Oparipuinak

Oparipuina: Paperak alda ditzagun

danborraJonek korrika alde egin zuen gelara. Minutu batzuk beranduago agertu zen danbor bat eskuan zuela eta Aneren alboan eseri zen. Danborrari kolpeka hasi eta Ane haserretu zen.

 –        Ama! Esan Joni isiltzeko!

–        Isiltzeko? Isil-isilik dago eta.

–        Aita! Amak ez dit kasurik egiten! Esan Joni isiltzeko!

–        Ane, Jon ez da hitz egiten ari!

–        Baina ez dut trikitixa entzuten!

–        Azkar aita, Jon, goazen larrialdietara! Anek ez du trikitixa entzuten!

Algara batean lehertu ziren bat-batean lauak. Elkarri begira eta barrez. Barre algaraka zeudela Joni danborra lurrera erori zitzaion eta amak hartu zuen ziztu bizian. Jon albo batetara mugitu eta Jonen lekua hartu zuen. Aitak Aneri trikitixa eskatu eta Aneren tokia hartu zuen.

Aita eta ama Jon eta Ane irudikatzen hasi ziren. Trikitixa, hala moduz, eta danborra kolpeka entzuten ziren. Musikatik oso urrun zegoen han entzuten zen zalaparta. Eta Ane eta Jonen algaren hotsek zarata hareagotzen zuten.

Pare bat minutuz besterik ezin izan zioten zarata horri heldu, beheko bizilagunak erratzaren makilaz lurrean tok-tok-tok egin zuen arte.

Bost bat segundoko isilunearen ondoren, algara erraldoia lehertu zen berriro egongela hartan. Nabaria zen maitasun handiko familia zela. Hika mika handienak ere irribarre edo algara batean amaitzen baitziren.

–        Ideia bat daukat! – Anek pozik.

–        Nik ere bai! – Jonek urduri.

–        Nirea lehenengo- Anek.

–        Biok batera!- Jonek.

–        Tira, bat, bi eta hiru. – Aitak.

–        Imitatzera jolastuko gara!

familia Ane eta Jonek, ideia bera eta hitz berak! Zeinen polita den anai-arrebak izatea. Aita eta amak elkarri begiratu eta irribarre harroa zuten aurpegian. Beraien seme-alabez harro zeuden.

–   Ni hasiko naiz. Ezetz asmatu nor naizen?

Jonek egongelako mahai gainean zeuden gauza guztiak hartu eta bata bestearen alboan, beste bat gainean, beste bat zirrikitutik sartu eta….

–     Ta-txan! Hau etorkizuneko tresna garrantzitsua izango da!

–     Jon! Ni ez naiz horrela ibiltzen! – Anek.

–     Oso ondo egin du eta! Ane, primerako asmakizunak egiten dituzu! Eta zuri esker dabiltza etxeko tresnarik gehienak horren ondo!

–     Bai, maitea. Primeran egiten duzu. Eta Joni ere gustatzen zaio.

–     Beno, pixka bat bakarrik. Orain zeinen txanda da? –Jonek erdi lotsaturik.

–      Orain ni!

wiiAita zutitu eta egongela erdian kokatu zen. Eskuan mugikorra hartu zuen eta telebistari begira zegoela telebistari hizketan hasi zen.

–     Kontuz!

–     Ze ongi!

–     Ai!!!!!!!!!!!!!!

Ama, Ane eta Jon barrezka hasi ziren.

–    Wii-an jolasten ari zara! – Anek.

–    Nik ez dut telebistarekin hitz egiten!

–    Bai! Hitz egiten duzu! Hurrengoan bideoan grabatuko zaitugu!

–    Politena Wii-arekin jolasean zaudenean ostikoka hasten zarenean izaten da, futbolean jolasten edo… – amak Jon lasaitu nahiean.

–    Zer uste duzue? Libratuko zaretela? – Anek gurasoei begira…

Jon eta Ane elkarri xuxurlaka hasi ziren. Aita eta ama urduri elkarri begira.

–    Tira! Gaurko da! – Aitak ezin urduritasunari eutsiz.

–    Bai, ea, zer egiten dugu zuen ustez.

–    Itxaron apur bat. – Anek.

Ane eta Jon korrika joan ziren gurasoen logelara eta aita eta amaren arropa batzuk jantzi eta egongelara itzuli ziren. Hauek ikustean aita eta ama eseri eta ikuskizuna ikusteko prest zeudenean hasi ziren Ane eta Jon hurrenez hurren, aita eta ama irudikatzen.

–     Ane, hau nondik itzaltzen da?

–     Jon, probatu platerean duzuna. Oso goxoa dago.

Algara lehertu zen berriro. Eta aita eta amak ere Ane eta Jon irudikatzeari ekin zioten.

Bat-batean, aurreko eguneko afariko elkarrizketa ia osoa antzeztu zuen familiak rolak aldaturik.

telefonoPiribiribi- piribiribi…

–       Telefonoa! – Anek.

–       Bai, nor da? – Jonek amaren ahotsaz.

Eta algara lehertu zen berriro. Algararen bitartean, telefonoaren beste aldean zegoenak ez zuen deus ulertzen. Baina ez zion axola… barrearen barrez, Jonek nahi gabe (edo) eskegi egin zion eta.

Lehenago ere esan dugu… maitasuna agerikoa zen familia hartan, eta barre bakoitza, muxu edo besarkada goxoena bezalakoa zen.

Barre bakoitzak, malko guztiak estal ditzan. Zuen barreek luzaroan iraun dezaten

Nahia Alkorta Elezgarai

 

 

 

 

 

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button