Home / Oparipuinak / Oparipuina: Maitagarri beldurtia

Oparipuina: Maitagarri beldurtia

 

Maite Frankok Derioko Elaiari idatzitako ipuina

Beldurren inguruan hitz egiteko ipuina

Zenbat beldur daude? Pertsonak adina. Gure Elaia ez da neska beldurtia, ezta gutxiago ere! Hala ere, haren beldur txikiak hartu ditugu aitzakiatzat beldurren inguruan beldurrik gabe hitz egiteko aukera ematen duen beldurrezko ipuintxo bat idazteko. Garai batean, halaxe trebatzen omen zituzten gurasoek seme-alabak beldurrak gainditzen. Beldurraren trenera igo nahi? Zatoz gurekin, lasai. Gurasoak izango dituzu bidaiakide, eta eskutik heldu ahal izango diezu … beldurrik pasa ez dezaten. Prest? Orduan, bat, bi eta hiru, ipuina hasiko dugu!

*** 

hegazkinakBazen behin herri bat, Txorierri izeneko haranean, non zerura begiratuz gero ez zegoen aspertzen zenik, izan ere uneoro handik pasatzen baitziren hegazkin handiak, abionetak, helikopteroak, kometak, globoak, parapenteak, putreak, birigarroak, uxoak, enarak, txolarreak … eta baita maitagarriak ere, baina azken hauek inork ikusten ez zituenean besterik ez. Bai, asmatu duzue. Derio izena zuen herri zerutar honek.

Eta hara ze gauza bitxia! Edozeinek hegan egin zezakeela zirudien herri hartan bazen maitagarri txiki bat egiterik ez zuena. Zergatik jakin nahi? Segi irakurtzen, lasai. 

maitagarri txikia 2Maitagarri txikia jaio zenean, dohain asko zituela konturatu ziren gurasoak. Zintzo askoa zen, sentibera, alaia eta dantzari fina (oso gauza harrigarria maitagarrien artean, hegan egiten dantzan baino askoz ere lehenago ikasten baitute!).

Oraindik izenik ere ez zuela, Maitane eta Unai gurasoek elai baten etxera eraman zuten hegan egiten irakasteko (maitagarriek normalean halaxe egiten baitute Txorierrin, txori bat irakasle gisa hartu eta ordainetan jaioberriari haren izena jarri). 

enaraTxori gaixoak ahal izan zuen guztia egin zuen arren, ezin maitagarri txikiak hegaldatzerik lortu. Eta gure Elaia maitagarriak (irakaslearen izena hartu baitzuen, hala ere) ezin bizi zen pagotik gehiegi urrundu ere, oinez denbora asko behar izaten baitzuen etxera itzultzeko. 

maitagarria burumakur 2

Urteak joan urteak etorri, Elaiak lagun maitagarriekin harrapaketara jolastu nahi eta ezin harrapatu, haiek hegan alde egiten baitzuten. Gurasoak, pittin kezkatuta, txori irakasleari galdetu zioten:

-         Baina, nola da posible gure maitagarri txikiak hegan egiten ez ikastea? Dantzari fina da, gorputzarekin nahi duen guztia egiten du …

-         Bai, bistan da. Gorputza menperatzen du, beste askok baino askoz ere hobeto. Hala ere, bada beste zerbait hegan egiten uzten ez diona: beldurra.

-         Beldurra? Zeri?

-         Hainbat gauzari: zeruan dagoela lurrera erortzeari, lurrera erortzean bakarrik gelditzeari eta galtzeari, eta galduta dagoela animalia handiekin topatzeari …

-         Nola da posible? Maitagarriok txikitan ez dugu jakiten beldurra zer den! Hori gero ikasten da, behin gizakien aurrera joatea tokatzen zaigunean.

-         Agian azkarregi doa zuen txikia.

-         Eta zer egin genezake?

-         Hontzari galdetu. Bera da gehien dakiena.

