0-5HezkuntzaPsikomotrizitatea

Begiratzen dakiten begiak, itxaroten dakiten eskuak

Maitasuna eta ziurtasuna


Rebeca eta Mauricio Wildek, Ecuadorreko Pestalozzi zentroko sortzaileek, argiro azaltzen dute umeekiko maitasuna. Alde batetik, helduaren maitasuna eta atentzioa, kondiziorik gabekoa eta jarraikorra, gauak antsietaterik gabe bizitzen laguntzen duen eguzkiaren distira bezalakoa dela baieztatzen dute. Bestetik, maitasunik gabe askatasunik ez dagoela azpimarratzen dute. Hauen ustetan, dena dago oinarrizko ziurtasunaren eta bizitzan edozein proiektu burutu ahal izateko jasotzen dugunaren arabera.

Haur bati maitasuna ematea, autonomiara heldu ahal izateko, dependentziaren beharra bizitzeko aukera ematea da; haurrari, interbentziorik gabe, inongo kondiziorik jarri gabe, laguntzea da; haurrak bere gaitasun guztiak gara ditzan eta adierazi dadin, ziurtasunezko harreman eta giroa sortzea da.

Afektu honek haurrari bere buruarekin eta inguruarekin armonian eta lasaitasunean bizitzen, bere existentziaz gozatzen lagunduko dio, besteak beste. Hemendik aurrera, plazera izango da gurpila mugiaraziko duena. Catalina Vesgak, Pestalozzi esperimentatu zuen gazteetariko batek, honela dio: “haurtzaro zoriontsu batek bizitzarako tresnak emango dizkizu. Garrantzitsuena maitasuna eta ziurtasuna sentitzea da”.

Errespetua


Ia ziurra da gure seme-alabak bihotz onez maite ditugula, baina posiblea da maitasun hau garratza bihurtzea errespeturik ez badago (Rebeca Wild, 1994). Haurrarekiko errespetua egunerokotasunean ematen diren hainbat egoeretan adierazi beharko genuke, nahiz eta hasiera baten esanahitsuak ez direla iruditu: nola zuzentzen garen haurrarengana, zein tonurekin hitz egiten diogun, nola lotzen dizkiogun oinetakoak, haurra jantzi ahal izateko ahotik eskua ateratzen duen itxaroten diogun… Ekintza hauek guztiak burutzerakoan atentzioa jartzea komeni da, haurrarekin ezartzen ari garen erlazioa norantz batekoa ala bikoa den ziurtatzeko. 

Budapesteko Lóczy Institutuan haurrak oraindik ezagutzen ez duten postura jakin batean mantentze-arazteko ohiturarik ez dagoen bezalaxe, helduok ere ez genituzke behartu beharko, oraindik prestatuta ez dauden egoeretara moldatzera. Gure eginkizuna umearen garai bakoitza errespetatzean baino ez datza; eta ez ordea, barne estruktura nahikorik ez dutenetan sedukzio lanetan aritzea zerbait egin dezan.

Errespetatzea beraz, haurraren berezko erritmoan eta beharretan konfiantza izatea da, arinago joan dadin bultzarik egin gabe; errespetatzea, bere bizi prozesuak, bere barnetik kanpoaldera doan hori, onartzea da.

Hala ere, errespetu hau ez da egokia izaten haurrei ikas dezaten irakatsi egin behar zaiela pentsatzen dugunean eta beraiek bakarrik lor dezaketenaren sinesmenik ez dugunean.

Konfiantza


Sarri uste dugu haurrek ez dakitela eta guk, helduok, ordea, bai. Bestetan, ahantzi egiten zaigu, esaterako, haurrak ere izaki sozialak direla, gu bezala, eta ez direla irakatsiak izan behar gizarteratzen ikas dezaten.

etan sinetsi beharko genuke, baita “ezer” egiten ez dutenetan ere. “Ezer” ez egitea ere garrantzitsua da. Puntu honetan bereziki, arretatsu itxaron beharko genioke haurrari, motibatu zein seduzitu gabe. Honek ez du esan nahi, alderantziz, zintzotasunetik proposatu ezin diogunik. Berehala konturatuko gara “ezer ez egite” horretatik mugimendu, jolas eta ideia berriak sortuko direla haurrarengan. Guztiak adimentsuak eta sortzaileak, haurrarengan konfiantza jarriz, itxaron eta barnetik kanpoaldera adierazten ahalbideratu diogulako.

