Edoskitzea

Edoskitzea: “Babesa eta informazioa, amari laguntzeko tresna onenak”

 

Edoskitzekagatik egorea zailean zeuden amei laguntzeko xedearekin sortu zen Esnearen lehen liga AEBetan, Chicagon hain zuzen ere, 1956an. Gaur egun mundu osoan zehar ditu amagandik amarako laguntza elkarte horrek adarrak, Euskal Herrian bertan ere bai. Eileen Harrison La Leche Leagueko Europako presidentearean arabera, umea jaio osteko lehen hilabetean —aurreneko 15 egunetan bereziki— behar izaten dute amek laguntza eta babes handiena, umea oraindik ohitu gabe eta esnea erregulatu gabe baitago, eta edoskitzea orduan gertatu ohi da zailena: “Sentsibilitate goreneko eta emozio ugarieneko lehen egun horietan edoskitzea ez bada ondo bideratzen ez amak hartuko du bere buruarengan konfiantzarik, ez umea ondo elikatuko da”. Pitinka, haurrak hurrupatzen duen neurrian, esnea ekoitzi eta sortuko du. Egoki hurrupatu ezean, umearentzat zein amarentzat arazoak sor litezke, eta une hori oso ondo zaindu beharrekoa da, Harrisonen arabera.

 

Alabaina, edoskitzea erregulatu aurretik utzi egiten dute ama askok, eta Ligaren arabera, gertukoen eta profesionalen babesa gakoa izan liteke hala nahi duen andreari edoskitzen laguntzeko eta arazoak gainditzeko. Gertukoenen aldetik, ama bezala bikotekidea eta umearen hazieraz arduratuko diren helduak haurdunalditik beretik, edoskitzearen balioaz ondo informatuak egotea gomendatzen dute Ligako monitoreek. “Entzun egin behar zaio amari une gogor horietan, zalantzak argi-tzen lagundu, arazoak identifikatzen eta soluzioak bilatzen lagundu”, adierazi zuen Harrisonek. “Ez dezala ama batek edoskitzea utzi inguruan aski babes ez daukalako”.

 

Profesionalen aldetik ere, egokiena eta osasuntsuena edoskitzea dela esanagatik ere, Euskal Herriko osasun zentro askotan biberoia “erraz-keria handiz” ematen dute Euskadiko Esnearen Ligakoen arabera, “horrek umearengan, amarengan eta atxikimenduan eragin ditzakeen kalteetan erreparatu gabe”. Nahiz eta azken urteetan zentro askok errutinak aldatu dituzten, ospitale zenbaitetan erditze unetik beretik hasten dira edoskitzea galarazten duten interferentziak. Erditze osteko lehen uneetan umea amagandik bereizten dute oraindik zenbait lekutan,

edoskitzea galaraziz, edota praktika desegokiak gomendatzen dituzte, hala nola, esne-hartzean denboran neurtzea; edo edozein arazo —nahikoa pisu ez hartzea haurrak, edo amak zauriak edukitzea— lehen-lehenik biberoiarekin konpontzen dute beste alternatibarik gabe.

 

Edoskitzearen kultura berrezartzeko, formulako esnearen arriskuak ezagutarazteaz eta edoskitzeko hautua egiten duten amek babesa jasotzeaz gain, politikak aldatu beharra nabarmendu zuten sinposiumean. Euskal Herriko amatasun bajek ez dute Osasunaren Mundu Erakundearen sei hilabeteko gutxieneko edoskitze epea bermatzen, Ipar Euskal  Herrian 16 asteko amatasun baja dute, baina 6 aste erditzearen aurretik hartzekoak dira, eta 10 ondoren, eta Hego Euskal Herrian erditu ostean lanera itzuli aurretiko baja 16 astekoa da erditze arruntetan —18 bikien kasuan—.

Europaren kasuan, amatasun baja luzeenak dituzten herrialdeek dituzte edoskitze kopuru altuenak eta luzeenak. Suedia, Danimarka eta  Norvegiak dituzte amatasun baja luzeenak —96 aste, 50 eta 42 eta 56 artean, hurrenez hurren—.

Baxuenak, berriz, Portugalek (12), Alemaniak (14), Belgikak (15).

 
 Iturria: hikhasi

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button