Eta hontzarengana joan ziren Maitane, Unai eta Elai, hiru maitagarriak alegia. Liburu potoloen artean sartuta aurkitu zuten hegazti jakitunak, betaurrekoak kendu eta zera azaldu zien:

-         Maitagarri guztiak ez dira berdinak. Batzuk ez dira dantzan egiteko gai, eta beste batzuk dantzan jaiotzen dira. Badira hegan berehala ikasten dutenak, eta hori lortzeko denbora gehixeago behar izaten dutenak ere. Zurea denbora kontua baino ez da, txiki. 

neska erlojuan-         Zenbat denbora? – maitagarri txikiak, jakin-minez.

-         Beno, ikusten dut presa duzula. Badago modu bat beldurrak azkarrago uxatzeko. Herriaren beste aldean bada baso ilun bat Beldurren Basoa izena duena. Baso horretan, hamaika piztia izugarri bizi dira, eta bukaeran, lore bat dago, beldur guztiak sendatzen dituena. Beti Lasai du izena. Bertara joan eta eskuratuz gero, zure beldurrak bukatu eta hop, hegan hasiko zara, txiki. Baina hori bai, bakarrik egin behar duzu bidaiatxo hau. Norbaiten laguntzarekin aurkituz gero ez baitu inongo efekturik egiten.

Elai maitagarriak egunak behar izan zituen hain bidaia arriskutsua egitera animatzeko. Ingurukoek opari asko egin zizkioten. Ipurtargi batek bere argia, iluntasunean zerbait ikus zezan; tximeleta batek bere hautsak, gauean amets politak egiteko; eta bere irakasleak, elaiak, kapa beltz bat, luma beltzez egindakoa, ikusezin bihur zedin. Hau guztia poltsa batean sartu, makilatxoa prestatu, denei musu bana eman, eta hantxe abiatu zen, ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, herriaren beste aldean zegoen Beldurren Basorantz. 

saguzarraBidean aurrera zihoala, adartxo batean buruz behera zintzilikatuta lotan zegoen saguzar batekin egin zuen estropezu.

-         Bai sagu arraroa! Hegalak dituzu!

-         Ez naiz, sagua, saguzarra baizik – saguzarra, aho zabalka.

-         Barkatu, esnatu al zaitut?

-         Bai, baina lasai, errez hartuko dut berriz ere lo. Bart festa ikaragarrian egon nintzen, eta parrandek jota uzten naute … Zer ikusten dut? Maitagarria eta oinez? Ez da posible, ez. Saguzarrok ez dugu ondo ikusten.

-         Bai, asmatu duzu. Beldurren Basora noa, Beti Lasai lorearen bila, hegan egiteari diodan beldurra uxatzera …

-         Hegan egiteari beldurra? Aja. Eta, zeri ez diozu beldurrik? Zertan zara trebea?

-         Dantzan, diotenez.

-         Bai bitxia, horren gaztea izanda. Aizu, txiki. Bidean animalia izugarriak aurkituko dituzu, eta aurre egin beharko diezu lorea hazten den lekuraino iritsi ahal izateko. Bidean, beldurra sentitzen duzunean, dantzan hasi eta horrela zure beldurrak txikiago bihurtuko dira.

-         Eskerrik asko, Saguzar!

-         Ez horregatik, Dantzari Txiki. Bidai on! – bota zion saguzarrak bukaeran, begiak itxiz, zegoen adarretik buruz behera zintzilikatuz, eta berriz ere lo hartuz.

Eta Elaiak aurrera egin zuen, Beldurren Basoan sartuz. Halako batean dezente ilundu zuen. 

-         Bai iluna Beldurren Basoa! – pentsatu zuen.

Luze ibili ondoren, nekatuta sentitzen hasi zen. Orbela pilatu eta ohe txiki bat prestatu zuen. Baso hartan berriz, soinu beldurgarri asko zeuden, lo egiten uzten ez ziotenak. 

maitagarria burumakurElaiari bakarrik lo egitea ez zitzaion batere gustatzen, beste maitagarriak bezala, gurasoekin lo egiten ohituta baitzegoen. Tximeletaren opariaz gogoratu zen orduan, poltsatik amets politak egiteko hautsak ateraz. Gau guztian esnatu gabe egin zuen lo, hegan egiten zuela eta Txorierri guztia goitik ikusten zuela amets eginez.

