AmatasunaHaurdunaldi

Erditze naturala; emakumeak berea duen protagonismoa nahi du

 

Erditzea eta amatasuna bizitzeko milaka modu daude, emakume adina. Badira ospitaleko zaintzek segurtasuna ematen dietenak, eta alderantziz, badira norbere etxeko epeltasunean erosoago sentitzen direnak. Uzkurduren minari aurre egiten lagunduko dien anestesiaren aldeko apustua egiten dute batzuek, besteek, ordea, hain berezia den unea ahalik eta naturalena izan dadin nahi dute. Aukeratu ahal izatea da kontua.

Erditze momentuan emakumeak izan beharko luke protagonista nagusia, baina maiz ez da horrela gertatzen. Ospitaletako protokoloen zurruntasunak ez du horretan laguntzen. Euskal Herrian, gaur egun, oso urriak dira erditzea era naturalean bizitzeko aukera eskaintzen duten ospitale publiko zein klinika pribatuak. Guztietan, gainera, modu ez-ofizialean.

Arrasateko ospitalean gela bat martxan jartzea erabaki zuen duela urte batzuk Gasteizko Legebiltzarrak. Erditze protokolo berria osatu nahian, hainbat elkarterekin harremanetan ere jarri ziren Osakidetzako arduradunak beraien iritzia jakin nahian. Hala ere, neurri batzuk hartu arren, Europako hainbat herrialdeetatik oso urrun gaude oraindik ere.

Estibalitz Vegas, Bizkaiko Haurdun elkarteko kidea da. «Praktikan jartzea posible iruditzen zait, aldeko jarrera baitu bertako pertsonalak. Arduradunek protokoloa aldatu arren, bertako langileen aldeko jarrera ez badago oso zaila izango da neurria indarrean jartzea. Erditzea esperientzia emozionala da eta zer egiten den bezain garrantzitsua da nola egiten den. Emagina konbentzituta ez dagoenean, nabaritu egiten da».

Ama eta aiten elkartea da Haurdun. Hilero elkartzen dira, gai desberdinen inguruan hitz egiteko. Lehen La Bolsa eraikinean eta orain Ronda kalean, Boluetan. «Lehen unean garrantzitsua izan zen zure ideiekin bat egiten duen norbaitekin hitz egin ahal izatea. Batez ere, epaituko ez zaituelako». Ingurunearen presioa handia dela nabari da bere hitzetan. Edoskitze eta hazkuntza naturaleko beste talde bat ere badarama. «Edoskitzea denboran luzatu nahi izan nuenean sentitu nuen presioa ikaragarria izan zen eta horrek bultzatu ninduen taldea sortzera. Haurrak urtebete badu eta titia kalean ematen ari bazara, bizpahiru pertsona inguratuko zaizkizu zerbait esatera. Bitxia da; zure semeari belarrondoko bat ematen badiozu inork ez dizu txintik esango, baina, aldiz, titia ematen badiozu eta besotan badaramazu, berehala etorriko zaizu norbait. Semeari lau urtez eman nion titia eta oso argi eduki behar duzu, presioa handia baita. Baita osasun arloko profesionalen artean ere. Oso pediatra gutxik jarraitzen dituzte Munduko Osasun Erakundeak eta Unicefek emandako gomendioak».

Vegasen esanetan, arduradunek ere ez dakite zergatik dauden indarrean ospitaletako protokolo asko. «Agian praktika batzuk garai jakin batean izan zuten zentzurik, baina ez gaur egun. Are gehiago, badira prozedura asko arrisku kasuetan zentzua dutenak, baina arriskurik gabeko kasuetan aplikatuta ondorio kaltegarri ugari dituztenak. Beharrezkoa ez den interbentzio bakoitzak beste bat dakar berarekin. Eta gero beste bat, eta beste bat…», esan du.

«Haurdun elkartean badaude era desberdinetako erditzeak izan dituztenak: lehenengoa ospitalean, bigarrena ospitalean baina begirunezko erditzearekin eta hirugarrena etxean. Eta ez dago kolorerik. Ez erditzearen unean, ez ondoren, ezta haur jaio berriarekin amak duen harremana hasten den moduan ere. Eta aurretik etxean anai-arrebarik badago, ezta beraiengandik banatzeari dagokionean. Desberdintasuna ikaragarria da. Baita ospitaleko erditze naturala eta etxekoaren artean ere. Etxean zure espazioan zaude», argitu du. Mendi Gorostiagak ere, bere esperientzia propiotik abiatuta, horixe nabarmendu du.

