarra egiten hasi behar gara. Poliki-poliki sistema aldatzea nahi badugu. Aurrera ordez atzeraka goaz eta!

    TTiKLiK! taldea

  4. Kaixo Maitane eta Mai,

    semearekin behin baino gehiagotan gertatutakoaren inguruan hitz egin dut naturaltasun osoz. Semea hartu eta kontsultatik ateratzea ere burutik pasa zitzaidan, baina ez zen errebisio bat. Burua irekia zuen eta zauria itxi/ josi behar zen. Honengatik irentsi behar izan nuen irentsi nuen guztia.
    Esperientzia zuekin konpartitzea erabaki nuen, modu honetan horrelkorik inork berriro jasan behar ez izaten lagunduko nuela pentsatu nuelako. Errebisietan ez dut inongo arazorik izan, beti ere errespetuz tratatu dute haurra eta gure iritzia ere errespetatu dute, nahiz eta beti gure iritziarekin ados ez egon.
    Mila esker zuen ekarpenengatik!

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button