Ume bat handi egiten den hazi batekin edota igarotzen duen ibai batekin alderatu genezake. Ez da beharrezkoa haziarengan ezer berezirik egitea, ezta errekari bultza egitea, bakoitzak bere bideari ekiten dio modu naturalean. Umilagoak izan beharko ginateke, bere gai egiteko eta ikasteko den haur horri horrenbeste gidatu beharrean.
Haurrengan ezartzen dugun konfiantza ttantta bakoitzak bere autonomia haztea bermatzen du. Winnicotten arabera, terapeutak konfiantzaz itxaroten badaki, pazientea gai da bere kabuz, sakoneko ulerkortasun maila batera heltzea, poztasun ikaragarriz bustia.

Aditzea eta pertzepzioa


Haur txikiak emozio hutsak dira eta ez dute helduon logika ulertzen. Ez dezagun ahaztu haurra heltze prozesu batetan dagoela eta ez duela oraindik pentsamendu operatoriorik. Sarritan uste izaten dugu haurrak gure aurka jartzen direla; ez gara konturatzen ordea, beraiek ez dutela mundua guk bezala ulertzen. Benetan haurrei ulertu nahi badiegu, helduok gara txikien eta nagusion artean zubi lanak egin behar ditugunok.

Horretarako, gure jarrera aditzean eta jasotzean oinarritu beharko litzateke. Aldi berean, haurrak maila desberdinetan transmititzen duen hori jasotzeko eta ulertzeko irekita azaldu beharko ginateke; ez soilik esan edo egiten duen hori entzun eta ikustera. Zaila egiten da ordea, uneoro jarrera honekin zuzentzea, haur baten adierazpenak gure sentimenduekin nahastu gabe jasotzea lan nekeza baita, eta helduarengan deszentrazio maila altua exijitzen baitu.

Baliteke, helduon ez jakintasunarengatik batzuetan, eta arduragabekeriagatik bestetan, hainbat haurrengan berezko erritmoak dantzan jarri izana eta orain, haur hauek galduta sentitzea. Umeekin begiratzen dakiten begiekin eta itxaroten dakiten eskuekin harremandu behar gara (Anna Tardos, 2008), bakoitzak berezkoa duen erritmoa jarrai dezan, heltzear dagoena  noizbait helduko denaren konfiantza izanez.

 

Proposamen espaziala


Helduarena da, maitasuna, ziurtasuna, errespetua, konfiantza eta pertzepzioa bermatzeaz gain, giro egokia eskaintzearen ardura. Haurrek oraindik haur izateko aukera izan dezaten eta beraien interesen araberako adierazpenak bizi ditzaten, denbora-espazioari dagokion antolaketari so egiteko beharra dago.
Haurrarekin, gainezarritako inguru batera moldatzeko, “sendatze” lanak egin beharrean, haur horrek une bakoitzean behar duena zer den ezagutu eta espazio eta denborari dagozkien parametroak egokitzera mugatu beharko ginateke. Modu honetan, haurrek beraien garatze programei ajustatzen zaizkien esperientzia borobilagoak bizitzeko aukera izango lukete. Umea bera da seinalerik esanguratsuena atondu beharreko estrukturak nolakoa izan behar duen zehazteko. Helduok haurrek behar duten hori zer-nolakoa den jakiteko, beraiei aditu baino ez diegu egin behar.
Orokorrean, haurrek espazio irekiak eta zabalak behar dituzte, arriskurik gabekoak eta amaitu gabeko elementu aberatsez josiak. Helburu zehatzik gabe, jarduera espontaneoa ahalbideratuko duen inguruak behar dituzte txikienek. Gogora ekar dezagun: haurra hazi bat bezala da, ingurua prestatu behar da haziak gora egin dezan, baina ez dugu zuzenean bere gainean lan egin beharrik.

Beste begirada bat


Aipatu jarrerokin helduok gure txikienekin harremandu ahal izateko, beharrezkoa da lehenik heldua norbanakoarekin konexioan egotea. Guganako entzute honek bestearekin modu sakonago eta ajustatuago batean harremantzen lagunduko digu.

Lan honetan murgildu ezkero, berehala konturatuko gara haurra behatzeak gure jarreran izango duen eragin zuzenaz. Haurrek uneoro derrigortzen gaituzte hausnarketara. Aita-amak, zein hezitzaileak izatea haurrekin batera ikasteko aukera ezin hobea da. 

 

Bibliografia
•    Pikler, E.: Moverse en libertad. Desarrollo de la motricidad global. Ed. Narcea, 2008.
•    Wild, R.: Calidad de vida. Educación y respeto para el crecimiento interior de niños y adolescentes. Ed. Herde, 2007.
•    Winnicott, D.W.: Realidad y juego. Ed. Gedisa, 2008.

Iturria: Guraso.com
 

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button