Altxatu, ziza batzuk gosaldu, eta aurrera berriro. Nahiz eta eguna izan, argi gutxi zegoen Beldurren Basoan, iluntzen duenean egoten denaren antzeko argitasun motela alegia. Orduan azaldu zen katu izugarri handia eta bihurria. 

katu gaiztoa-         Maitagarria eta oinez? Katu handia gosez.

Elaiak beldur handia zien horrelako animaliei. Korrika egitekotan egon zen, baina orduan saguzarraren hitzak gogoratu zituen. Eta dantzan hasi zen, astiro hasieran, gero eta azkarrago ondoren.

-         Maitagarria eta dantzan? Katu handia ere balantzan!

Eta katua dantza-balantzan, dantza-balantzan, dantza-balantzan, balantzaka hasi zen mugitzen, haizeak zuhaitz-adarrak bezala, maitagarria harrapatu nahian, eta dantza egiteari utzi ezinean. Elaia, dantzari alaia, dantza eta dantza gero eta urrutiago, antza! Desagertu arte. Aupa, Elaia! Katu handiaren atzaparretatik ihes egitea lortu zuen!

Egunak aurrera egin, eta laster gaua etorri. Ilundu egin zuen berriz ere. Bigarren gaua ilunagoa zen, eta Elaiak kostata lortzen zuen pausu bakoitza ematean zuhaitz baten kontra ez jotzea. Orduan, ipurtargiaren oparia gogoratu eta poltsatik atera zuen. Goxo-goxo zihoala ordea, ibaia aurkitu zuen, ibai zabala eta ur asko zeramana.

-         Ai, ene! Zer egingo dut orain? 

maitagarria ibaianTxakur Muturrokerra agertu zen, bat-batean:

-         Maitagarria eta oinez? Eta ibaia zeharkatu ezinean? Igo zaitez nire bizkarrera eta akabo zure arazoa …

Elaiari ez zitzaion oso ideia ona iruditu, baina onartu egin zuen. Txakur Muturrokerrak ibaia zeharkatzen lagundu, eta bukaeran esan zion:

-         Iritsi gara. Orain, ordainetan, nire etxera etorri beharko duzu nirekin lo egitera …

Maitagarriak bazekien tranpa hutsa zela, eta ohean lo zegoela jaten saiatuko zela … baina hala ere onartu egin zuen, hotz handia baitzegoen basoan. Txakurraren etxera iristean, ohe goxo batean etzan, eta zer jarri zuen gainean txakurrak ez aurkitzeko? Bingo, asmatu duzue! Irakasleak oparitutako kapa beltza. Txakur gosetiak, maitagarriaren bila etorri zenean, ezin aurkitu!

-         Kaka zaharra! Ihes egin ez dit ba!

Biharamunean, kapa kendu gabe, txakurrari gosaria lapurtu zion, ondoren ihes eginez.

-         Kaka zaharra! Non ote daude mahai gainean utzi ditudan madalenak? Txoratzen hasita al nago? – txakurrak, oso kezkatuta. 

txakurraTtipi-ttapa, ttipi-ttapa … Aurrera jarraitu zuen gure maitagarri dantzariak, sorgin baten etxera iritsi arte. Ate gainean, letrero bat: “Beti Lasai loreak hemen salgai”. Azkenean!!! Maitagarriak beldurrez jo zuen atea, sorginak ere ez baitzitzaizkion gehiegi gustatzen (maitagarri guztiei bezala, haien etsaiak dira eta.)

-         Sartu, sartu maitagarri beldur handi hori … sartu eta ausartu, sartu eta ausartu …

Sorgin gaiztoak kaiolez beteta zuen etxea. Eta kaioletan, maitagarri txikiak.

