Oparipuinak

Oparipuina: ZIENTZIAREN ASKATZAILE ALEGIARRA

2013-12-30: Iratxe Herrero Zarate

ALEGIA. 1413ko Neguan…

Gipuzkoako Alegia herrian 1413.eko negu gorrian Munduko Zientzilarien Taldeak isilpeko batzar bat ospatu zuen. Zergatik? Zientzia galtzeko zorian zegoelako. Munduko Ezjakinen Taldeak zientzia suntsitu nahi zuen jendea ezjakin bihurtzeko asmoz. Hau jakinda, Munduko Zientzialariek Zientzia Kutxa Magikoan gordetzea erabaki zuten. Batzarra ospatzeko eta Kutxa Magikoa gordetzeko Alegiako kobazulo bat aukeratu zuten, alegiarrak, zintzoak eta justizia zaleak izateagatik, munduan  ospetsuak  ziren eta.

kobazuloZientzia babesteko, Kutxa Magikoan “Izenen Sekretua” ere gordetzea erabaki zuten. Zein zen sekretu hura, ba? Zientzialarien Taldean izen guztiek esanahi berbera zuten: “Barruko Indarra”. Zientzialariak bere izena kutxan idazten hasi ziren; azkenak gazteenak ziren: Oier, Euskal Herriko ordezkaria, eta Auger, alemaniarra. Izena idazten ari zirenean Munduko Ezjakinak kobazulora sartu ziren eta zientzialari guztiak harrapatu zituzten, bi mutil hauek izan ezik. Gazteak zirenez Kutxa Magikoa hartuta korrika ihes egin ahal zuten. Gaitz erdi! Zeren eta Ezjakinek beste zientzialariak estalaktita bihurtu baitzituzten.

Bi mutilak oso triste geratu ziren eta Ezjakinak haien orpoz orpo zebiltzanez hau erabaki zuten: haiek eta Kutxa Magikoa harri bihurtzea norbaitek askatu arte. Hitz magikoak esan bezain laster… BRRRUUUMMM! tximist handi batek harri bihurtu zituen betirako. Betirako? Ez! Zuhaitz batean zegoen sorgin jakintsu batek, gertatutakoa ikustean, arao magiko eta itxaropentsu hau sortu zuen:

“Zientziaren askatzaile alegiarra

etorkizunean etortzear dago.

Eta nik, zaharra bezain azkarra,

harri hauetan bere zain nago.

Ezjakin Nagusia garaituko duen bezain laster

Guztiak libre izango dira:

Zientzia, zientzialariak, Oier eta Auger.”

Eta hau esanda, txori bihurtu eta harrien gainean pausatu zen.

 

ALEGIA. 2013ko Neguan…

3-Exterior-kutxaEspacioOier eta bere arreba Laida Alegian bizi dira. Gabonak dira eta gaur Eureka Zientzia Museora joan dira. Oier oso mutil azkarra eta, jakingura denez, Museora joatea asko gustatzen zaio, horrexegatik gaur garaiz preparatu da eta Eider eta Joxe Manuel, bere gurasoak, oso pozik daude.

—Badakizue? —esan die Oierrek sartu baino lehen— joan den astean eskolan elektrizitate estatikoa ikasi genuen. Agian Museoan horrelako esperimenturen bat egongo da!

Zientzia Museoan sartzen dira gauza berriak ikusteko asmoz. Laida korrika dabil, batzuetan barre egiten, beste batzuetan, protestaka. Oier, informazio berria irakurtzen oso interesatua dagoenez, bere arrebaren portaerak urduri jartzen du. Berarentzat Laidak egiten duena ulertzea zientzia ulertzea baino zailagoa da. Momentu horretan txikientzako aktibitate bereziak segidan hasiko direla megafoniaz esan dute.

—Baliteke Laidari aktibitate horretan parte hartzea gustatzea!

Gurasoek barreka pentzatzen dute: “Hau mutil azkarra!” eta, alabatxoarekin aktibitateak egitera joan baino lehen, aitak galdetzen dio:

—Oier, laztana, bazatoz gurekin?

