Home / Oparipuinak / Oparipuina: Tashi delek

Oparipuina: Tashi delek

 

Maite Frankok Bilbon bizi den Maiderri idatzitako ipuina

Maiderri, eta bera bezalako emakume kuxkuxeroei, idatzitako ipuina.

Jakin-mina du Maiderrek, jakin-min handia, inoiz amaitzen ez den horietakoa. Galderaz beteta du burua, eta baita erantzunez ere (baina erantzun berri bakoitzak galdera berria sortzen dio, ordea!).  Bi pasiok txundituta daukate: Gizakiak (eta gizakiaren lotutako guztiak, hau da, osasuna, elikadura, ohiturak …) eta Naturak. Emakume kuxkuxero honek, erizain, antropologo, irakasle, akademiko,  kirolari eta ama badenak, baditu bi modu aipatutako bi pasioekin bat egiteko: liburuak eta bidaiak. Gaur idatzi dugun istorioaren hariak harrapatuta sortutako jakin-minaz bidai egin dezazula, Maider.


I.- Uztailak uztarik ez

Bazen behin Bilbon Unibertsitateko irakasle nekatu bat tesia bukatzear zuena. Uda hasiera hartan, bost urte inguru zeramatzan klaseak, amagintzak eta ikerketa lanak estututa, eta aisialdia hitzaren esanahia ia-ia ahaztuta zuen. Maiderrek, ala zuen izena gure protagonistak, zaharren ariketa fisikoaren inguruko azterketa burutzen ari zen, doktore bihurtuko zuena. Sarri bere buruari galdetzen zion ez ote zen bera ere, egitasmo honekin hasi zenetik, ikasten ari zen amona-aitona horiekin antza hartzen ari, lan eskergak eta lo faltak eraginda. Itota sentitzen zen maiz, ikerketarekin blokeatuta tarteka, baita aldi berean errudun ere, gehien maite zituenei batzuetan ezin izaten baitzien arretarik txikiena ere eskaini. Gauetan, etxeko guztiak lo zeudenean, burua leihotik atera eta arnasa sakon hartzen zuen, tesia aurkeztu ondoren egingo zuen bidaia buruan.

Gutxien espero zuena gertatuko zitzaion handik oso gutxira.

Lankide batek, Itxaro izenekoa, hirian zabaldu berria zen bidaia alternatiboen agentzia baten bidez oporrak kontratatu eta opari gisa “Tibeten barrena trekkinga” egiteko zozketa batean parte hartzea eskaini zioten. Eta bidaia hura nori egokituko eta Itxarori berari! Bi lagunentzako zen, eta azaroan bukatzen zen bidaia egiteko epea.

Itxarok ezin, ordea. Nori oparitu ez zekiela, Maiderrekin gogoratu zen.

-         Animatu zaitez, neska! Aprobetxatu bidaia Iñakirekin joateko! Bigarren ezkontza-bidaia! A zer erromantikoa!

-         Eta umeak, zer? Aitona-amonekin?

-         Bai, neska!

-         Ez, Itxaro, ezin dut; orain, udaran, tesiarekin bukatzeko denbora libre gehien dudanean, eta gainera dudan blokeoarekin nola joango naiz?

-         Ba, horrexegatik! Erdi blokeatuta zaudelako. Atsedena hartu eta ikusiko duzu gero zer abiadura hartuko duzun!

-         Ez dakit, Itxaro. Ez dakit …

Tibet aldera!  Iñakirekin, biok bakarrik, nobioak ginenean bezala … Eta gainera debalde! A zer tentazioa …” hasi zen pentsatzen. Senarrarekin hitz egin, eta honek baietz, bi aldiz pentsatu gabe. Aitona-amonak ere prest. Umeak, bueeeeno, aitona-amonekin egingo zituzten planak negoziatuta, tira, erdi konbentzituta. Maider baino ez zen falta! Eta gauzak nola diren, Maider animatzean, senarrak ospitalean, lan egiten zuenak, oporrak aldatuta zizkiotela eta ezin izango zuela joan!

-         Zoaz zu, Maider. On egingo dizu. Burua freskatu egingo duzu, seguru. Eta guregatik ez kezkatu. Ondo egongo gara hemen. Ez galdu aukera!

 

2.- Tashi delek, Pö

Bangdako aireportua, munduko aireporturik altuena (4.334 metro itsasmailaren gainetik). Hegazkinetik atera eta elurtutako mendietatik zetorren haize bolada freskagarri batek egin zion ongietorria, azafatek Tashi delek esaten zioten bitartean. “Kaixo” eta “zorte on” desiratzeko erabiltzen diren hitzok behin eta berriro entzungo zituen. Maiderrek Tibeterari buruzko libururik eskuratzeko denborarik izan ez zuen arren, ez zegoen batere kezkatuta, hizkuntzak ikasteko erraztasun handia zuen eta.

