eu | es
Home / Oparipuinak / Oparipuina: Galdutako denboraren bulegoa

Oparipuina: Galdutako denboraren bulegoa

  

Maite Frankok Iruñeko Patxiri idatzitako ipuina

Bikotekidearentzako ipuina

Itziarrek bere bikotekide Patxirentzako, maitasunezko mezua bidali nahian, eskatutako ipuina dugu eskuartean. Psikologia eta Hezkuntza Berezia izugarri interesatzen omen zaizkio gure Patxi umoretsu eta positiboari, denbora galtzea eta jende grisa maite ez dituen neurri berean. Osagai hauekin, gehi Itziarrek emandako beste datu batzuekin, osatu dugu gaurko ipuina. Eta zu, irakurle, istorio hau irakurtzen denbora galduko duzulakoan bazaude, leitu ezazu, mesedez, zuretzako egin dut eta prexixo.

***

relojeria-carlos-coppel_1920Bazen behin hiri zahar itzaltsu bat, zuloa zirudien haran batean kokatuta zegoena eta harri grisez egindako eraikuntza altuak zituena. Hiri zahar eta itzaltsu horretan bazen auzo ezkutu bat, eta auzo ezkutuan erloju-denda ilun bat, hiriarekin batera sortutakoa zirudiena. Goiko aldean, denboraren joan-etorriak urratutako izena, erabat ironikoa gertatzen zena, nekez irakur zitekeen: Relojería La Moderna. 

relojeroPrexixo jauna erloju-denda haren jabea zen. Hiru belaunalditan mantendutako negozioa izan arren,  Prexixok erlojugile-katea luze horretako azken maila zen. Eta bukatzear dauden gauzekin askotan gertatzen den bezala, erloju-denda nahiko utzita zegoen, urruneko garai batean geldituta, giltza agortutako erloju mekaniko baten antzera.

Dendak etekin handirik ematen ez bazion ere, Prexixok gustura ematen zituen egunak antigoaleko erloju haiei giltza ematen, matxuratutakoei piezak aldatzen, eta betirako gelditutakoak gordetzen; zoriontsua zen erdi kanposantu erdi ospitale zirudien leku bitxi hartako zirujau edo lurperatzailearena egiten.

galdutako denboraPrexixoren dendan ez zen bezero askorik sartzen, baina hala ere sailkapen txiki bat egin zitekeen hauen artean. Lehen taldean, Matusalen ezagututakoak zeuden. Presarik gabe etorri eta luze jarduten zuten denboran bidaia egiteko horren aproposa zen leku hartan garai bateko istorioak kontu-kontari. Bigarrenean, antigoaleko gauzen zaleak, dendan ikusten zuten guztiari (ez erlojuak bakarrik, baita argazkiak, lanparak, aulki-mahaiak edota ateetako maratilei ere) prezioa jarri eta etxera eramaten saiatzen zirenak. Hirugarren eta azken multzoan, kuxkuxeroak zeuden, argazki kamara eskuan, museoa zelakoan eta sarrerak zenbat balio ote zuen galdezka etorritakoak.

Prexixo jaunak, erlojuen tik-tak, dan-dan, ku-ku eta abarreko soinuen konpainia soilarekin ohituta zegoenak, opari bat bezala jasotzen zituen bisita horiek, ahalik eta gehien luzatzen saiatuz. Sartzen zena sartzen zela, guztiei eskaintzen zizkien aulkia eta te gorria. Orduan, denei gertatzen omen zitzaien gauza bera. Behin leku hartara egokituta, denborari buruz hizketan hasten ziren, den-denek gaiari hari beretik helduta: galdutako denboraren ildotik.

Erlojugileak, hitz gutxiko gizona zenak, adi-adi jarraitzen zituen bisitariak kontatzen zizkionak, bukaeran ateraino lagunduz eta “nahi duzun arte” batekin agurtuz. Asperduraz, saminez, desilusioz, porrotaz edota frustrazioz betetako istorioak ziren horiek, (mamitsuak batzuk, hutsalak besteak) galdutako denbora berreskuratzearen ezinaren ondorio konformistarekin amaitzen zirenak; gris koloreko kontakizunak, erloju-denda hartako margo berekoak.

