Aspectos legalesEducación

Adin txikikoak dibortzio eta banaketa prozeduretan

 

Seme-alaben zaintzaren inguruko erregimena bata zein bestea izan, dudarik gabe beraien interesei begira formularik onena gurasoen arteko harremana ona izatea (seme-alaben inguruko erabakiak hartzerakoan behinik behin) eta bisitak ezartzerakoan malgutasunez jokatzea izango da, adin txikikoek bi gurasoekin harremana izan dezaten bermatuz. Eta praktikan azken batean bi gurasoek parte hartuko dute seme-alaben zaintzan, nahiz eta zaintza partekatua bezala ez planteatu.

Familiak, oinarrizko beharrizan batzuk asetzea helburu duen talde sozial bat bezala ulertuz, aldaketa asko izan ditu historikoki eta azken urte hauetan batez ere familia eratzeko eredu anitzak sortu dira. Gaur egun familia mota desderdinak aurki ditzakegu: gurasoak ezkonduta edo ezkondu gabe, banaketa egoerak, dibortzioak, dibortzio ondoren eratzen diren familia berriak, familia monoparentalak, homoparentalak…

Gizartean eredu berriak agertzen diren heinean legediak hutsune asko baditu ere, hauek aldatzeko beharra plazaratzen da, eta azken urteotan berrikuntza nabarmenak egon dira Familia Zuzenbidean.

Halere argi utzi behar da gurasoen arteko egoera legearen aurrean edozein delarik ere (ezkonduta, ezkondu gabe, egitatezko bikoteak), guraso bezala dituzten betebeharrak ez direla aldatzen eta beraz, krisialdi baten aurrean lehentasunez erabaki/arautu beharrekoa adin txikikoen egoera dela.

Guraso boterea

Aitatasuna zein amatasuna gauza biologiko eta naturala izatez gain, “legala” ere bada nolabait esateko.

Emantzipatu gabeko seme-alabak beraien gurasoen guraso boterearen menpe daude (patria potestad), eta  gurasoek beraien seme-alaben onurari begira jardun beharko dute beti, ondorengo betebeharrak dituztelarik:

  • Seme-alaben alboan egon, zaindu, elikatu, hezi eta formakuntza eman, beraien ordezkari izan eta hauen ondasunak administratu.

Guraso boterea ondorengo egoera hauetan amaituko da:

  • Guraso edo seme-alabaren heriotzarekin, emantzipazioarekin, adopzioarekin, edo sententzia baten bitartez, gurasoak bere betebeharrak bete ez dituenean edo kausa kriminal batean hala erabakitzen denean.

Familiaren krisialdiak eta gurasoen betebeharrak

Banaketa, dibortzio edo familiaren krisialdiak azaltzen direnean, familiako kideen arteko harremanak aldatzen dira eta kasurik gehienetan tartean izaten dira adin txikiko seme-alabak.  Kontuan izan behar da adin txikikoen interesa beste edozeren gainetik dagoela eta gurasoen erantzukizuna ez dela amaitzen ezkontza edo bikotearen amaierarekin.

Dudarik gabe dibortzio batek eragina izaten du seme-alabengan baina kasu askotan, uste izaten dena baina txikiagoa izaten da eragin hori. Izan ere, askotan aukerarik onena izaten da banatzeko erabakia hartzea, seme-alabentzako orokorrean okerrago izaten baita bere gurasoen etengabeko liskarrak eta eztabaidak jasan behar izatea. 

Kontuan izan behar da dibortzio edo banaketak berak ez dakarrela aldaketarik haurrentzako, dibortzioa baldintzatzen duten beste hainbat faktorek baizik. Praktikan, dibortzioari atxikitzen zaizkion arazo asko badira aurretik ere familia barnean.

Garrantzitsuena izaten da seme-alabek argi izatea bi gurasoek berdin-berdin maite dituztela elkarrekin bizi ez badira ere.

Adin txikikoen zaintza. Zaintza partekatua

Dibortzio edo banaketa prozedura batean, seme-alaben ingurukoa izaten da hartu beharreko erabakirik garrantzitsuena

Printzipioz bi gurasoek jarraituko dute beraien seme-alaben gaineko guraso boterea izaten, baina zaintza (guarda y custodia) nork izango duen erabaki behar da. 2005. urteaz geroztik Espainiar Kode Zibilak zaintza partekatua (custodia compartida) baimentzen badu ere, praktikan oso gutxitan ezartzen da zaintza erregimen mota hau. Kasurik gehienetan bi gurasoetako bati ematen zaio zaintza (oraindik ere kasurik gehienetan emakumeari) eta beste gurasoarentzat bisita erregimen bat ezartzen da.