Opariaren barruan, Lhasako hotela eta trekkinga zeuden sartuta. Hotelean, Maiderrek bidaia-lagun izango zituenekin afaldu eta ezagutzeko aukera izan zuen; Bilbotik etorritako nahiko talde handi eta zaratatsua zen, haietako batzuk ezagunak gainera. Beste plan bat aukeratu zuen bizkor: sherpa bat kontratatu eta Tibet aldeko ibilaldia bakarrik egitea.

 

Sherpa aurkitzea espero baino gutxiago kostatu zitzaion: afalordurako hantxe zuen Zhoigar isila, bere zain. Gizon zaharra zen, zaharregia aukeran. Hasieran galdetzera ausartu ez bazen ere (halakoxea zen gure irakaslea, irekia, ausarta, baina pittin bat lotsatia zenbait gauzetarako), laster jakin zuen 80 urtetik gorako gizasemea zela!

-         Tashi delek – Zhoigarrek.

-         Tashi delek – Maiderrek.- Dou you speak English?

-         Where is your man?

-         Man? E? No, I´m alone.

-         widoow?

-         No, no. Alone.

-         What dou you want to do? Long trek our short trek?

Eta hortxe hasi ziren trekkingaren inguruko gorabehera guztiak negoziatzen, zenbat egun, gau bakoitza non pasako zuten, zenbat diru izango zen guztia … Hura izan zen, agian, ibilaldi guztian Sherparekin izan zuen elkarrizketarik luzeena.

 

3.- Ura, chu; tea, cha.

Eguzkia atera aurretik hasi zen lehen eguneko ibilaldia. Hoteleko harrerakoak Kiki soso la gyal esanez gailurretara iristea opa zion. Sherpak oihalezko zorroa zeraman motxilatzat, eta zapatila finak, hondartzara joateko modukoak. Maider ikusi orduko, haren motxilatzarra hartu eta bizkarrean jarri zuen. Maiderri hasieran ez zitzaion zuzena iruditu halako aitonatxoa horrela zamatzea. Laster ordea, egokiena zela pentsatzen hasi zen irakaslea, Zhoigarren pausu txiki azkarrei eutsi ezinean zebilela konturatzean.

-         Chu? – eskaini zion Sherpak, haren itolarria ikustean.

-         Yes, please. How do you say “thank you”?

-         Tuk-je-che.

-         Tuk-je-che.

Eta horrela jarraitu zuten, tarteka chu hartzeko geldituz. Sherpak ura beharrean, beste edari bat hartzen zuen, erdi ezkutuan hartu ere.

-         What are you drinking? – Maiderrek.

-         Cha.- Sherpak.- Tea. Not for you. – Bukatu zuen, edaria gordez.

Maiderri infusioak gustatzen zitzaizkion arren, ez zion horren inguruan ezer gehiago galdetu.

Iluntzean, bidean aurkitutako borda batean egin zuten lo. Sherpa gauez ere egunez bezain isila zen zorionez; zurrungarik gabe, hala ere, kostata hartu zuen lo, alturak, paisaiak eta aitona Speedy Gonzalez-ek liluratuta.

 

4.- Mendia, ri; jendea, mi.

Egun batzuk zeramatzaten hodei berdeen gainetik, Maiderrek bere buruari esaten zion bezala. Gustura zebilen gure irakaslea, baina bazen zerbait faltan botatzen zuena: jendea. Bide horietan ez zebilen jende askorik, norbait aurkitzean ere oso solasaldi laburrak izanik. Lastima izango zen haraino joatea eta bertakoekin hain harreman exkaxak izatea. Buruan hori zuela, harri batekin estropezu egin eta lurrera erori zen, ziplo! Orkatila pittin bat bihurritu zitzaion, egun gutxi batzuetako  atsedenaldiarekin ondo sendatuko zitzaiona. Sherpak ez kezkatzeko esan zion. Motxila kendu, irakaslea bizkarrean hartu eta bide hartatik hurbil samar zegoen herri batera eraman zuen, kasualitatez bere herria zena.

