Elikadura

Baraua

 

Gabonetako otordu pisutsuez gozatu ostean, irabazitako kiloak galtzearen premia izaten da. Askok egun batzuetako baraua egitea aukeratzen dute, baina gorputzarentzat eta adimenarentzat kaltegarria izan daiteke.

Arantza Lorenzo

Pasatu berri dira Gabonak. Orekari eutsi badiogu, apenas nabarituko duen gure gorputzak. Gehiegikeriak anitz izan badira, ordea, ondorioak neurri batean edo bestean sumatuko ditugu. Horren aurrean, badira gorputza garbitu edo irabazitako kiloak galtzeko asmoz egun batzuetarako barauaren ideia buruan darabiltenak.

Baraua modu askotara egin daiteke: erabateko baraua; soilik likidoak edanez; fruta bakarrik janez… Edonola ere, horren inguruan informazio kontrajarri ugari topatuko dugu hainbat iturritan. Izan ere, norberaren esperientzia eta filosofia daude praktika askoren atzean, eta ezin esan hori baliagarria ez denik. Esperientzia pertsonalak eta oinarri finkorik gabeko ikerketa txikiak, baina, ezin dira besterik gabe orokortu.

Ikerketen arabera, hiru egun baino gehiagoz dieta modu hori egitea arriskutsua da, bai gorputzerako, bai adimenerako.

Dieta mota honen zergatia:

Esan bezala, batzuek gorputza garbitzeko arrazoia ematen dute. Egun batean edo bitan egiteak ez du eragin txarrik izango, baina bizimodu aktibo bat eramaten bada, baraua gehiago luzatzea oso arriskutsua izan daiteke.

Nolanahi ere, gehienen helburu nagusia kiloak azkar eta erraz galtzea da. Europako Batzordeak eginiko inkesta batek erakusten dituen datuen arabera, askok eta askok kiloak galdu nahi dituzte berehala eta inongo esfortzurik egin gabe. Eta, galdu, galdu ditzakete, baina elikadura ohiturak aldatu eta modu egokian elikatzen ikasten ez badugu, baita azkar berreskuratu ere.

Zer gertatzen da gure gorputzean baraua egiten dugunean?

Zetosi metabolikoa: Askok baraua hasitakoan ongi sentitzen direla diote: burua argiago sumatzen dute eta arinago daude. Baina gertatzen dena honako hau da: gorputza zetosi metabolikoa izeneko egoera kimikoan barneratzen da. Egoera horretan gorputzak toxina asko ekoizten ditu, giltzurrunetan pilatuz. Izerdia lodiagoa da eta alitosia edo usain txarreko hatsa izan ohi da.

Irensteko arazoak: Baraua denboran luzatzen bada, hau da, denbora luzean likidoa edota fruituak bakarrik irensten baditugu, trakea janaririk ez irensten ohitzen da. Beraz, berriro janaria pasatu behar duenean, zailtasunak, mina, goragale edo gonbitoak ager daitezke.

Digestio eta hesteetako zailtasunak: Gure dietatik hesteetako bakteria onuragarrien babesle diren esneki guztiak ezabatzen baditugu, hesteetan babes gutxiago eta zailtasunak agertzen dira.

Anemia: Emakume gazteetan barauak denborarekin metatzen den burdinaren gabezia eragin dezake, eta larria izan daitekeen anemia bilakatu.

Giharra galtzea: Dieta mota horietan kiloak galtzen dira gihar masa galtzen delako. Koipe apur bat galtzen da, baina giharretako proteinak ere bai. Giharra ehun garrantzitsua da, eta galdutakoa berreskuratzea ez da erraza izaten. Gainera, gihar galera dela eta, indarra gutxitu, eta erortzeko arrisku handiagoa dago.

Hormonetan nahasketak izaten dira, eta defentsak urritu.

Lipotimia, elikadura nahasteak eta halako arazo psikologikoak jasateko arriskua areagotu egiten da egoera horretan.

Azkenik, baraua amaitutakoan berreskuratzen den pisua hasiera genuen baino handiagoa izan ohi da normalean.

Arrazoi horiek guztiengatik, baraua barne hartzen duten dieta motak arriskutsuak dira, eta inolaz ere ez gomendagarriak.

Gomendagarria:

Elikadura orekatu eta osasuntsu baten oinarriak ezagutzen ez badira, hori erakutsi eta elikadura ohitura egokiak bultzatuko dizkigun profesional batekin harremanetan jartzea garrantzitsua da.

Oinarri horiek ezaguturik, eta egunotan irabazitako kiloak gehiegi ez badira —2-4 kilo, esaterako—, normalean egiten dugun dieta orekatu eta askotarikoa jarraitu kantitatea apur bat gutxituz. Ahal den heinean kirola egitea gomendagarria da.

Irabazitako pisua hortik gorakoa bada, beharrezkoa izango da gure pisua, garaiera, adina, egiten dugun ariketa fisikoa, gaixotasun posibleak eta bizitza ohiturak kontuan harturik nutrizio beharrak aztertu, eta horri egokitutako jarraibide dietetikoak erakutsiko dizkigun profesional batengana jotzea.

Gogoan izan elikadura orekatuak askotarikoa izan behar duela, otorduak modu ordenatuan antolatuz eta kantitateak kontrolatuz.

Iturria: http://paperekoa.berria.info/plaza/2012-01-10/037/001/baraua.htm

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button