Prexixok, bisitariak alde egin ondorenean ere, entzun berri zuena dastatzen, hausnartzen, irudikatzen jarraitzen zuen, bertako egoerek, pertsonaiek eta lekuek egunaren hondarrean lagunduko ziotelarik.

Horrela bizi eta horrelaxe hil zitekeen gure erlojugilea, bizimodu lasai, berezi eta parasito samar horrekin (besteen istorioez, biziez eta saminez elikatzen baitzen) harik eta burutazio xelebre hura izan zuen arte.

Erlojugile baten burutazioa

 holidaywindow1

Goiz hartan margoa eta egurra erostera atera zen. Ondoren, letrero berri bat prestatu zuen, eskailera hartuta La Modernaren gainean jarri zuena: Galdutako denboraren bulegoa. Luma eta tintontzia astindu zituen gero, papiroa zirudien paperean lerro barruk idatziz, kristalezko ate nagusian jartzeko asmoz. Paper hartan irakur zitekeen: “Hau galdutako denbora berreskuratzeko bulegoa duzu. Sartu eta denboran atzera egin ahal izango duzu, zure mamuak eta damuak desagerraraziz.”

 erlojua eskuan 2Lehen bezeroa berehalakoan sartu zen. Maitasun harremanetan galdutako denbora berreskuratu nahi zuen gizona zen. Prexixok zenbat denbora ote zen hura galdetu zion.

-         Hogei bat urte-  erantzun zion gizon bihotz hautsiak.

-         Ene! Hogei urte, urte asko dira. Biltegira joan beharko nuke denbora-zakuetan begiratzera. Denbora asko soberan dutenen zakuan aurkituko dizkizut, agian, Aitona-amona aspertuen sailean, eskuak atzean bata bestearekin lotuta eramaten dituztenak, aisialdiaz betetako eskuekin zer egin ez dakitelako … Oraintxe nator.

-         Zaude … – gizonak, zalantzaz beteta.- Ez didazu zure tarifen berri eman …

-         Hara! Egia da. Barkatu. Nire lehen bezeroa zara eta urduri samar nago. Hogei urteak berreskuratzeko prezioa honako hau duzu: urte horietan izandako harremanetan sentitutako, bizi izandako eta ikasitako guztia (baita gauza onak ere) ahaztea.

-         Bai prezio bitxia!

-         Zure esku dago altuegia den ala ez erabakitzea. Biltegira noa. Mesedez, pentsa ezazu itzultzen naizen bitartean!

Bihotza hautsitako gizonak birpasa azkar bat egin zuen bizipen horietan barrena denboran zehar bidaia egiteko ezin aproposagoa zen denda hartan. Gaztetako dantzaldietan gurutzatutako begiradak, dantzan atera eta besarkatutako lehen neskatilaren lurrina, musika baino azkarrago zihoan bihotz taupaden abiadura, lapurtutako lehen musuaren gozoa, jasotako lehen zaplaztekoaren gazia (musu haren ordainetan gustura jasotakoa hala ere) …; hauek eta beste guztiak etorri zitzaizkion arrapaladan.

 normal_bailando en la plaza

Pentsamenduen jarioa erlojugileak moztu zuen, “Hemen nago” esanez.

-         Egia esan, garestiegia da eskatutako prezioa …- erantzun zion bihotza hautsitako gizonak, ezpainetan irribarre txikia eta begiak bustita zituela.

Eta besterik esan gabe, La Moderna zeneko atetik alde egin zuen, erlojugilearen pozerako.

Bigarren bezeroak, hogeita hamar urte inguruko neska bidaia zaleak,  aireportu, bus eta tren geltokietan zain galdutako denbora berreskuratu nahi zuen. Erlojugileak aurrekoarekin bezalaxe jokatu zuen. Oraingoan, neska izan zen biltegitik itzul zedin deitu ziona, itxaronaldietan irabazitakoak kontatzeko irrikan.