—Ez, eskerrik asko, hemen geratuko naiz. Joan lasai ni handia naiz eta…

Oier oso mutil lasaia eta zintzoa denez gurasoek bakarrik egoteko baimena ematen diote. Ordu bat barru Museoaren sarreran elkartuko dira.

txoria“Hau bakea!”, pentsatu du Oierrek, “Zer egin dezaket?”. Argibide-taulara abiatzen denean txori baten txio-txioa entzuten du. “Txoririk hemen barruan? Zelako arraroa!”, esan dio bere buruari, kasurik egin gabe esperimentu berrien gelara abiatuz. Baina… Arranopola! Han dago txoria, globoz betetako kutxa baten ondoan eta… hitz egiten! Hau mirarizko fenomenoa! Txoriak bere inguruan dauden neska-mutikoei esaten die:

—Ilaran jarri eta globo bana hartu, mesedez. Ilaran… Globo bana…

Baina inork ez dio kasurik egiten, Oier izan ezik, noski. Neska-mutikoak bultzaka globoak hartzen hasten dira eta txoria ikaratuta dago.

—Entzun! Geldi! —esan die Oierrek— Ilaran jartzeko esan dizue txoriak! Eta globo bana hartzeko!

Neska-mutikoek, eskuak globoz beteta, Oierri begiratu diote eta barreka alde egin dute. Kutxan lau globo besterik ez daude baina Oierrek bat bakarrik hartu du txoriari eskerrak emanez:

—Ez horregatik. Zelan duzu izena?— txoriak.

—Oier.

—Uhmm! Nongoa zara?

—Alegiakoa.

—Uhmm! Uhmm! Zenbat urte dituzu?

—Zortzi.

—Uhmm! Uhmm! Uhmm! Eta, zer izan nahi zenuke handitan?

—Zientzialaria!

—Ea, ba! Utzi pentsatzen… Oier, alegiarra, 8 urte, begi beltz-beltzak eta flekillo luzea, zintzo eta justizia zalea: ilaran jarri den bakarra izan da, baita globo bana hartu duen bakarra ere. Orduan… Ene, ama! Zu zara zientzialari hautatua!  —esan dio poz-pozik— Duela asko zure zain gaude! Pozten nau zu ezagutzeak! Ni Sorgin-Txori naiz. Etorri nirekin mesedez.

txori-sorginaOier aho-zabalik geratu da. Txori batekin hizketan ari da eta bera zientzialari hautatua dela esan dio! “Ze demontre da hau?” pentsatu du geldi-geldi geratuz.

—Arin-arin! —esan dio txoriak— Ez daukagu galtzeko denborarik. Denbora Makinara  lehenbailehen heldu behar dugu!

—Zeeer? Denbora Makinaraaa? —galdetu dio Oierrek gero eta harrituago.

Txoriak “txio-txio” hiru aldiz egin eta berehala gelan dagoen ate bat ireki da. Beste gela txiki bat dago. Sorgin-Txori eta Oier barrura sartu ondoren atea itxi da eta gelaren erdian makina arraro bat agertu. Kohete bat bezalakoa da: lau argi luze, sei argi keinukari eta bost atzerako ispilu. Barruan, bi jarleku eta pila bat botoi eta aginte manualak eta automatikoak. Sorgin-Txorik sartzeko eskatu dio eta makina martxan jarri ondoren sorgin bihurtu da. Hau ikusita, Oierrek txantxetan sorginari:

—Bai, bai. Eta orain, zer? Erdi Arora joango garela esango didazu, ezta?

—Jakina baietz! Zelan zenekien, ba? Eta bidaia egiten dugun bitartean istorio bat kontatuko dizut hemen zergatik zauden ulertzeko.

Eta Alegian 1413.eko negu gorrian gertatu zena kontatu dio. Makinak lurra hartu bezain laster sorgina txori berriro bihurtu da. Baina, kanpora irteten direnean… “ZAUN-ZAUN, ZAUN-ZAUN” Txakurraren zaunka beldurgarria! Oierri ilea lazten zaio oso txakur handia dela pentsatzean. Eta, bai! Bere alboan dagoen txakurra handi-handia da. “ZAUN-ZAUN” egin du berriro, gero eta haserreago.