 

Estibalitzek ez zuen aurkitu etxean lagunduko zion emaginik eta Alacanteko Acuario klinikara joan zen. Ez da damutu. «Uretan dilatatu nuen baina gero, erditzerakoan, erosoago sentitu nintzen kanpoan. Oso hunkigarria izan zen. Erditze erdia dantzan pasa nuen eta bukaera barrezka. Lehen bi zentimetroak dilatatzea izan zen okerrena niretzat. Gero eta erlaxatuagoa nengoen. Kokoriko, ispilu batean haurra nola ateratzen zen begira egon nintzen. Begiak ez nituen momentu batez ere ispilutik kendu, ez nuen detaile txikienik ere galdu nahi. 3 kilo eta 800 gramo pisatu zituen eta ez zidaten punturik eman. Bera besoetan nuela igo nintzen gelara. Ez zuen batere negarrik egin eta berehala titiari tiraka hasi zitzaidan, zilbor estea ebaki aurretik».

Europako beste herrialde batzuetan gertatzen den moduan, etxean erditu nahi duten emakumeen gastuak Osakidetzak bere gain har ditzan eskatzen dute. Europan Holanda da alor honetan aitzindari. Erditzeen % 30 eta % 40 artean etxean izaten dira. Haurdun dauden emakumeei etxean erditzea ordaintzen zaie eta arriskutsua den kasuetan bakarrik joaten dira erietxera. Osasun arrazoirik gabe ospitalera joan nahi duten emakumeek eurek ordaindu behar dute.

Britainia Handian ere gero eta gehiago dira etxean erditu nahi duten emakumeak eta 2009. urterako horrela egin nahi duten guztiei aukera ahalbidetzeko konpromisoa hartu du Gobernuak.

Ospitalean erditze naturala izan nahi dutenen kasuan Munduko Osasun Erakundearen (MOE) gomendioak errespetatzea eskatzen du Haurdun elkarteak, baita beste zenbait elkartek ere. «Ez da honela gertatzen, ospitaletako protokoloek ez baitituzte neurri horiek aurreikusten. Guardia egiten ari den pertsonalaren borondatearen arabera dago. Bizkaiko ospitaletan egun ezinezkoa da erditzea emakumeak berak aukeratutako posturan egin ahal izatea. Hori gauzarik garrantzitsuenetakoa da eta emakumeak ez du horretarako eskubiderik gaur egun. MOEren gomendioak gehien errespetatzen dituen zentroa, ez dakit protokoloagatik edo langileek hala nahi dutelako den, Arrasatekoa da. Amaren nahia errespetatzea nahiko hedatua dago langileen artean. Gurutzetan edo Basurtu bezalako tokietan, berriz, batzuk kontzientziatuta daude baina jarrera hori ez dago hain zabalduta profesionalen artean», esan du.

«Bizkaian etxean erditzeko une onenean gaude», esan du Vegasek. «Sei profesional ari dira lanean, elkar txandakatuz, dedikazio handia eskatzen baitu», azaldu du. Nafarroan lau ari dira eta Gipuzkoan, aldiz, une honetan ez da inor ari.

Etxean laguntzen

Luis Mediavilla emagina da 1994tik eta zortzi urte daramatza etxean erditzen laguntzen (2008an). «Nik gusturago laguntzen diet erditzea bere osotasunean bizi nahi duten emakumeei. Dena den, noski, anestesia epidurala beharrezkoa den erditzeetan ere ez dut arazorik. Baditu bere onurak emakume batzuentzako, baina ez litzateke orokorki erabili behar. Erditze osasuntsuena medikuaren parte-hartzerik gabea da, baina gaur egun erditzea erabat medikalizatuta dago», adierazi du.

Bere ustez, ospitaleetan erditzeak egiten diren moduaren ondorioz, emakumearentzat mina jasanezina da. «Ohean etzanda, ez jan ez edan ezinik… Hori bai, azken aldian edaten behintzat uzten zaie. Gehienak oxitozinarekin estimulatzen dituzte eta ondorioz uzkurdurak mingarriagoak dira. Baldintza horietan erabat normala da emakumeek anestesia epidurala miragarritzat jotzea. Baina ez dute bere ondorioez hitz egiten; kasu batzutan, batez ere erditzea lehenengoa denean, forzepsak eta bentosak erabili beharra eragiten du», azaldu du.

Luis Mediavillak Euskal Herriko ospitaletako praktikak ezagutzen ditu eta garbi hitz egiten du. «Inon ez dago amaren eta umearen eskubideak babesten dituen protokolorik. Zumarragakoa da jaio berriei Unicefen araberako atentzioa ematen dien bakarra», esan du emaginak.

Hiru urtetik gora dira Sonia Montero emaginarekin Daraluz en Casa enpresa sortu zuela. Biek Mendaroko ospitalean egiten dute lan eta handik kanpo etxean erditu nahi duten emakumeei laguntzen diete. Bere ustez emakumeen artean gero eta interes eta kezka gehiago dago gai honen inguruan. Osasun Ministerioan Bernat Soria ministroak ohiko erditzerako atentziorako estrategia sortu berri du. Hori emakume elkarteen bultzada tarteko gertatu da -El Parto Es Nuestro taldearena bereziki-. Emakumeen eskubideekiko konpromisoa duten profesionalen bultzada ere oso garrantzitsua izan da. Mediavillak, aldiz, hainbat alderdiren aldeko jarreraren atzean interes politikoa ikusten du: «Orain modan dago. Baina tristea da horregatik kobratzen duten profesionalak ez izatea aldaketa gidatu dutenak». Bere esanetan, «azterketa guztiek etxean erditzea segurua dela diote. Nik ikusi dut ume bat ospitalean hiltzen, inoiz ez duzu %100eko segurtasunik».

