Adimen EmozionalaHazieraHezkuntza

«Haurrekiko mugak osasuntsuak eta beharrezkoak dira»

Mugak jartzeko alderdi asko hartu behar dira kontuan, hortaz.

Muga bat jartzeko ez da nahikoa aurrera egiteko jarraibide batzuk izatea, gauza gehiago hartu behar dira kontuan: muga unerik aproposenean jarri behar da eta indar egokiarekin. Hau guztia, noski, ezinbesteko maitasunaren eskutik, maitasunik gabe esaldirik hoberena hutsa baita. Haurrek gurasoen onena eta okerrena islatzen dute, horregatik lehen pausua da beraien sintomak gu heldu moduan hobetzeko aukera gisa hartzea.

Haurrak gero eta gutxiago kontrolatzen direla esan ohi da, helduak geroz eta galduago daudela da arrazoia?

Behar bada. Guri, helduoi, begiratu besterik ez dago mugen gaiarekin argitzen ez garela ulertzeko: neurria izan nahi dugu eta larregi eta gaizki hitz egiten dugu, bikotekidearekin eztabaidatu eta min egiten diogu, gehiegikeriak egiten ditugu oraindik… Oro har,  muga eskasia arazo da eta gugan, besteengan eta elikatzen gaituen planetarengan mina eragiten dute. Ez dakigu gure pentsamenduei, ikusezinei, haserrealdiei, ezta beldurrei ere, mugarik jartzen, eta horregatik ematen ditugu gauak lorik egin gabe, esaterako norbaitek esan digunaren ondorioz arduratuta, gure buruari min egin arte. Mugen kontu honetan helduoi hobetzea falta zaigu, argi dago. Gure haurrak hobetze horretarako aukera bat dira, beraien muga eskasiak gure gabeziak eta nahasketak islatzen ditu eta.

Gurasoek askotan zer egin behar duten jakin nahi dute, erantzun erraz bat jaso nahi dute, zer esango zenieke?

Erantzun errazak ongi hartu ohi dira, baina elbarritu egiten dute askotan. Adibide bat jarriko dut:  futbol entrenatzaile baten jarduna egin daitekeena eta egin ezin daitekeena esatea da bakarrik? Argi dago ezetz. Jokalariak zaindu beharko lituzke, batez ere,  ezusteko uneetan jokaldi egokienak ikusi eta sortu ahal izateko, beraien gaitasunetan konfiantza izan dezaten… Jokalariei entrenatzerakoan mugak jarri behar zaizkie, baina badira ezinbestekoak diren beste hainbat faktore ere. Une bakoitzean behar den jarrera ez duen entrenatzaile batek ezin du bere lana ondo egin. Beharrezko nahitasuna erakusten ez duen entrenatzaileak ezin du bere jokalarietatik onena atera.

 

Eta jendarteak baloratzen al du hau guztia?

Behar bada ez, baina horri irtenbidea eman al zaio. Aitaren, amaren edo zaintzailearen papera ongi betetzeko ez da nahikoa uneko petatxuak jartzea, zerbait gehiago egin behar da ideologia eta teorietatik at. Guraso edo zaintzaileari haur horien bihotzetara heltzea dagokie; haurrak zaindu egin behar dira mundu konplexu honetan ekiten eta moldatzen jakin dezaten, eta hori norberaren beldurrak, haserreak, ezinikusiak, ondoezak… ulertzeko jarrera edukita egin daiteke, hori guztia gainean daramagun zama baita, egoera askotan, maitasunez, aurrera egiten uzten ez diguna. Haurren zaintzan mugen gaiak zati txiki bat baino ez du hartzen, garrantzitsua bai, baina zati bat baino ez. Bizitzan sakontzen saiatuz gero haurren bihurrikeriei konponbidea emateaz gain, pertsona bakoitza berriztatu egingo da, gainetik pisu handia eta estutasunak kenduko ditu eta hainbesteko samintasunez gogoratutako alaitasuna berreskuratuko du.

Adibide praktiko bat jarriko dugu, zer egin behar da otorduetan zertxobait jan eta jolasten ari den haurrarekin? Janaria eman behar al zaio edota jolas egiten utzi?

Lehenik eta behin, haur txiki horren jolasteko desioa une horretan duen benetako beharra den ala ez ikusi behar dugu. Horrela bada, jolasten utzi beharko genioke, jolastea sarri, askoz osasuntsuagoa baita haurrentzat jatea bera baino. Alderantziz, geldi egon ezinik, urduri dagoelako jolasten hasten bada, atentzioa bereganatu nahian adibidez, orduan, besoetan hartu eta gauza maitagarriak esatea komeni da. Eskatzen ari den arreta hori ematean lasaitu eta jaten hasiko da segituan.

Askotan gurasoek ez dute horretan guztian pentsatzeko astirik ordea…

Gurasoek ulertu behar dute haurrek maitasun asko behar dutela eta haurren egonezinaren sustraia zein den aztertu behar dutela, bestela, oinarria zein den jakin gabe adabakiak jartzen hasten badira, egoera okerragotu besterik ez dute egingo. Beste adibide bat jarriko dut. Behin bide ingeniaria den lagun batengana joan nintzen autopista bateko zubi bat eraikitzen ari zirela.

Betoiak jasan behar zuen prozesuaren garrantziaz hitz egin zidan, presarik gabe egin beharra zegoela eta bukatu eta segituan pisua gainera botata zubiak behera egingo lukeela esan zidan. Ez da lehen aldia izango zubi erorketek hainbat heriotza eta sufrimendu eragiten dituztela eta hori prozesuaren denbora bere osotasunean errespetatua izan ez delako izaten da. Gure seme-alaben haurtzaroa etorkizuneko oinarria da eta horregatik da oso garrantzitsua haurrek oinarri hori bere egiteko denbora izatea, horiek dira eta, heldu egiten direnean bizitza sostengatuko dutenak.

Haurra horrela zainduz gero nagusia egiten denean entzuten jakingo du, presioak eramangarri egingo ditu, ez da guztiaz kexatuko eta irtenbide bat ikusiko du, ez dagoela iruditzen zaigunean ere.

Eta haurra modu honetan zaintzearen gauzarik hoberena da osotasunean bizitzen ikasiko dugula eta jakintsuago izango garela.

 

2012/09/18

Nork 

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button