 

Zhoigarren emazteari, Nimaliri, ondo zegokion txikitan jarritako izena. Eguzki printzak bezain alai eta beroa zen amonatxoa. Ingelesez ez zekien arren, komunikatzeko gaitasun ikaragarria zuen, eta ezabatu ezinezko irribarrea ezpainetan. Maiderrek bendak egiteko oihala eskatu zion. Lasai egoteko, erizaina zela eta bere orkatila sendatzen nola edo hala moldatuko zela. Hori bai, ibuprofeno edo horrelako zerbait baldin bazuten, gustura hartuko zuela puztutako orkatila bere onera etortzeko.

Hitz eta pitz ari ziren bitartean, Sherpa zaharra sukaldetik zuten kirika, eskuetan lehenengo egunean zuen cha bera hartzen. Burua alde batetik bestera mugitzen zuen, emakumeen inguruko iruzkin gaiztoren bat buruan. Agurearen begiradak Maiderrenarenarekin bat egin zuenean, aulkitik altxatu eta sukaldeko atea danba, itxi egin zuen.

 

5.- Larunbata, Benba; Benba, larunbatean jaiotako mutikoa.

Nimalik, Maiderren eskaerari kasu eginez, ondoan bizi zen Benba, 9 urte inguruko biloba, bidali zuen ibuprofeno edo dena delakoaren bila. Ordubete baten buruan, hantxe azaldu zen, sendagaia eskuetan. Botilatxo bat zen, etiketa zurian tibeterazko hizkiak zituena; eta zein izango eta Zhoigarrek ezkutuan erabiltzen zuen bera! Maider berehala konturatu zen bilobaren hanka sartzeaz, laster entzun baitzuen Sherpa Benba gizajoari egiten ari zitzaion errieta, irakasleak behar zuena aitonari eman zion eta!

Zhoigar, sutan, etxetik desagertu zen. Maiderren burua lan eta lan hasi zen orduan, ohetik mugitu ezinean zuen gorputza geldi-geldirik zuen bitartean (beno, mugitu ezinean Nimalik uzten ez ziolako, makulu batekin ibili ahal izango zuen eta). Zer ote zen Sherpak behin eta berriro ezkutatzen zuen edari hura? Hainbeste urtez bizitzeko gakoa ote zen? Zahartzaroan gorputza gazte mantentzeko edabe miragarria bestela? Maiderrek bazuen Goji baia polemikoen berri edota Ging seng eta Rhodiola rosea adaptogenoena ere. Guztiak nekearen kontrako antidotoak omen, baita animo eta gorputzaren babesak ere hobetzeko tresnak. Hauetako bat ote zen Sherparen edariaren osagaia? Zein?

 

6.- Benbarekin berriro

Ibuprofeno tibetarrak on egin zion irakasleari. Hala ere, orkatila bere onera etorrita zegoen arren, Nimalik ez zion altxatzen uzten. Maider haserretzekotan egon zen, halako batean uste izan baitzuen herri hartan ez zitzaiela atzerritarrek haien bizitzan muturra sartzerik gustatzen. Honetaz gain, Maiderrek ezin aitonaren edariarekin gertatutakoa burutik kendu. Nola edo hala Benbarekin berriro egotea lortu behar zuen. Hari bakarrik galdetu ahal izango zion zer ote zen aitonari ekarri zion hura. Nola lortu berriro etortzea? Buelta asko eman ondoren, Nimaliri deitu eta eskutitzak idazteko kartazalak eta seiluak behar zituela esan zion. Eta horrela, Benba berriz ere agertu zen.

Ondo egiten zuen ingelesez biloba txikiak, gainera oso berritsua eta jatorra zirudien. Eskatutako guztia eskuan azaldu zen, txistuka.

-         Tuk-je-che, Benba. I need your help. Come here, please. Sit on the bed. – eskatu zion Maiderrek, lasai eta goxo.

Maiderrek eskutitz hartan tibeterazko hitzak sartu nahi zituela esan zion. Benbak, une batez maisu bihurtuta, tibeterazko alfabetoa irakatsi nahi izan zion, goitik behera.

 

TibetanABC1

 

Irakasleak, tartean, galderak egin zizkion, interesatzen zitzaion gaiarekin loturarik ez zutenak. Bere izenak zer esan nahi ote zuen, zergatik jarri ote zioten, herrian izen bereko asko ote zeuden … Eskolan lau Benba omen ziren, eta bakoitzari zenbaki bat gehitzen omen zioten izenaren ondoren bata bestearengandik desberdintzeko. Bera, “Benba bat” omen zen.

Belarren izenak galdetu zizkion gero, azkena aitonarena edariaren osagaiarena.

-         I cannot say – erantzun zion, serio.- Otherwise, gran father will be angry with me.

