Jone Areta Urrestarazukolaborazioak

Ama maite dut. Aita maite dut.

2016/07/29 Jone Areta Urrestaratzu

Nire gurasoak ez dira elkarrekin bizi. Lehen hiruok etxe berean bizi ginen, baina badira urte batzuk, nire amak eta nire aitak elkarrekin bizitzeari utzi eta bakoitza etxe batean bizitzea erabaki zutela.

 

Hortik aurrera asko aldatu da nire bizitza. Orain bi etxe ditut eta amatxoren etxean lo egiten dudan arren, arratsaldeak aitarekin ematen ditut. Gero oporrak iristen dira eta orduan opor erdiak amaren etxean ematen ditut eta beste erdiak aitarenean. Baina nik ezin dut erabaki, paperean idatzita omen dago, noiz egon behar naizen bakoitzarekin.

 

Orain ez gara inoiz hiruok elkarrekin egoten eta nik hori gustuko nuen. Aita eta ama ez dira elkarrekin egoteko gai, ez dute elkar maite. Ni maite naute eta nik ama eta aita berdin maite ditut, ilargiraino eta buelta!! Baina batekin ala bestearekin nagoenean zer egin dezakedan eta zer ez ikasi behar izan dut. Ez da erraza izan, baina denborarekin bata eta bestearen eskakizunetara egokitzen joan naiz. Dena den, askotan nire nahia eta beharren kontra aritzen naiz. Ez dute ulertzen batekin egon arren, bestea ikusten dudanean, bere besoetara botatzeko beharra izaten dudala, nik biak maite ditudalako.

 

Urte gutxi izan arren, heldu askok menperatzeko gai ez diren emozioak kudeatzen ikasi behar izan dut, eta bata besteari buruz gauza zakarrak esaten dituela entzun behar izaten dut. Hau ez zait gustatzen, gorroto dut!! Nik maite zaituztet!! Utzidazue niri bata eta bestea nolakoa den ezagutzen. Ez dut zuen borrokaren erdian egon nahi. Nik zoriontsu izan nahi dut. Izan zaitezte zuek ere zoriontsu.

 

Maite zaituztet!!

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button