Itxaro Mendizabal Amundarainkolaborazioaknabarmenduak

MOTXILAREN ZAMA

Goiberri 2016/01/22

Bukatu dira besteei begira bizitako uneak. Umeak garenean gatazkak konpontzeko askatasuna eta lasaitasuna izaten dugu. Gure lagunekin haserretu gaitezke, baina bi minutu pasatzerako berriz, hortxe gaude berriro jolas batean.

Inozentzia hau noiz galtzen dugun jakin nahiko nuke nik…8, 10, 12 urterekin akaso? Orduan hasten dira liskarrak, bandoak, kuadrillak eta gaizki ulertuak. Askotan pentsatu izan dut, txiki-txikitatik gatazkak konpontzeko baliabideak emango balizkigute, handiago izatean bizitza errazagoa egingo genukeela. Nerbio-sistemak nola funtzionatzen duen, herrialdeetako ibaien izenak buruz ikasi ordez, hobe genuke gure ikastetxe eta etxeetan adimen emozionala lantzen hasi. Nik adibidez, gauzak esateko arazo handiak ditut, dena barruan gordetzen duten horietakoa naiz. Zerbait esan eta besteak gainera salto egingo didatela iruditzen zait. Tresna falta zaizkit. Beti besteak zer esan, pentsatuko duenaren zain egoteak ordea kalteak dakartza. Bi noranzko kalteak gainera. Hasteko besteari ez diozu fabore handia egiten esan beharrekoa barruan gordeaz, beste egunen batean botako bait diozu, modu ez egoki batean, eta berak ulertzen ez duen momentuan, eta bestetik zure barruak sufritu egiten du. Gertatu dena barruan gordetzen da, baina ez da digeritzen. Hor geratzen da, garbigailu bat balitz bezala, bueltaka eta bueltaka.

Arnasa estutzen zaizu, triste zaude, ezinegona handia da eta haserrea beste pertsonarengana enfokatu ordez zure barrura pasatzen da, horrek dakartzan gaixoaldi eta triste aldiekin.

Adina izango da agian, baina ni topera iritsi naiz. Bai, gauzak ahoz adierazteko arazo handi bat daukat, errazagoa zait idatziz egitea; baina dena ikasi daitekeenez ni ere ikasten nabil. Egunero-egunero entrenatzen. Hanka sartuz batzuetan eta gatazkak konpondu edo ekidinez besteetan.

Gauza da pertsona bakoitza ASKEA dela, askea pentsatzeko, ASKEA sentitzeko eta ASKEA berak pentsatzen duena egiteko (besteei nahita mina egin gabe beti). Ni orain arte ez naiz aske sentitu. Beti besteen oniritzi bila, besteen bidea jarraitzeari ekin diot. Ez dut inoiz nire buruan pentsatu, ez naiz, orain arte, inoiz ASKE sentitu. Pertsona LIBREA naiz; LIBREA pentsamenduz, LIBREA sentimenduz eta LIBREA nire ekintzetan. Ez daukat inori esplikaziorik eman beharrik. Eta eman beharko banioke, nik erabakiko dut nori eta noiz eman.

Lokarriak askatzea beharrezkoa da. Behar ez diren pentsamendu, traste eta harremanak askatu behar dira, joaten utzi. Askotan ez gara konturatu ere egiten, ohituraz gure ondoan mantentzen ditugu mila gauza, pertsona, oroitzapen, leku… joaten utziz gero agian egunen batean beharko ditugula pentsatuz. Gauza horiek ordea pisu asko hartzen dute denboraren poderioz, pisu hori gure motxiletan biltzen joaten gara, baina bizkarreko min handia izan arte ez gara duten indarraz jabetzen.

Ez dakizu zenbat kostatu zaidan puntu honetara iristea. Bidea ez da xamurra izan, eta oraindik bide asko dut egiteko. Baina hor noa, poliki-poliki nire motxila hustuz, bizkarreko karga arinduz. Egunero entrenatzen jarraitzeko promesa egin diot nire buruari. Izango dira egun txarrak, baina baita ere onak.

Nirekin, LIBRE, ondo sentitzeko garaia iritsi da.

Itxaro Mendizabal AMundarain
Goiberri 2016/01/22

12509787_10153228627351174_6326614226342868989_n

LOTURA DUTEN BESTE ARTIKULU BATZUK:

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button