Itxaro Mendizabal Amundarainnabarmenduak

Zer garrantzia dute emozioek ikaskuntza prozesuan?

Itxaro Mendizabal Amundarain – 2017 Abendua

Ikasketa orok oinarri emozionala du.-Platón.

Ikasgelan haurrak emozio-koktel batetik pasa behar izaten dute. Presio akademikoaz gain gizarteak ezartzen duen presioak ez du laguntzen. Emozio-koktel honen barruan pozik, haserre egotetik, minduta, harro, barregarri sentitzea, urduri egotera pasatzen dira minutu gutxiren barruan. Eskola haurrentzako, emozioz betetako presio-eltze bat da.

Emozio guzti hauetatik pasatzeak ikaskuntzan ez du laguntzen, komunikazioan, arretan eta memorian eragin handia dute eta.

Hezkuntzaren helburua ongizate pertsonal eta soziala sustatzea izan beharko litzateke. Ongizate emozionala lortu behar dugu, lagunduko dioten emozioak esperimentatzea eta honela zoriontasunetik gertuago egotea. Horretarako beharrezkoa gaizki sentiarazten duten emozioak ondo kudeatzen ikastea.

Hezkuntza esatean ez gara soilik hezkuntza formalera (eskoletara) mugatuko, edozein testuinguruan egiten den ikaskuntzara baizik. Eskola da ordea, familia guztietara heltzeko modu bakarra, ikaskuntza formaletik pasatu behar izaten dugu eta herri aurreratuetan bizi garen pertsona orok.

2003. urtean Nel Noddings-ek (feminista, hezitzailea eta filosofa), eskoletan bizitzarako prestatzearen garrantzia azpimarratuko du, eta ez soilik berak dioen bezala “trebezia ekonomikoetara” (Happiness and Education, Cambridge liburua).

Ikaste prozesua

“Ikaskuntza, ikasketa ere deitua, izaki baten kognizio-sistema (ezagutzei, trebeziei eta horien baliagarritasunari dagokienean) praktika baten bitartez eta modu iraunkorrean errealitatearen ingurune batera egokitzen duen gogamenaren jarduera da. Portaeraren jatorrizko eragiletzat jotzen da. Ikaskuntzaren kontzeptu murritz bat aski zabaldua ere badago, ikaskuntza ezagutza baten bereganatze edo oroimenean finkatze hutsarekin parekatzen duena” (wikipedia).

Eskola barruan ezagutza hauek irakasle batek helaraziko dizkio ikasleari, Pasatzen dion informazio honek zentzu bat, helburu bat izan beharko du jasotzailearentzat, honek bere garunean gordetzeko interesgarria dela sentitu behar bait du. Ikasi behar dugun horrek arreta eskatuko digu beraz. Gure zentzumenek, informazio hori gure etorkizunerako interesgarria bezala jaso behar dute, gure bizi-iraupenerako beharrezkoa dela sentitu. Emozioa, motibazioa ta kuriositatea piztu behar ditu.

Arreta lortzea, ikasketarako eta memorizatzeko aurre pausu bat dela esan genezake.

Ikasketa prozesua esplizitua edo emozionala (inplizitua) izan daiteke. Aurrenekoak energia kontsumo handia eskatzen du, esfortzu kontziente bat (arreta selektiboa eta denboran zehar iraupena duena) eta errepikapen jarraia (garunean gordetzeko). Prozesu geldoa izateaz gain, azkar ahazteko aukera asko dituen modua da hau.

Ikasketa emozionalak aldiz, ez du esfortzu handiegirik eskatzen. Ikasketa prozesua automatiko eta inplizitua da, erraz barneratzen da eta denboran zehar irauten du.

Ikasketa prozesu bat gustura egiten bada eta materia ondo barneratu, lorpen sentimendu handia izango dugu eta ikasten jarraitzeko gogo gehiago jarriko zaigu. 

Emozioak

Emozioak definitzea ez da lan erraza. Bat-batean agertzen diren intentsitate handiko erreakzio afektibo bezala definitu genitzake, iraupen motza duten arren, beraien ondorioz sortzen diren aldaketa somatikoek denboran zehar iraun dezaketelarik. Emozioak modu askotara eta helburu desberdinekin sor daitezke, ondorio erabat desberdinak ekarriz. Emozioek gure biziraupena bermatu dute urteetan zehar.

Bisquerra-ren arabera (2003), emozio bat honela sortzen da:

      1. Gure garuneko zentro emozionaletara informazio sentsorial batzuk iritsiko dira.
      2. Erantzun neurofisiologiko bat sortuko da.
      3. Neocortex-ak informazio hau interpretatuko du.

Emozioak kontrolatzea ezinezkoa da, baina bai beraiek sortzen digutena, emozioa sentitu ondoren guk nola erantzun erabaki dezakegu eta. Emozioek sortzen digutenak eskutatik alde egiten digun momentuan, bai irakasteko eta bai ikasteko gaitasunak galduko ditugu.

Durham eta Lancarter (Erresuma Batua) unibertsitateetan egindako ikerketa baten arabera amaren sabelean dagoen umekia gai da emozio edo sentipen desberdin batzuk adierazteko (Laterality: Asimmetries of Body, Brain and Cognition, 2014). Jaio aurretik sentitzen baditugu, emozioak gure eguneroko esparru guztietan daudela konturatzea ez da zaila.