Amona bila bilobaren bila etorri  zen orduan, Maider zapuztuta utziz.

 

7.- Etxea, khang-pa ; agur, jule!

Benba etxetik ateratzean, Maiderrek leihotik salto egin eta atzetik joan zitzaion. Solairu bakarreko etxea zen eta ez zitzaion batere zaila suertatu.

-         I need to breathe. Could I join you for a walk?

-         Ok.

Benbak herria erakutsi zion lurrean aurkitu zuen adar baten laguntzaz zebilen Maiderri. Azkar zebilen mutikoa. “Honek aitonaren geneak!”, pentsatu zuen irakasleak. Azkar bukatu zuten herri-bira, azkeneko etxean zerbait oso interesgarria aurkituz. Jai bat zirudien. Omendutakoa, aitona zahar bat, sherpa baino zaharragoa. Agurea, senidez senide zebilen, esker onez eta aldi berean agurtzen edo. Benbak herriko zahar guztiak 90 urte betetzen zituztenean egiten zuten jaia zela esan zion, “laster dena ahazten hasiko direlako, eta atzerako norabidean joango direlako.” Maiderri oso hunkigarria iruditu zitzaion ospakizuna. Omendutako aitonak irribarre egiten zuen etengabe. “Pozik dago hurrengo bizitzan ere aurkituko dituelako; une honetan ikusten ari da senide bakoitza zer bihurtuko den, baina ezin dio inori ezer ere esan.”

Atzerako norabidean joatearena arrazoia ere azaldu zion gero Benbak: “Berriz ere jaio ahal izateko, dena ahaztu beharra dugu, (beno, aurrekoan bizi izandako zenbait gauza gogoratzen omen dira gero); horregatik, joan aurretik berriz ere ume bihurtzen gara, etorri garen bezala alde egiteko.”

Etxe hartan zerbaitek arreta deitu zion Maiderri: botilatxo bat zen, Sherpak zuen bera zirudiena. Benba Maiderren aurkikuntzaz konturatu zen, ezer esan ez bazion ere.

 

8.- Agur, Tibet!: Jule, Pö!

Hamabost egun inguru paseak zituen Maiderrek Tibet aldean. Etxera itzultzeko ordua zuen. Burua freskatua zetorren Bangdako aireportuan hartutako hegazkinean bueltan. Pena bakarra herri hartako edari miragarriaren sekretua ez ezagutzearena. “Ondo pentsatuta, hobe” esan zion bere buruari. “Jakingo banu, lau haizetara zabaltzeko tentazioa izango nuke, eta azkenean herri lasai honek bere izaera galduko luke. Dena ezin da jakin, Maider. Hain gutxi falta izan zait, ordea!”

-         I will write to you! – esana zion Benbari agur gisa.- I have to  practice the Tibetan language you teaught me.

-         Jule, Maider! Tashi delek! - mutikoak

Benbak oparitxo bat eman zion orduan, hegazkinera iritsi arte ez irekitzeko eskatuz. Orain, hegazkinean zela, poltsikotik fardeltxoa hartu eta ireki egin zuen: aitonaren botilatxoa zen! Bertan zabaldu eta edukia aztertzen hasi zen, ezusteko galanta hartuz: baratxuriarekin prestatutako edaritxo bat besterik ez zen. Ondoan, paperezko ohartxo bat zekarren: “Tori, Maider. Hemen duzu aitonak hemorroideak sendatzeko erabiltzen duen botika.”

9.- Eta Maider doktore izendatu zuten.

Lagunak esan bezala, burua freskoago zuelarik, arinago ibili zen azaroak 29 bitarteko epe hartan tesia bukatzen. Lan txukuna aurkeztu zuen Maiderrek, pasadizo gisa Tibet aldean aurkitutako ustezko edari miragarriaren istoriotxoa kontatuz.



Hondarribian, martxoaren 29an, Aste Santuko oporretan. Herritik atera gabe Tibet aldera joanez sortutako ipuina.

 

About TTiKLiK!

4 comments

  1. Itxaro Perez Urzelai

    Kaixo famili,
    Hori da imaginazioa!! jeje Algaraka bukatu dut ipuina irakurtzean. Oso polita! Ni, ipuinaren eskatzaile bezala, gustora. Ea oparipuinaren jabeak zer dioen, gustatuko zaio duda izpirik gabe.
    Mila esker, eta segi horrelaxe!
    Muxu handi bat!!

  2. kaixo bikote!
    Oso polita eta errealitatearen antza izugarria izan zezakeena! Asko gustatu zait, oso detaile politta!
    Muxutxuak!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*


four + = 6

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>