HazieraHezkuntzaLengoaia

Noiz hasi irakurtzen?

ZEIN dira ikuspegi eraikitzaileak irakurketa eta idazketaren arloan defendatzen dituen oinarriak?

Orain dela urte batzuk, eskola konduktistaren eraginez, bost urte eta erdirekin edo seirekin hasi behar zela esan ohi zen haurrari irakurtzen eta idazten erakusten. Orain, ikuspegi eraikitzaile batetik lan egiten dugunok zera diogu: haurrari txikia denetik eman behar zaizkiola hizkuntza idatziarekin harremanetan sartzeko aukera guztiak. Ikastea ezaupideen prozesua eraikitzea dela pentsatzen dugu, baina eraikuntza hori ez dela hutsetik hasita egiten, beste partaide batzuekin elkarlanean baizik.

Konduktismoak ikuspegi erredukzionista ezarri du irakaskuntzan azken hamarkada hauetan: erantzun zuzenak haurrari buruan sartzen ahalegindu gara, haurrak erantzun zuzenen eta okerren arabera ebaluatzen. Irakaskuntza, alabaina, ikasketa prozesua baino zerbait gehiago da. Konstruktibismoaren oinarrizko irizpideak dioenez, ikasleak ez dira hutsetik abiatzen, aldez aurretik badituztela, alegia, ezagupide batzuk eta horietan oinarrituz jaso behar ditugula zubiak aprendizaia berriak lortzeko.

Hitz gutxitan esateko, konstruktibismoa bi oinarri dituen metafora da: gizakiak bere ikasketaren protagonista izan behar dioena, batetik, eta ezagupide oro testuinguru sozial jakin batean gauzatutako produktua dioena, bigarrenik.

Zuk garrantzia ezinbestekoa ematen diozu testuinguruari. Hitzaldian «kultur habia» kontzeptua erabili duzu. Zer adierazi nahi zenuen hitz horiekin?

«Habia ekologikoa»z mintzo dira batzuk izaki bizidun orok bere ingurunearekiko duen morrontza adireazteko. Era horretanxe darabilt nik «kultur habia»ren kontzeptua, haurrak bizi duen kulturarekiko lotura adierazteko, alegia. Azken aldi honetan ikertzaileek behin eta berriz aipatu dute alfabetatze goiztiarra, eskolara baino lehen, bereziki familian, haurrek bereganatzen duten alfabetatzea adierazteko.

Ikertzaile batzuen arabera, hizkuntza idatzia ahozkoa bezain naturala da zenbait testuingurutan, gurean esate baterako. Haurrak hizketan inmertsio bidez ikasten badu, zer dela eta ez du ikasiko idazten eta irakurtzen modu beretsuan? Helduek elkarren artean komunikatzeko darabilten ahozko hizkuntza bereganatzeko gai bada, zergatik ez da gai izango helduek elkarren artean komunikatzeko darabilten hizkuntza idatzia ere bereganatzeko, baldin eta, noski, giro alfabetatu batean, kulturalki aberats batean bizi bada?

Familiako giroa erabakitzailea dela esan nahi al duzu eskolan irakurtzen eta idazten azkar ikasteko?

Nire ustez, familiak erabateko eragina du haurraren alfabetatze prozesuan. Haur batzuk etxean mila bat orduko irakurketa konpartitua eginda iristen dira eskolara, eta beste batzuk bat ere gabe edo oso ordu gutxirekin. Irakurketa konpartituak izugarri aberasten du hizkuntza. Bere lehen urteetan gauero gauero ipuinak kontatu dizkioten haur batek abantaila izugarriak ditu eskolan. Irakurtzen entzutearen eta idazten zein irakurtzen ikastearen arteko loturak askok uste baino zuzenagoak dira, eta ikerketa askotan frogatu da korrelazio hori. Baina, horretaz gainera, ozenki irakurtzen entzuteak hizkuntzaren aberastasuna dakar, eta hizkuntza gaitasuna garatzen laguntzen dio haurrari.

Ipuin idatzien irakurketa izan behar al du derrigor, edo balio bera al du ahozko ipuin baten kontaketak?

Nire ustez ez da gauza bera. Kontalaria, kontatzen ari den gurasoa, profesional bat bada, poeta bat edo bertsolari bat, demagun, oso kontalari ona izan daiteke, bai na guraso arrunta denean kontaketa batetik bestera edukia ez da aldatuko; bai ordea, kontatzeko modua eta, diotenez, kontakizunaren egonkortasunak badu bere garrantzia haurrarentzat. Errepikapenak badu bere garrantzia, errepikapen horiei esker, mugarri batzuk jartzen baitizkio kontakizunari, antolakuntza ematen dio eta badaki halako pasarteren ondotik beste halako datorrela, formula finkatu batzuk ezarriz eta jakimina areagotuz.

Irakurketak hiztegia asko aberastu dezakeela esan duzu lehenxeago.

Ikerketa asko aipa ditzaket horren frogagarri. Haurrak bi loraldi bizitzen ditu hiztegiari dagokionez: lehen loraldia sei urteren buelta horretan bizi ohi du eta zerikusi zu zena du ozenki irakurtzen zaizkion kontakizunekin, eta bigarren loraldia 12 urteren buelta horretan izaten du eta hor metatzen duen hiztegi altxorra irakurketa luzeen ondorio izan ohi da. Bigarren irakurketa erabat autonomoa da, noski, haurrak bere gisara egiten duena.

Eskolan haur bakoitzeko gutxienez hamarren bat liburu eduki behar direla esan du. Zer garrantzia du irakurketak gela barruan?

Liburuaren presentziak eskolan duen garrantzia kuantifikatzeko asmoz eman dut kopuru hori. Liburutegi konpartitua izan daiteke edo interneta erabil daiteke testuak jaisteko. Hori da gutxinekoa. Garrantzizkoa testuak zirkulazioa edukitzea da. Haur eskola batzuetan ikasturte hasieran apaintzen dira gelak, prestatzen dute eszenografia eta ez dute gehiago aldatzen. Gu bizi garen munduan hizkuntza idatziak presentzia handia du: hiriko eremuak antolatzen ditu, ekintza eta lekuak non diren adierazten. Txartelak, kartelak, liburu, egunkari eta gainerantzekoz inguratuta bizi gara. Haur eskolako geletan ez da ikasmateriala bakarrik sartu behar, gizarteko presentzia hori ispilatu behar da, haurrak hizkuntza idatziaren egitekoak beregana ditzan.

Eskola ulertzeko modu honek gizartearekiko loturak estutzen al ditu?

Gizarteak harreman estua behar du hezkuntzarekin, telebista programa bereziak antolatu behar ditu hezkuntzaz, gizarte osoak hartu behar du ardura hori bere gain eta horrela egiten ez badugu, ez dugu gauza handirik lortuko.

Konstruktibismoaren irizpide nagusia zera da: ikasleak ez direla hutsetik abiatzen, badituztela aldez aurretik ezagupideak eta horietatik eraiki behar dituztela ezagupide berrietara zubiak” Bere lehen urteetan gauero gauero ipuin kontaketak entzun dituen haurrak abantaila handiak ditu etxean ipuinik kontatu ez dioten haur baten aldean”

 

http://www.ikasbil.net/

Related Articles

One Comment

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button