Oparipuina: Nahiaren nahiak

I.- Izenen iratxoak.

 1.- Nola aukeratzen dira izenak?

Nola aukeratzen dira seme-alaben izenak? Modu asko daude: aitona-amonaren, osaba-izeben edo ama-aitarena jarrita, libururen batean aurkituta, herrian entzundako berezienak errepasatuta, asko maite dugun norbaitena aukeratuta, esanahiaren arabera, beste hizkuntza batzuetan bilatuta, Seaskako egutegian begiratuta, izenik arraroenak biltzen dituzten zerrendak miatuta …. Mila modu daude. Zenbait herrialdetan umea jaiotzen den astegunaren araberako izenak ere badira (adibidez Ghanan asteazkenetan jaiotzen diren neskei Akua deitzen diete, eta ostegunetakoei Abba; eta Tibeten, Dawa astelehenetan munduratutako mutilei, eta Migmar asteartekoei.)

Hala ere, erabiltzen dugun metodoa erabiltzen dugula, izen baten bila gabiltzan guztietan badira iratxo txiki batzuk gure belarrien inguruan aukeraketa egiten ez dugun bitartean gure ondotik aldentzen ez direnak: izenen iratxoak dira.

 
iratxoa1

 

Iratxo hauek bi dira: Txiliflito eta Garrasi. Txiliflitok gure belarrietan ezkutatu eta txirula jo besterik ez du egiten (beno, tarteka izen bat edo beste botatzen du, baina beti burutik pasatzen zaizkion itsusienak, adibidez: “Jarri Krixpin, jarri Krixpin” esango dizu; agian hortik datoz izen berezienak eta baita politenak ere, Krixpin aski polita baita!). Txirula jotzen hasten denean, soinu txiki bukaezin eta jasanezin bat entzuten dugu. Oso iratxo bihurria eta alferra da, baita bietatik dibertigarriena ere gero ikusiko dugun bezala.

iratxoa2

Bestea, Garrasi, hura da izen aukeraketarekin jo eta su jarduten duen bakarra. Izenak garrasika proposatzen dizkigu belarrira (garrasika bere ahotsa oso fina delako, bestela ez genioke entzungo.) Garrasik hitz egiten digunean, gure pentsamendua dela uste izaten dugu.

Gauzak horrela, asko kostatzen da bi iratxo hauen presentziaz jabetzea. Agian, horregatik ez duzu orain arte jakin, irakurle.

 

2.- Izen labur eta belarri tiradizoen zergatia.

Txiliflito eta Garrasiri gehien gustatzen zaizkien izenak izen laburrak dira, 5 hizkitik pasatzen ez direnak. Gainera, iratxoak direnez, haien botere magikoak erabiltzen dituzte izenekin. Hara zer egiten duten. Aukeratutako izenak dituen hizkiak zenbatu eta zenbakia, izenarekin batera, hosto batean idazten dute. Demagun guraso batzuk 5 hizkiko izena hautatu dutela jaioko den umearentzat. Ume horrek bost urte betetzen dituen egunean, kandelak itzaltzean eskatuko duen nahia iratxoek betearazi egingo diote!

 urtebetetze_txikia

 

Horrelako egun berezietan hortxe egon behar izaten dute iratxook, urteak betetzen dituenaren belarrian erne, umearen pentsamendutik zizt! pasatzen den nahia ondo-ondo harrapatzeko. Baina askotan bata bestearekin eztabaidan hasi, edo lo gelditu ere, eta eskatutako desira galdu egiten dute. Horregatik, iratxo hauengan sinesten dutenek urteak betetzen dituenari tira egiten diote belarritik, urte bakoitzeko tiradizo bana emanez, bertan dauden iratxoak esna daitezen.

Iratxoengan sinesten duten gurasoek izen laburrak aukeratzen dituzte haien seme-alabek egun magiko hori lehenbailehen bizi dezaten, baita txiki-txikitatik ere nahien indarrean sinesteko ere. Hara hor zergatik entzuten ote diren hainbeste Ane, Eki, June, Iker, Oier eta Nora bezalako izen motzak, eta hain gutxitan Agurtzane,  Miren Laurentze, Ion Jokin Kelmendin, edo Ane Goizeder Gaudentze bezalakoak.

Izenen iratxo hauek badute beste berezitasun bat, ia-ia aipatu gabe utzi behar nuena: zure urtebetetzean belarri gainean haietako bat harrapatzeko gai bazara eta preso hartzen baduzu, nahi adina desira betearaziko dizkizu. Eta azken hau izan zen gaurko gure protagonista den Nahiari gertatu zitzaiona.

 

 

II.- Nahia

 “Nahia; bost hizki” apuntatu zuen Garrasi iratxoak izenen hostoan Nahia jaio zenean. Handik bost urtera, Nahiak bost urte bete zituen egunean hain zuzen, hor zeuden, zintzo-zintzo, kandelak itzali eta desira noiz eskatuko zain, eta, halako batean, gure neskatoak esan zuen:

–         Zatoz hona, zomorro potolo!