—Txakurtxo polita! —Sorgin-Txorik— Zergatik zaude hain haserretuta, ba?

—Ene, ama! —Oierrek beldurrez dardaraz— Sorgin-Txori, txakur honen buztana makina azpian harrapatu duzu! Buztana osoa, gainera!

—Glup! Lasai, txakurtxo polita! —Sorgin-Txorik makina arin-arin lekuz aldatzen— Eta lasai Oier! Hauek dira arau magikoak txakurren aurrean: Ez begiratu, Ez egin korrika, Ez ukitu. Eta hona hemen aholku on bat: aho zabalka hasi, horrela txakurrak aspergarria zarela pentsatuko du eta ez dizu kasurik egingo.

perroTxakurra libre geratzen denean Oierrengana zaunka hurbildu da baina alegiarra lasai-lasai dago, aho zabalka, txakurrari begiratu gabe. “Zelako ausartia den mutil hau!”, txakurrak eta Sorgin-Txorik batera. Eta, orduan, txakurrak zera bota dio Oierri:

—Zurekin joatea gustatu litzaidake, jabe ausarta baten bila nabil eta zu egokiena zarela konturatu naiz.

Hain harrituta dagoen Oier ezen baietz erantzun baitio begiratu gabe.

—Ah! Eta ni ez naiz txakurrik, otso baizik. Alegiako armarritik ihes egin dut mundua ezagutzeko.

—Eta, zelan duzu izena? —galdetu dio Oierrek.

—Izena? Jabe gabeko otsook ez daukagu izenik.

—Zer moduz Otso-Beltza? —proposatzen dio Oierrek.

Txakurrari ongi iruditzen zaionez, elkarrekin ibiltzen hasi dira. Baina bidea ez da oso erreza. Hiru bidegurutze aurkitu dituzte eta hiruetan bira egin behar izan dute.

—Asko geratzen da, ala? —Otso-Beltzak.— gose naiz eta…

—Ez, lasai eta ixilik! Arreta osoa behar dut heltzeko. Denbora asko pasa da, 600 urte hain zuzen ere, eta loreak eta zuhaitzak apurtxu bat aldatu dira.

—APURTXU BAT bakarrik 600 urte ondoren? —Oierrek, heltzeko esperantzarik gabe.

—Geldi, geldi! —oihu egiten du Sorgin-Txorik.— Bagaude!

—Bazen garaia! —esan du Otso-Beltzak.

Han daude hiru harriak. Halako batean… oinaztargi bat! Beste bat eta gero beste bat. Trumoi-hotsak gero eta gogorragoak dira.

—Berehala etorriko da ekaitza eta gogorra izango da —Oierrek, klasean ikasitakoa gogoratuz.— Egin behar duguna ahalik eta azkarren egin behar dugu.

Momentu horretan bere ondoan bota duen tximist baten atzetik gizon bat agertu da, Jentil bat baino altuagoa eta itsusiagoa, kikirista gorri bat buruan daramalarik. Sorgin-Txori, Oier eta Otso-Beltza ikaratzen dira.

—Nor zara? —Oierrek, urrats bat aurrera emanda.

—Ezjakinen Taldekoen Nagusia naiz —erantzun dio oihuka.— Zu zara hautatua? Orduan… zure bila nator!

Ezjakinak oso gogorra ematen duenez Oierrek bere artean: “Lelokeria da haren kontra borroka egitea eta ihes egiten badut ezin izango ditut Zientzia eta zientzialariak askatu. Zer egin dezaket?”. Momentu horretan eskua poltsikoan sartu eta globoa han dagoela konturatu da. “Bai, bai! Elektrizitate estatikoa izango da nire laguntza!”. Arnasa hartu ondoren, globo zati bat erakusten dio gizonari hau esanez:

—Tratua itxiko dugu. Harri hau behetik gorantz mugitzen badut nire botere magikoak aintzat hartuko dituzu, beraz, ni libre izango naiz eta zuk hemendik alde egingo duzu betirako. Ados?

