Gurasoei Gutunattk-mundura

IV. “GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Gazteen kategorian irabazlea

Aita maitea,

denbora luzea igaro da hitz egin genuen azken egunetik. Sei urte pasa dira joan zinenetik, baina ongiegi gogoratzen naiz egun hartaz:

2008ko urriaren 18a zen, domeka, eta ikaragarrizko eguraldi ona egiten zuen. Goiz zen, 9:00ak inguru, baina eguzki izpiak etxeko leihotik indar handiz sartzen ziren eta ni leiho alboko sofan nengoen etzanda. Domeka guztietan bezala, zu eta biok goiz jaiki ginen ohetik; nik ez nuelako lo egitea gustuko, eta zuk, motorrez bueltatxoa emateko irriketan zeundelako. Ama ohean zegoen, eta zuk, aldiz, etxetik ateratzeko prestatzen. Behin prest egonda, nigana hurbildu zinen musu bat emateko asmoz. Nik ez nuen zure muxurik nahi egun horretan, zurekin haserretuta nengoen (oso astuna izan zinen aurreko egunean ikasi behar nuela esanez), horregatik, zure musua ukatu nuen, eta ez dakizu zelan damutzen naizen. Entzundako zure azken hitza “Agur!” izan zen. Ondoren, atea itxi zenuen eta hori izan zen zu ikusi zintudan azken momentua. Motor madarikatua! Ez da batere bidezkoa 9 urteko neska bat aitarik gabe geratzea! Baina bizitza ez da bidezkoa…

Urteak eta sufrimenduz beteriko momentuak pasa behar izan dira nik konturatzeko zuri hainbat gauza esateko gogoa dudala. Lehenik eta behin, oso haserre nengoela, bakarrik utzi zenigun! Hala izanda ere, barkatuta zaude. Inork ez ditu gauza horiek aukeratzen. Ginera, munduan gehien gustatzen zitzaizun gauzetako bat egiten joan zinen, eta seguru nago oso pozik zeundela momentu hartan; eta horrek ni pozten nau.

Asko gogoratzen naiz zutaz eta bizi genituen milaka momentu zoragarriez. Aita bezala ikaragarria izan zinen, eta ziur nago zure maitasun osoa ematen zenidala. Baina oso zaila egiten zait pentsatzea ez ditudala zure musuak berriro jasoko, edo ez dizkizudala besarkada gehiagorik emango. Oso gogorra da, eta utzi duzun hutsune itzel hau nire bihotzean geratuko da betirako, urteek ez dute beteko.

Baina ziur nago gauza batetaz, ez zarela betirako joan. Nire alboan zaude momenturo, jo eta fuego ni laguntzen eta indarra ematen. “El Rey León” filmak esaten duenez, “Nigan bizi zara” eta ez nauzu inoiz bakarrik utziko.

Ikaragarri maite zaitut aita! Nirekin eman zenituen urteak benetan merezi izan zuten eta oso zoriontsu egin ninduzun. Ez dakit zein izan zen pentsatu zenuen azken gauza, baina noizbait txarto sentitu bazara era arin horretan gure bizitzetatik joan izanagatik, lasai egon zaitez. Sekula ere ez zarela gure bizitzetatik irten, gure pentsamendutan zaude egunero, eta horrek bizirik mantentzen zaitu.

Maitasun osoz, zure alaba.

                                                                  Andrea Suárez

 

 

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button