Eta taka!, eskuarekin harrapatu zuen Txiliflito, euliak ehizatzeko zuen abilezia beste behin ere erakutsita. Ezusteko handia eraman zuen, ordea, harrapatutakoa eulia ez eta kolpearekin erdi txoratuta zegoen beste zerbait zela konturatu zenean.

–         Eta zu, zer zomorro mota zara zu? Labezomorroa? Erlastarra? Gau-tximeleta? Esan!

–         Aaaa, uuu, eee?? Ni Txiliflito naiz, izenen iratxoa. Eta, harrapatuta naukazunez, orain zure esanetara nago. Nahi duzuna eskatu eta betearazi egingo dizut.

–         Nahi dudana? Zera, ba, hauxe gura dut: oraintxe bertan kanpin batera joan.

Esan eta egin: hantxe zegoen Barakaldoko gure Nahiaren auzoa kanpin bihurtuta, karabana horietako batean bere urtebetetzea ospatzen.

–         Guau!

–         Zer? Txakur bat nahi duzu orain?

–         Ez, txotxolo! Beste zerbait eskatu dezaket?

–         Bai, nahi duzun guztia.

–         Ba, nahi nuke nahi nuke nire urtebetetze honetan Pirritx, Porrotx eta Marimotots egotea.

Esan eta egin berriz ere: hantxe agertu eta hasi ziren “Hau Lore eta hau Pupu…” abesten. Barakaldon ordea, kotxe eta zarata gehiegi zeuden pailazoen kantak ondo entzuteko, eta Nahiak eskatu zuen:

–         Soinu eta zarata guztiak desagertu daitezela!

Esan eta egin: Barakaldo guztia Saharako basamortua baino isilago gelditu zen, baita pailazoak mutu ere! Eta isiltasun hartan denak, den-denak lo gelditu ez ziren ba!

–         Hau kaka zaharra! Ez dakizu desirak betetzen! – Nahiak haserre iratxoari.

–         Agian zu zara ondo eskatzen ez dakizuna … – Iratxoak.

–         Hara, zomorro, ondo entzun eta ez txapuzarik egin oraingoan: esnatu daitezela denak, debekatuta lo egitea, eta Barakaldo osoa ohe elastiko handi bihurtu dadila!

Lurra, errepidea, kotxeak, farolak, denak bilakatu ziren bigun eta elastiko.

 neska saltoka txikia

Arratsalde osoa eman zuen Nahiak salto eta jauzika, iluntzerako oso nekatuta bukatuz. Neka-neka egina igo zituen etxeko eskailerak, bigun-bigunak zirenak. Ohe elastiko bihurtuta zegoen bere ohean lo egiten saiatu zen, baina ezin, inork ez baitzion uzten.

–         Debekatuta dago, ez al duzu gogoratzen? – Iratxoak.

–         Nekatuta nago, afaldu eta lotara joan nahi dut!

Kostata iritsi zen sukaldera, etxeko lurra ere elastikoa baitzen. Eta lortu zuenerako, hara ze ezustekoa! Sukaldea ere elastikoa zen ordea, ezin surik piztu ezta ezer ere prestatu.

–         Nekatuta nago, zomorro! Dena lehengora itzuli dadila!

Eta Nahiak, berriz ere, bere etxe normalean aurkitu zuen bere burua, kandelak itzaltzeko unean, nahiren bat buruan bueltaka eta gertatutako guztia ahaztuta. “Ohe elastikoetara joan, hori da nahi dudana” eskatu zuen gure neskatoak. Iratxoek Nahiaren belarrietatik gurasoen belarrietara salto egin eta alabaren desira kontatu zieten, baita aurretik eskatutako guztiak ere. Kandelak itzaltzean, gonbidatu guztiek metroa hartu eta ohe elastikoak zituen hondartza batera joan ziren, urtebetetzea saltoka eta jauzika ospatuz. Kasualitatez, han Pirritx, Porrotx eta Marimotots zeuden kantari. Azken sorpresa gauean iritsiko zitzaion, bertako kanpinean lo egitera eraman zutenean.

camping

Bere urtebetetzerik dibertigarriena izan zen, magikoa benetan, bizitzan behin bakarrik bizi izaten diren horietakoa.

Nahiak ezin izan zuen inoiz bere desira guztiak betetzeko aukera galdua zuela jakin. Berdin zitzaion, ordea, lehen aipatu dugun bezala Nahia izena duten guztiek azkenean lortzen baitute nahi duten gehiena, nahien indarrean sinesten dute eta. Ez al da horrela, Nahia?


Hondarribian, 2013ko apirilaren 1ean, Aste Santuko oporretan salto batean bukatutako ipuina.

 

 

 

Publicaciones relacionadas

Deja una respuesta

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Botón volver arriba