Ezjakinak inoiz ez du globorik ikusi eta Oierrengandik oso hurbil ez dagoenez ez da konturatzen gezurrezko harria denik. Baina oso gaiztoa denez zera erantzun dio:

—Oso txikia da harri hori! Handiagoa ez bada, ez dut traturik itxiko.

—Oso ondo! —Oierrek.— Magia egingo dut handitzeko. Begira!

Oier globoa pizten hasi da. Globoa zuria denez harri bat ematen du eta Ezjakina harrituta dago. Oierrek bere artilezko jertsean igurtzen du. Ezkerreko besoa luzatuz eskua ireki eta globoa esku behean ipini du, ukitu barik. Askatu duenean FLOOOP! eskurantz igo da.

Ezjakina oihuka hasi da. Gixajoa! Eta Oierre, hura gehiago beldurtzeko, esperimentua berriro egiten hasi da. Ezjakinak gero eta gogorrago oihuka egiten du eta, zoritzarrez, halako batean tximist batek kikirista erre egin du; guztiz ikaratuta, korrika alde egin du.

—“Har ezak hori!” —esan dio Otso-Beltzak barreka.

BRUUUMM! BRUUMM! Bigarren tximista hiru harrietan bota du: erdikoa kutxa bihurtu da eta beste biak, bi mutil; bata, beltzarana, bestea, ilehoria. Momentu horretan ekaitza hasi da.

—Pozten gaitu zu ezagutzeak —beltzaranak.— Ni Erdi Aroko Oier naiz, Euskal Herriko zientzialarien ordezkaria.

—Ni, Auger, ordezkari alemaniarra —ilehoriak.

—Badakizu euskeraz hitz egiten, ala? —Oierrek bere begi beltz-beltzak zabalduz.

—Noski! —Augerrek harro-harro— 600 urte egon naiz hemen honekin hitz egiten baina berak badaki alemanieraz hitz egiten ere, je je je.

Eta agurrak eginda, Erdi Aroko kobazulora abiatu dira. Hara heltzean beste zientzialariek oso pozik jaso dituzte, egindako tratuari esker haiek ere libre geratu dira eta. Horrexegatik Oier alegiarrari muxuak eta eskerrak eman dizkiote.

—Orain zu zara gure taldeko zientzialaririk gazteena eta, nola ez!, sendoena —Augerrek.— Hartu zure Zientzialari Makila.

—Zuri esker hemendik aurrera Zientzia libre egongo da. Beraz, zu izango zara gure Euskal Herriko Ordezkari Nagusia. Zorionak! —Erdi Aroko Oierrek.

—Zorionak, Oier! Ongi etorria! —zientzialari guztiek batera.

Eta horrela, Oier alegiarra Munduko Zientzialarien Taldeko kide berria da. Baina, ospatu ondoren…

la maquina del tiempo

—Zure etxera itzultzeko garaia da! —Sorgin-Txorik.— Denbora Makinean eramango zaitut.

Eta ia konturatu gabe hemen dugu berriro, gure Oier, Eureka Zientzia Museoan. Korrika doa bere familiarekin geratu den lekura.

—Aita, ama! Hemen nago! —Oierrek.

—Kaixo laztana, zer moduz? —aitak.

—Primeran!

Kalera irten dira. Laida pozik dago eta egindako aktibitateak kontatzen hasten da.

—Eta zuk, zer egin duzu, ba? —amak bere semeari.

—Alegiatik bueltatxo bat eman dut…

Eider eta Joxe Manuel harrituta geratzen dira. Oierri egiteko galdera asko dituzte  buruan baina momentu horretan Laidak bere neba maitea eskutik hartu du esanez:

—Goazen jolastera!

—Bai, bai, goazen! —Oierrek.

Orain denbora asko behar du gure Oierrek, Zientziaren askatzaile alegiarrak, bere gurasoei istorio sinesgaitz hau ondo azaltzeko.

Related Articles

One Comment

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button