Adimen EmozionalaFrustrazioakHezkuntza

Premiarik gabeko frustrazioa haurtzaroan

 

Bizitza gogorra eta krudela dela onartu dugu. Eta gure seme-alabak lehenbailehen prestatu behar ditugu horri aurre egiteko. Horregatik, txiki-txikiak direnetik, etengabe aholkuak jasotzen ditugu gure haurrak gaizki ez ohitzeko: “ez hartu besoetan”, “ez egin jaramonik negar egiten duenean, lehenik eskua eskatzen dizute eta, gero, besoa hartu”, “ez eman amore, burutik behera kaka egingo dizute bestela”. Hainbat eta hainbat topiko, helburu bakarrarekin: haur txiki horiek —azalaren kontaktua, begirada maitekorra eta enpatia sakona horrenbeste behar dituztenek— hoztasunaren bidez “gogorrak” izaten ikas dezaten (hala ere, ahazten dugu gogorra izatea ez dela barruko indar handia izatearen sinonimoa) .

Pixkanaka-pixkanaka, gizarteak transmititzen digu koraza eraiki behar dugula gure inguruan. Besteen minaren aurrean koraza zurrun eta sentikaitza eduki behar dugula, “bizitza horrelakoa delako”. Pixkanaka, geure burua babesteko senetik urrunduz joaten gara, geure zentzutasunetik urrunduz, sistemari mendetasunez erantzuten dioten makina bihurtzeko. Arauak onartzen ditugu, irrazionalak izan arren, eta makineriaren parte bilakatzen gara.

Zer ahaztu dugu? Zer nahasten dugu mugei, hezkuntzari, autoritateari, frustrazioari eta abarri buruz hitz egiten dugunean? Ahaztu egiten dugu haurrek berez dutela gaitasuna bere behar premiazkoenak zein diren guk baino hobeto SENTITZEKO. Ahaztu egiten dugu, zentzutasunaren aurka doazen eskuliburu edo gomendioei jarraitzen diegunean, autonomia eta autoestimuaren prozesu naturalak behartzen ari garela, eta autoestimu egokia lortzeko nahikoa dela haurraren oinarrizko beharrak errespetatzea. Haien lehen mailako beharrei sentikortasunez eta enpatiaz erantzuteak bakarrik bermatzen du garapen psikoafektibo osasuntsua izango dutela.

Nori egin dio kalte inoiz besarkada batek, begirada maitekor batek edo gehien behar dugunean norbait alboan izateak? Nori egiten dio kalte maitasunak?

Behar kulturalen frustrazioa behar afektiboen frustrazioarekin nahasten dugu. Frustrazio osasungarri bakarra kontsumismoaren zentzugabekeria geldiarazten duena da. Eraikitzailea ez den telebistaren kontsumismoa. Gehiegizko gozokiena. Badakigu erosiz eta erosiz hutsune eta gabezia afektibo handiak estaltzen ditugula, bai helduetan, bai haurretan. Eta gizarteak ez die mugarik jartzen behar huts horiei; aitzitik, bultzatu egiten ditu. Horiek dira modu adimentsu eta maitekorrean mugatzen ikasi behar dugun bigarren mailako beharrak edo behar kulturalak, eta ez beste batzuk.

Pediatra, liburu-egile, bizilagun askok zalantzan jartzen dituzte edoskitze natural luzearen onurak. Eta euren jarrera justifikatzeko inolako funtsik gabeko psikologizazio eta teorizazioetan oinarritzen dira. Ez dute haur txikien inolako segimendu praktiko eta zuzenik egiten, defendatzen dutena funtsez frogatu ahal izateko. Eta ikerketa egiten den kasuetan ere, gehienetan egungo gizarterako “normala” eta estatistikoa zer den jakiteko izaten da, “osasungarria” zer izan litekeen ikertu eta finkatu beharrean. Gehiengoak egiten duena inposatzen saiatzen dira euren irizpideekin, irizpide horiek zoriontasuna ala zorigaitza, osasuna ala normaltasuna sorrarazten duten pentsatu ere egin gabe.

Bularra eskatu ahala eta denbora luzez emateko beharra ukatzea —amak hala erabakitzen badu; bestela, biberoia kontaktua emanez eta maitasunez emateko beharra ukatzea—, bizitzako funtsezko esperientzia bat ukatzea da: izan ere, plazerra eta maitasuna ezagutzea, aurrerago desoreka psikosomatikoak izatea prebenitzeko era onena baita. Haurrari aukera eman behar zaio bere beharrak zein diren esplora dezan, eta inguruneak haiei erantzuten diela egiazta dezan; horrelaxe sortzen da bizitzarekiko konfiantza eta segurtasuna. Horrek ahalbidetzen du amarekiko lotura sortzea, eta haurrak atxikimendu segurua izatea.

Gurasoak eta irakasleak batzuetan oso desorientatuta egoten gara informazio kontraesankorrezko bonbardaketaren ondorioz. Horregatik, oso garrantzitsua da haurdun gaudenetik gure haurrarekin enpatizatzeko gaitasuna garatzea; horrela, harremanaren “continuum”a —guraso batzuk gure haurrak jaiotzen direnetik autonomo izatera iristen diren arte sumatzen dugun “hari magiko” hori— antidotorik onena izango da haur txikiak haien garapen osasuntsurako hain kaltegarriak diren eragin guztien aurka babesteko. “Hari magiko” horrek ATXIKIMENDUA du izena, eta konfiantza, segurtasuna eta, batez ere, benetako MAITASUNA ditu oinarri.

Yolanda González, APIReko lehendakaria (Asociación de Psicoterapia y Prevención Infantil).

Iturria: guraso.com

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button