Memorian gordetzen diren oroitzapen gehienek karga emozional handia dute. Emozioek ikasten laguntzen digute. Hau honela izanda, ezin ditugu hezkuntza munduan emozioak baztertu. Emozio hauek ‘positiboak’ badira, irakas-ikaskuntza prozesua erraztuko digute, eta ‘negatiboak’ badira berriz, prozesu hau zailduko dute.

Garai bateko hezkuntza, irakaslea eta bere ezagutzetan zentratu bazen ere, gaur egun, ikasleari garrantzia ematen hasi gara. Irakasle-ikasle tandema osatu da eta irakaste prozesuan ikasle horrek dituen gaitasun eta trebetasunak gehiago hartuko dira kontuan.

Zein da orduan emozioen eragina irakas-ikas prozesuan?

Irakas-ikasketa prozesuan emozio bidezko lanketa sartzen den momentuan, emaitza hobeagoak lortuko dira, emozioen bidez materiak eta baliabideak hobeto transmititu eta barneratzen direlako. Luzera begira gainera, ez da ikasgeletan ikasitakoa bakarrik geratuko, emozioak kudeatzen dakien pertsona batek bizitza osorako baliabideak eskuratuko ditu, etorkizunean bere bizitza-kalitatea hobetuz. Azken finean, emoziorik gabe ez dago arretarik, ez ikasketarik, eta ez memoriarik.

Irakasleek beraien irakasteko modua, ikasleen ikasteko moduarekin elkartuko balute, bi aldeetako emozioak kontuan izanik, ikasle hauen errendimendu akademikoa handiagoa litzateke, hemendik emozio ‘positiboak’ sortuz eta honek era berean ikasketa handiagoa ekarriz. Ikasketa eta emozio zirkulu bat sortuko litzateke. Alderantzizko kasuetan ordea, apatia, interes eza, antsietatea agertuko lirateke, ikasleak ikasten ez duelako eta irakasleak ez duelako aurrerapenik ikusiko (A. Campos, 2010).

Hezkuntza emozionalak, gaitasun emozionalen garapena du helburu bezala. Bakoitzaren emozioak ezagutu, sentitu, ulertu, adierazi eta modu egokian kudeatzeko beharrezkoak dira gaitasun hauek.

Gaitasun emozionalen garapena gainera ez da inoiz amaituko eta horregatik du hainbesteko garrantzia bizitza-ziklo osoan zehar eskura izateak. Haur hezkuntzatik hasi, lehen hezkuntzara pasa, bigarren hezkuntzan jarraitu, familia, gizartean, helduaroan…

Emozionalki osasuntsua den pertsona batek, ikasle zein irakasle izan, ikasteko/irakasteko gaitasun handiagoa izango du.

Gure emozioak identifikatzen jakiteak, nola sentitzen garen identifikatzeak, pertsona bezala hobeto ezagutzen lagunduko gaitu. Honela, gure portaerak zentzu positibo bat izango du eta gure emozioak hobeto espresatuko ditugu. Estresa, antsietatea eta depresio egoerak kudeatzeko kapazitatea garatu daiteke emozioak ondo ezagutu eta erabiliz. Gizarte gaitasunak handitzen dira, autoestimua indartu, biolentzia tasak jaitsi eta ikasketetan emaitza hobeak lortzen dira.

Garbi izan behar duguna zera da. Ikasi nahi ez duguna, ez dugula barneratuko. Ez dugu motibatzen ez gaituen hori ikasiko, eta ez bagaitu motibatzen, guregan emozio ‘positiborik’ sortzen ez duelako da.

Ikastetxeetan hezkuntza emozional egoki bat beharrezkoa ikusten dugu; ikasleak bere burua ondo ezagutu behar du eta ondokoak ere ezagutu beharko ditu, elkarren arteko errespetua, enpatia eta kohesioa sortuz.

“Sormenetik, irudimenetik eta batez ere plazerretik irakatsi behar dugu. Ikasgela leku goxo bat izan dadila, ezagutzarekiko eta aurkikuntzarako pasioa transmititzeko egokitua” (Carolina Frigerio.)

“Eskolan, haur baten auto-ezagutzarako gaitasuna, autoestimua, autonomia eta batez ere, bere adimen-eremu emozionala landu beharko litzateke. Hau bera izango baita, bizitzarako baliagarrien izango zaion ikasketa. Aspektu emozional hauen lanketa eta garapen egoki batek ekarriko baitu bestelako eduki akademiko guztien integrazio egokiago bat” (Aintzane Irizar, 2016)

** Ez dago emozio bat positiboa edo negatiboa dela esaterik. Baina bai funtzio positibo edo negatiboa duela. Emozio bera momentu ezberdin batean positibo edo negatibo izan daitekeelako. Beldurra adibidez, positiboa izan daiteke arrisku batetik alde egitera bultzatzen gaituen momentuan eta negatibo geldiarazten gaituenean.

Gomendatutako irakurgaia:

Educación EMocional. Propuestas para educadores y familias. Rafael Bisquerra (Coord). (ed. Desclée de Brouwer, S.A., 2011)

Bibliografia:

223. Hik Hasi aldizkaria-n argitaratua

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button