-         Bai, ez zara Lasaitasunaren Lorearen bila etorri den lehenengoa. Hauek ere saiatu ziren, eta lortu ez. Eta horregatik kaioletan daude.

Elaia beldur handiagoa sentitzen hasi zen, eta, konturatu gabe, dantzari ekin zion berriro.

-         Hara! Saguzar Jaun gautxoriaren aholkuak ez dizu nirekin funtzionatuko. Begira, txiki, hauxe da egin beharrekoa lorea berreskuratzeko: Beti Lasai lorearen zein koloretakoa den asmatu egin beharko duzu. Ondo pentsatu, kar, kar, kar, kar! Hiru aukera izango dituzu … 

sorgina 2-         Urdina … ?

-         Kale!

-         Berdea?

-         Kale!

-         Gorria?

-         Kale, kale eta kale!!! Kar, kar, kar, kar!! Zatoz, kaiola batean sartuko zaitut!

Elaia dantza eroan hasi zen orduan. Sorgina kutsatu ez, baina kaioletan zeuden beste maitagarriak bai, eta dantza-dantzan, kaiolak balantzan! Sorginari kolpe izugarria eman zioten maitagarriek buruan, kaiolekin, jakina! Lurrera erori eta erdi lo gelditu zen sorgin gaiztoa. Elaiak kaiolak ireki eta beste maitagarriekin ihes egin zuen handik, haietako baten gainean jarrita hegan hasieran, baina bera bakarrik hegan bukaeran!!! 

maitagarriak dantzanEtxeraino iritsi zen hegan!!! Lortu egin zuen!!!! Lortu egin zuten maitagarri beldurti guztiek!!! 

Haiek besarkadak eta musuak jaso zituztenak. Han elkartu ziren gurasoak, lagunak, irakaslea, hontza, tximeleta, ipurtargia eta baita kaioletan zeuden beste maitagarriak ere … Denekin goxo-goxo bazkaldu zuen bitartean, elaiak bidaia guztia kontatu zien gero: saguzarrarena, lo bakarrik egin behar izatearena, txakur muturrokerrarena, katu handiarena, sorginarena …. Eta bukaeran, amak galdetu zion:

-         Eta azkenean, ze koloretakoa zen Beti Lasai lorea? Ekarri al duzu?

-         Ez da existitzen! – erantzun zioten kaioletan egondako maitagarriek. Horregatik kolorearena galdetu zigun sorginak, ezin delako bere kolorea asmatu.

-         Ez dut ezer ulertzen! – Elaiaren aitak.- Orduan, zergatik bidali zenuen Beldurren Basora, hontza?

-         Beldurra ematen zioten gauzei aurre egiteko, horrelaxe sendatzen baitira beldurrak, aurre eginez. Ez dago beldurrak sendatzen dituen lorerik, baina bai modurik, haiei aurre eginez – hontzak, lasai-lasai, eskuartean zuen liburu potoloan berriz ere begirada galtzen.

Orain Elaia maitagarri hegalari-dantzaria da. Eta baita kontalaria ere. Izan ere, bidaia hartan gertatutakoak edozein maitagarri ausartari oilo-ipurdia jartzeko modukoak dira,  eta baita entzuleak ausartago bihurtzekoak ere.
 

maitagarria kontari 2Gizakien aurrean agertzeko unearen zain dago, lasai. Eta badaki orduan ere agertuko zaizkion beldurrak gainditu egingo dituela, zuk, irakurle maitea, gaindituko dituzun bezala.

Eta hau hala zan hala ez bazan,

sar dadila Elaia Beldurren Basoan

eta handik atera dadila hegan eta dantzan.

 

***

Hondarribian, 2013ko abuztuaren 20ko gauean, ipurtargi batek utzitako argi motelaren laguntzaz idatzitako ipuina.

 

Luciernaga

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

About TTiKLiK!

One comment

  1. ELAIA GARITAGOITIA

    Eskerrik asko! Bai sorpresa! Oso polita ipuina, asko gustatu zaigu ta oso aproposa da gure Elaiarentzat.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*


+ 3 = eight

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>