Hego Euskal Herrian urtean 70 haur inguru jaiotzen dira etxean. Kopuru garrantzitsua iruditzen zaio, kontuan izanda «inolako publizitaterik gabe eta presio soziala kontra dutela gertatzen dela. Ginekologoak, aholkua eskatuz gero, ea erotu egin den esango dio lehendabizi».

Adiskide bati lagunduz hasi zen bera etxean. Hasieran, urtean 10 erditze artatzen zituen; orain, 25. «Dei askori ezezkoa eman behar diet», esan du emaginak.

Luis Mediavilla luxuzko gonbidatu gisa sentitzen da erditzen laguntzen. «Erditzea beti da polita. Baina interbentzio gabea berezia da, etxean zein ospitalean. Anestesia epidurala ez jartzeagatik minez dagoen emakumearentzat frustrazio sentsazioa oso handia da. Baina erditzea osagai guztiekin bizi duenarentzat, mina, negarra, beldurra, erditzearen plazera… Gainera, emakume horiek duten botere sentsazioarekin… Sorkuntzaren jainkosak balira bezalakoa da», esan du irribarrez.

Bere esanetan, emakumea osasuntsua bada erditzea gehienetan bide onetik doa. Baina izan du sustorik ere. «Behin ez dakigu zer gertatu zen baina jaioberriak 20 minutu behar izan zituen bere kabuz arnasa hartzeko. Hil egingo zela uste genuen. Egun lau urte ditu», esan du.

Erditzea gertatu aurretik etxea eta gurasoak ezagutzeko hitzordua egiten du emaginak. 1.500 euro inguru kostatzen da etxean erditzen lagunduko dizun emagina ordaintzea. «Gutxienez 37 aste izan behar ditu umeak eta, gehienez, 42. Bost aste horietako epean 24 orduz aurkitzeko moduan egoteagatik kobratzen dugu», azaldu du. Iaz Urte Zahar Gauean senitartean afaltzen ari zela jaso zuen erditzear zegoen emakume baten deia. Gogorra den arren gustura egiten duela nabari zaio Luisi.

Sexu esperientzia

Yolanda Gonzalez gasteiztarrak Alacanten du lantokia. Psikologo klinikoa eta psikoterapeuta, APIR taldearen sortzailea da. Hilero etortzen da Donostiara Toribio Alzaga kalean duen zentrora.

Osasuna bere osotasunean ulertzen du: «Haur eta gazteen prebentzioan aritzen naiz. Erditzea une puntuala da, eta helburua, garapen integralerako oinarri osasuntsua lortzea da, gaur egun baino baldintza hobeagoetan». Baikorra da. «Zorionez, gero eta kontzienteago eta arduratsuagoak dira gurasoak», esan du.

Osakidetzaren asmoez galdetu eta hurrengoa dio: «Pixkanaka aurrerapausoak ematen ari dira baina gutxieneko kasuak dira, kontzientziarik ez baitago eta erakundeek ez baitute honen alde egin».

«Emakume bakoitzak berak nahi duen erditzea izateko eskubidearen jabe izan dadin nahi dugu, betiere informazioa eskura jarri bazaio. Gu ez gaude ospitaleko erditze tradizionalaren aurka, amak horrela nahi badu», azaldu du.

«Erditze naturalaren onuren artean, lehenengoa eta amarentzat ezinbestekoa, seme-alabaren jaiotzaren protagonista izatea da; gainera, kanpoko ebakuntzarik gabe zure umeaz erditzeko gai izateak berekin daraman poztasunarekin. Emakumeari segurtasun handia ematen dio ondorengo amatasun prozesurako -adierazi du-. Emakume askok kontatzen dute erditzea lapurtu egin dietela sentitu dutela. Erditzea sexu esperientzia da, intimoa, eta errespetatu egin behar da sexu harremanak errespetatzen diren bezala».

Erietxeetako praktikei dagokienez bere ustez arazoa da ohikeriaz egiten direla, «ez dagoelako aurretiazko diagnostiko indibidualik. Europan aspaldi baztertuta dauden praktikak dira, gainera».

Yolandaren alabak 16 urte ditu. «Bizitzan izan dezakezun esperientziarik ederrena» bezala gogoratzen du haren jaiotza. Hondarribiko etxean izan zen. «Miraria da zure gelan alabari ongietorria egitea, ahaztezina».

Bi emagin izan zituen alboan. «Uneoro kontrolpean egon nintzen. Ez da historiaurrera itzultzea. Haurrak ez zuen negarrik egin eta lau orduz hartu zuen titia», kontatu du.

Xole Aramendi

2008ko Uztailaren 04a

gaur8.info

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button