Erremedio naturalak

Katarroa sendatzeko erremedioak

 

Katarroak, arnasbideetako infekzioak, neumoniak eta, oro har, hotzarekin zerikusia duten gaixotasunak oso ohikoak izaten dira urte sasoi hauetan. Udazkeneko katarro edo gripeak ere zer esanik ez. Nor ez da egon egun hauetan gripeak jota?


Gripea arnasbideetako infekzioa da, influentzia A eta B motako birusek eragindakoa. Badago, hirugarren multzo bat ere, C, baina ez dirudi gaixotasun larriegirik eragiten duenik. Gripea oso erraz transmititzen da. Birusa gorputzean sudurreko, ahoko edo begietako muki-mintzetatik sartzen da. Norbaitek eztula egiten duenean birusa airera ateratzen denez, inguruan dagoen edonork arnastu eta xurga dezake. Gehienetan gripea haurrek izaten dute lehenago, gero beste toki batzuetara zabaltzen dute. Estatistiken arabera, neguan gripeak populazioaren %20ri erasotzen die.

..Nola sendatu?
Gure artean, gaixotasunak sendatzeko sendabelarrak erabiltzen dituzten herritarrak baditugu. Sendabelarren bitartez, infekzioak, zauriak, tentsio altua, gehiegizko kolesterola, diabetea, zizareak, gibeleko gaitzak, giltzurrunekoak, katarroa, handidurak, etab. sendatzen dira.
Iruntzi-belarra edo berbena hainbat eratara prestatuta, gaitz asko sendatzeko erabiltzen da. Horien artean, katarroa, mintzagai dugun gaixotasuna. Guk hiru erremedio erraz aipatuko ditugu txoko honetan:

1) Pasmo-belarrarekin egindako infusioa

Katarro edo gripearentzat pasmo-belarrarekin egindako infusioa oso ona izaten da. Hiru egunetan jarraian hartu behar da, egunean baso-erdi bat eta beti baraurik. Katarro handia daukazunean, egunean bi aldiz hartu dezakezu.

2) Berbena-enplastoak

  1. Arrautzaren zuringoarekin tortila bat egin eta berbena zatiak bota.
  2. Tortila bero-bero dagoela, zapi batean bildu eta honako hiru kasutan jarri: anginetako mina izanez gero eztarrian jarri, eztula izanez gero bularrean edo bizkarrean jarri, eta sinositisa izanez gero, kopetean.
  3.  Gau osoan jarrita eduki, astean behin.

3) Plantila-belarra
Behar diren osagaiak:

  • 7 hosto,
  • 6 limoi,
  • kanela,
  • eztia eta
  • litro bat ur.
  1. Lehenik eta behin, limoiari azala kendu eta zukua egin.
  2. Beste alde batetik, litro bat ur egosi, limoiaren azalarekin, kanelarekin eta plantila-belarraren hostoekin.
  3. Ordulaurden bat utzi sutan. Ondoren, iragazkitik pasa eta egin dugun limoi zukua bota eta goilarakada bat ezti.
  4. Egunean hiru aldiz hartu behar da, goizean, eguerdian eta gauean.

 

Noaua!! 147.alean argitaratua

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button