-         Ondo pentsatuta, irakurtzeko denbora ere izan dut zain egon izan naizen bitartean, lastima litzateke liburu horiek emandakoa ahaztea …. Eta oso jende interesgarria ezagutu dut; baten batekin oraindik ere harremana mantentzen dut, pentsa! Ume txikiak izaten dira, horrelakoetan, hurbiltzen zaizkizun lehenengoak, eta arkatz eta papertxo batekin mila jolas asmarazten dizkizutenak …

Hirugarrena enpresa-gizona zen, eta kotxe-ilaretan galdutakoa eskuratu nahi zuen berriro. Atasku horietan egindako deiak (gurasoei, adibidez, gutxitan ikusten zituena), egindako denbora antolaketak (egunari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko), hausnarketak (bizitzari errepasoa emanez), hartutako erabakiak (zoriontsuago izateko), emazteari bidalitako mezuak (liskartxoen haize-ufadez maitasunaren garra ez itzaltzeko), entzundako irratsaio interesgarriak eta CD zahar baltsamikoak … Hau guztia galdu? Ezta pentsatu ere.

 coches-clasicos-25

Laugarrenak, literatura irakasle helduak, liburu eta pelikula txarrekin galdutako denboraren galde egin zion. Ordaindu gabe alde egin zuen honek ere, denbora hori literatura eta zinema onaren irizpideak garatzen eta bukaera hobeak sortzen ikasteko inbertsio ona izan zelakoan.

Erloju-dendan izan zen gertatu ez zen zerbaiten zain emandako denbora berreskuratu nahi zuenik ere, denboraldi horretan bihotzaren barruan loratu zitzaizkien itxaropena, ilusioa, itxoiteko gaitasuna eta pazientzia galdu nahi ez zituztelako alde egin zutenak.

Primeran zihoakion negozioa biltegia hutsik zuen erlojugile azkarrari. Orain bere bizitzak bazituen esanahia eta norabidea, besteei laguntzeak ematen dituena. Horrela egon zitekeen baita bizitza guztia ere, jendeari denbora ezin dela erabat galdu isil-isilik oihukatuz, baina halako batean ibiltaria iritsi zen.

 

Ibiltariaren etorria

 

 oinak euritanArratsalde euritsu batean gertatu zen. Urrutitik zetorren neska panpox hura, zira jantzita, ile eta aurpegia blai. Sorgintzeko moduko begirada, irribarre egiteko diseinatuta ziruditen ezpainak, irudimenaren lurraldetik iritsitako burutazio eta ateraldiak … Hori guztia antzeman zion erlojugileak oso denbora laburrean. La Moderna-ko atea zeharkatu zuenean, kobazulo hartan eguzkia sartu berria zela iruditu zitzaion Prexixo jaunari. Argitasun horrek oilo-ipurdia jarri zion hasieran, ume bati bat-bateko iluntasunak bezala. 

brujula3Mapa eta iparrorratza eskuan zetorren ibiltaria, galduta. Hiri hartatik ateratzeko bidea galdetzera hurbildu omen zen erloju-dendara. Neska panpoxak ere zerbait berezia sentitu zuen erlojugilea ezagutzean. Haren ondoan irudikatu zuen bere burua, eskutik helduta, euriaren azpian ibilaldi luzea egiten, ondoren aterpe batera iritsiz, arropa sutan lehortuz, eta leihoaren ondoan euriari begira eseriz.

euripean eskuan

Hitz gutxi batzuk nahikoak izan ziren. Prexixok, eserlekua eta tea eskaini beharrean, giltzak hartu, denda itxi eta hiri irteeraraino lagundu zion.

Oraindik ere elkarrekin dabiltza biak, eskutik helduta, bizitzako bide luzea bata bestearen ondoan eginez, eta bihotz-erlojuek tik-tak, tik-tak, dan-dan, ku-ku! batera dabilzkiela, erloju bakarra balira bezala.

***

musuka euri azpianBadut berri txar bat zuretzat, irakurle. Galdutako denboraren bulegoan orain ez dago kasu egingo dizunik. Hala ere, imajina ezazu zure etxea La Moderna bihurtu dela eta Prexixo biltegira jaitsi dela. Prest egongo al zinateke galdutako denbora hori berreskuratzeko horren prezio altua ordainduta?

***

Hondarribian, 2013ko abuztuaren 16an, izoztutako denborarekin idatzitako ipuina (erlojua izozkailuan sartu besterik ez duzu egin behar denbora puska bat izozteko eta nahi duzunean erabili ahal izateko!)

 

About TTiKLiK!

2 comments

  1. Bereziki hunkigarria eta polita izan da aurtengo gure bikote urteurrena, zure ipuin polit honi esker.
    Mila esker maite, mila esker TTiklik posible egiten duzuen deneri.

    Itziar.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*


eight + 2 =

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>