Home / Oparipuinak / Oparipuin berezia: Iratxoen lurraldea

Oparipuin berezia: Iratxoen lurraldea

 

Duela egun batzuk Nahia eta Maiteri erronka bat bota nien. Niretzako garrantzitsua eta zaila den gai baten inguruan oparipuin bat sortzeko gai ote ziren galdetu nien. Eta erantzuna berehala jasotzeaz gain, ezin hobea izan da bueltan jaso dudana. Oparipuin hau batez ere nire bi ahizpentzako da. Askotan hain gertu izan baina hain urrun sentitzen nauten arren, asko maite ditudala esateko.

Itsasondotik mendi aldera begiratuz gero, basoa ikusiko duzu. Tira, egia esan dezagun… basoa… eta Abiadura Handiko Trenak eragindako zulo, hauts eta mina ere ikusiko duzu. Saia zaitez azken horiek ahaztu eta han, ezker aldean dagoen baso horri arretaz begiratzen.

Zer ikusten duzu? 

  • Zuhaitzak!

  • Arreta handiagoa jarri…

  • Hostoa galtzen hasi diren zuhaitzak!

  • Apur bat zehatzago…

  • 158 zuhaitz eta 2 laino…

  • Ez zabiltza gaizki… baina lagundu egingo dizut…

Arreta handiz begiratuz gero, baso hori bizi-bizirik dagoela ikusiko duzu. 

  • Bizirik?

  • Bai. Utzidazu azaltzen… 

Baso horretan murgilduko gara. Zuhaitz artetik erne-erne ibili behar dugu eta oinak non jartzen ditugun arretaz begiratu. Ezin ditugu zapaldu! 

  • Zapaldu? Zein?

  • Itxaroak… ai ez… Iratxoak!

  • Iratxoak al daude?

  • Bai.

  • Iratxoak alai-alaiak omen dira… ezagutu nahi ditut!

  • Bai, iratxoak alaiak izaten dira… baina badituzte, guk bezala triste egoteko arrazoiak.

  • Eta non daude iratxoak? Ez ditut ikusten.

  • Tentuz ibili, poliki gerturatuko gara.

Han, ikusten basoaren erdi-erdian dagoen zuhaitz hori? Distira berezia du ezta? Zuhaitzaren ingurua lorez bete-beterik dago. Kolore, forma, usain eta tximeleta mota guztiz inguraturiko zuhaitza da. Basoan, horrela dagoen bakarra. 

morea

Zuhaitz hori berezia da… bertan bizi direnak ere bereziak direlako. Iratxo maitagarriz beteriko zuhaitza da. Zuhaitzaren zulotxo bakoitzean familia bat bizi da. 

  • Nor bizi da han goi-goian dagoen zuloan?

  • Hara! Azkar topatu duzu Elorri, Unai eta Haitzen etxea!

  • Tira, Haitz txikiak oraingoz, zuhaitz distiratsua baino etxe hobea du…

  • Hobea? Ba al da iratxo batentzat zuhaitz hau baina etxe hoberik?

  • Bai…

  • Ezinezkoa da! Zuhaitz hau maitasunez beterik dago!

  • Bai, eta Haitz ere bertan dago…

  • Baina ez duzu esan Haitzek etxe hobea zuela?

  • Bai, bertan bizi da, baina amaren sabel barruan!

    bihotza_sabela_haurdun


  • Hara! Eta noiz jaioko da?

  • Laster… prest daudenean.

  • Ni ere amaren sabelean bizi izan nintzen badakizu?

  • Bai, guztiok bezalaxe. Jarrai dezaket?

Ikusten duzu hementxe, lehen adar honetan dagoen zuloa?

  • Bai! Hori handixeagoa da!
  • Bai, iratxoen etxeak, urteak joan ahala handitu egiten dira!

  • Eta hipotekarik gabe, ze zortea! 

Hori Garazi iratxoaren etxea da. 

  • Garazirena bakarrik?

  • Ez, tira, batzuetan bakarrik egotea gogoko du… baina June, Aratz eta Javirekin bizitzea izugarri gustatzen zaio. Hori ere maitasunez beteriko etxea da.

  • Hara… June eta Aratz izenak….

  • Zer? Ezagutzen dituzu?

  • Ez… baina… bihurri izenak dira…

  • Akaso… bihurriak bai, baina gaiztoak ez. Zuhaitz hau maitasunez beterik dagoen zuhaitza da eta.

  • Eta hor erdian, erdi ezkutuan dagoen zuloa?

  • Hori… Hori… Alberto, Intza, Aiora eta Itxaroren etxea da.

  • Hor ere 4 bizi dira?

  • Bai, lau dira… baina Intza eta Aiora sarri 5 balira bezala da… etxea hankaz gora jartzen dute, baina ondoren, irribarre goxo eta besarkada batekin Itxaro eta Alberto limurtzen dituzte…

  • Beste bihurritxo orduan…

  • Bai, iratxoak alaiak bai… baina bihurriak ere izaten dira…

  • Eta zergatik daude hemen behean horrenbeste lore, tximeleta eta mezu?

  • Hori zailagoa da azaltzen… ea asmatzen dudan… 

tximeleta12Lore horien artetik begiratzen baduzu, larrosa eta mitxoletaren artean, zuhaitzak beste zulo bat duela ikusiko duzu. 

  • Baina hori erdi estalirik dago! 

Bai. Bertan bizi ziren lehen Itxaro, Garazi eta Elorri iratxoak. Beraiekin, maitasun oso eta irribarrearen eredu ziren ama eta aitarekin bizi ziren. Etxe hortan, festa zen nagusi. Pentsa, hiru iratxo marisorgintxo eta aita parrandazale eta ama ideiaz beterikoa… denak, etxe berean. 