Zaintza partekatua aurrera eramateko formula desberdinak planteatu izan dira: denboraldi bat guraso batekin igarotzea eta ondoren bestearekin, seme-alabak familia etxebizitzan gelditzea eta gurasoak txandakatzea bertan bizitzeko…, baina praktikan ez da batere erraza izaten zaintza mota hau akordio batetan jasotzea. Kontuan hartu behar da adin txikikoen interesa dela  babestu behar dena, eta ez gurasoen komenigarritasuna. Beraz, nahiz eta gurasoen artean adostasuna egon edozein epailek lehenik eta behin aztertuko duena adin txikikoaren egoera izango da: ia nola moldatuko den ordutegi aldetik, etxebizitza aldetik (bi gurasoen etxebizitzen arteko hurbiltasuna oso garrantzitsua izaten da), eta bere lagun zein ohiko bizimodua mantentzearen aldetik.

Bisita erregimena

Zaintza eman ez zaion gurasoari bisitak jartzerakoan, kontuan izan behar da haurrek eskubideak dituztela eta gurasoek betebeharrak. Seme-alabek eskubidea dute bi gurasoekin ohikotasunez harremana izateko, eta guraso bien ardura da hori bermatzea.

Kasu askotan, adin txikikoaren zaintza duen gurasoak haurraren ordutegiak edo eskolaz kanpoko jarduerak aitzakia gisa erabiltzen ditu beste gurasoaren eta haurraren arteko harremana oztopatzeko, edo oztopatzen saiatzeko. Haurren interesa eta eskubidea ez da soilik jolastea edo ikastea, bere gurasoekin egotea ere beraien onurarako baita. Eta ez gurasoekin soilik, baizik eta familia osoarekin. Honen haritik, 2003. urteaz geroztik aiton-amonei ere bisitak ezartzeko aukera ematen du legeak beharrezkoa ikusten den kasuetarako. 

Bestetik, eta legeak honen inguruan ezer zehazten ez baldin badu ere, praktikan seme-alabak oso gazteak direnean (0 – 5 urte gutxi gora behera, baina denetariko kasuak egoten dira) bisitak ezartzen dira baina gauerako zaintza duen gurasoaren etxebizitzara itzuliz. Hau da, haurrek adin konkretu bat izan arte etxe desberdinetan lo egitea ez dela komeni esan izan da urte askotan zehar. Halere, gero eta gehiago dira kontrako iritzia ematen duten adituak, guraso biekiko harreman afektiboa lehenestuz lotura materialaren aurretik (beti logela berdinean lo egitea).

Dena den, seme-alaben zaintzaren inguruko erregimena bata zein bestea izan, dudarik gabe beraien interesei begira formularik onena gurasoen arteko harremana ona izatea (seme-alaben inguruko erabakiak hartzerakoan behinik behin) eta bisitak ezartzerakoan malgutasunez jokatzea izango da, adin txikikoek bi gurasoekin harremana izan dezaten bermatuz. Eta praktikan azken batean bi gurasoek parte hartuko dute seme-alaben zaintzan, nahiz eta zaintza partekatua bezala ez planteatu.

Hurrengo lerroetan, familia zuzenbidean aplikagarria den legedia azaltzen da.

_ KODE ZIBILA: Real Decreto de 24 de julio de 1889, texto de la edición del Código Civil.

    • Ezkontza: 42 – 107 artikuluak.

• Filiazioa: 108 – 141 artikuluak.

• Guraso eta seme-alaben arteko harremanak: 154 – 180 artikuluak.

• Ezgaitasuna: 199 – 214 artikuluak.

• Ezkontza eraentza ekonomikoak: 1.315 – 1.444 artikuluak.

_ PROZEDURA ZIBILAREN LEGEA: Ley 1/2000, de 7 de enero, de Enjuiciamiento Civil.

    • Gaitasuna, filiazioa, ezkontza eta adin txikikoen inguruko prozedurak: 748 – 755 artikuluak.

_ 2/2003 Legea, maiatzaren 7koa, izatezko bikoteak arautzekoa.

Onintze Guridi 2009/02/03

http://guraso.com/

etiketak

Publicaciones relacionadas

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Sartu beheko captcha kodea * Time limit is exhausted. Please reload CAPTCHA.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Mira también

Cerrar
Cerrar