Saltsa-maltsan ibiltzen ziren hiru sorgintxoak. Amak, ikastolako haurren bizitza alaitzen zuen musikaz, bonboa soinean jarri eta dantza eta parranda egiteko beti prest zegoen. Euskara mingainean eta ikastola bihotzean. 

Nola ez da bada hau izango maitasunaren zuhaitza? Basoko distiratsuena? 

3 iratxo bihurritxoei, gehitu diegu ama saltsera… baina aitaaita ere ez zen atzean geratzen. Autobusak maite zituen, Irizarren egiten zirenak… eta txuleta usaina kilometrotara ezagutzeko gai zen. Behin usaina somatu eta tabernaz taberna poteak hartuz Itsasondotik Atauneraino iritsi omen zen…

gainbabesa5 iratxoak zoriontsu ziren elkarrekin. Noski, liskarrak ere izaten zituzten… iratxoak alaiak bai, langileak ere bai, baina burugogorrak ere badira eta! Hala ere, liskarrik handienak ere, ezin zuen euren arteko maitasuna inolaz apurtu… are gehiago, liskar bakoitzak, itxuraz, urruntzen bazituen ere, harremana indartu egiten zuen. 

  • Eta orduan zergatik dago orain zulotxo hori horrela?

  • Lehen esan dizut, iratxoek ere triste egoteko arrazoiak badituztela…

  • Zer gertatu zen bada? 

Portugal aldetik ero moduan zetorren azeri batek, iratxo ama eta aita zapaldu zituela basoaren hango ertzean. 

  • Ene! Non zapaltzen dugun ondo begiratuko dut…

  • Bai, kontuz ibiltzeko esan dizut horregatik. Baso honek, jasan du nahikoa min eta ez du gehiagorik merezi. 

Eta zer gertatu zitzaien iratxo gazteei? Oso gaizki pasa zuten, oso. Eta oraindik ere, gogorra egiten zaie zuhaitzaren alde horri begiratzea. 15 urte beteko dira azeri portugaldarra hemendik igaro eta mina ekarri zuenetik… eta bere mina betirako geratu da hemen. 

  • Baina orduan, zergatik da hau zuhaitzik distiratsu eta maitasunez beteen dagoena?

  • Erraza da hori. Azeriak mina ekarri bazuen ere, basoko beste izaki guztiek, 3 iratxo gazteak babestu eta maitasunez betetzea erabaki zuten.

  • Nola? 

Azeria igaro zenean, basoko izaki, lore, zuhaitz eta xomorro guztiak tristetu ziren. Guztiek maite zituzten asko aita eta ama iratxoak. Baina, okerren, 3 iratxo gazteek igaro dituzte urte hauek. Malkoak, amorrua, ezin ulertuak eta mina. Barne-barnean, bihotzean mina izan dute. 

Basoko beste izakiak horretaz oharturik, maitasunez eta gauza onez inguratzea erabaki dute. Euren babes bihurtu dira. Zuhaitzek, zuhaitz honi eguzki izpirik ederrenak hartzen uzten diete. Adarrak nahi duen tokira luzatzen uzten diete. Haize eta ekaitzetatik babesten dituzte hiru iratxoen eta euren familien etxeak. 

Loreek, zuhaitza inguratu dute kolorea, usain ona eta bizipoza emateko. 

Perretxikuak, gertu kokatzen dira 3 iratxoek goserik igaro ez dezaten.

 Xomorroak, sugea eta xaguxarrak gertu daude beste azeririk ikusiko balute zuhaitz hau ondo babesteko. 

Eta txoriek, goizero goizero abestirik ederrenak zuhaitz honi abeste dizkiete. 

  • Nik ere zaindu nahi dut zuhaitz hau!

  • Badakizu orduan, lehortea dagoenean, ura ekarri.

  • Hori egingo dut! Hemendik aurrera, ni izango naiz zuhaitz honentzat ura ekartzearen ardura izango duena.

  • Iratxoak oso pozik jarriko dira.

  • Amona, eta zuk nola dakizu hau dena?

  • Nik, nik iratxo ama eta aita ezagutu nituen, eta euren iratxotxoak zainduko nituela zin egin nuen. Orain, orain zuri utziko dizut lan hori.

  • Amona, primeran egingo dut! Eta handitzen naizenean, iratxo hauen kumeak ere babestuko ditut. Gustora zainduko ditut June, Aiora, Aratz, Intza, Haitz eta etortzen diren guztiak.

  • Oso ondo txiki. Baina baldintza bat dago. Beraiek, ez zaituzte inoiz ikusi, entzun ez ezagutu behar.

  • Zergatik amona?

  • Gu, gu aingeruak gara maitea, eta gure lana, bidean galdu direnek maite dituztenak zaintzea delako.

  • Primeran amona. Ni izango naiz euren aingerua.

  • Oso pozik egongo dira ama eta aita iratxoak. Orain goazen azkar, txoriak Aitormena abesten hasi dira eta ziur iratxoak esnatzear daudela… ikusi… Itxaro altxa da ohetik.

  • Goazen!

ama_mikel_laboaUrteurren gazi hau, gozoago bihur dadin. Hiru iratxoak maitasunaren zuhaitzak sendo lotzen dituztela gogorarazi, eta aingerutxoek zaintzen zaituztetela gogorarazteko ipuina. Maitasun osoz. Nahia.

 

 

 

About TTiKLiK!

2 comments

  1. Ze politte Nahia!

    Asko gustatu zaigu. Ze modu polittean kontatua, gure alabei ere irakurri ahal izateko!

    Muxu bat,

    Itxaro

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*


− three = 4

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>