OparipuinakTTiKLiK!

Oparipuina: Kirol Galduen Lurraldea

 

Inspirazioa inguruan hegan dabilen iluntzean Nahia Alkorta Elezgaraiek Ioritz, Yolanda eta Javiri eta abenturazale txiki guztiei idatziriko ipuina.

 Bazen behin, Barakaldo deitzen zen herri batean, txoko berezi-berezi bat.

estolda
Kale nagusiaren ertz batean, ia kalea amaitzen den tokian, estolda bat ikus daiteke. Kalean gora eta behera dabiltzanek, lurrera begiratzeko astirik gabe hara eta hona dabiltzanek, estolda hori ez dute ia ikusi ere egiten. Baina estolda horren estalkia ez da besteak bezalakoa. Bertan, marrazki txiki bat ikusten da.

Marrazkia ikustera hurbiltzen bazara, mapa baten antza duen zerbait topatuko duzu. Baina esan bezala, ez du ia inork ikusten.

Kondairak dio, duela gutxi Ioritz izeneko haur batek ikusi zuela. Ikusi eta hurrengo egunean, orri bat eta margo batzuk eskuan zituela joan zen estolda albora. Bertan zegoen marrazkia bere orrian kopiatu eta etxera joan zen.

Gaur hartan, bere gurasoei erakutsi eta poz izugarria hartu zuen Ioritzek. Aitak marrazkia ikusi bezain laster ezagutzen zuen toki bat ikusi zuen.

–        Bihar joango gara horra, nik badakit non dagoen. – aitak.

–        Benetan? – amak harriturik.

–        Bai, gaztetan joaten nintzen hara. -aitak ziur.

–        Aitatxo! Orduan bihar joan behar dugu eh! – Ioritzek poz-pozik.

Ioritzek gau hortan ez zuen begirik bildu. Goizean aita bera esnatu asmoz logelara sartu zenerako Ioritz jantzita eta sorbaldetan bere motxila zuela topatu zuen.

–        Prest nago!

–        Gosalduko dugu? – aitak.

–        Ez. Motxilan dut hamaiketakoa beraz goazen.

–        Amatxo prestatzen ari da, berehala goaz.

–        Primeran. Atean itxarongo dizuet.

Kotxean sartu ziren hiruak eta autoz bide luzea egin ostean mendi gain batera iritsi ziren. Bertan, kotxea utzi, motxilak hartu eta Ioritzek marrazkia atera zuen.

–        Aita! Hori da marrazkiko zuhaitza!

–        Bai. Esan nizun ezagutzen nuela. Tira, orain nora joan behar dugu?

–        Ioritz, begiratu marrazkian. – amak goxo.

–        Itxaron. Zuhaitzaren azpira joan behar da!

–        Goazen ba!

Zuhaitzaren azpian kokatu eta ingurura begira zeudela, Ioritzek ate bat topatu zuen. Zabaldu eta hirurak sartu ziren. Beste mundu batera eraman zituen ate hark. KIROL GALDUEN LURRALDEA zioen seinale bat zegoen.

sports

–        Baina zer da hau? – amak.

–        Mundu magiko bat dirudi honek. – aitak.

–        Itxaron! Marrazkiari jarraitu behar diogu. Segi niri. – Ioritzek ziurtasun osoz.

Marrazkiari jarraitu eta futbol zelai bat topatu zuten. Seinale bat zuen sarreran:

            Futbola salbatu nahi baduzu, jantzi kamiseta eta sar ezazu gola.

Korrika jantzi zuen Ioritzek Athleticen kamiseta eta baloia hartu eta ostiko bat eman zion. Kale egin zuen. Aita saiatu zen ondoren, eta honek ere kale. Amak baloia kokatu eta ostikoa jo zion. Baloia sarean sartu zuen eta koloretako afixa bat piztu zen.

            Zorionak Yolanda. Aurrera jarrai dezakezue.

Marrazkiari jarraitu eta pauso batzuk aurrerago frontoi bat agertu zen.

            Pilota salbatu nahi baduzu, jolas ezazue partidatxo bat.

–        Zoazte zuek, hobeto egingo duzue. – amak.

Ioritz eta aita jolasten hasi ziren. 1-0. 1-2. 1-3. 2-3. 2-4. 3-4. 4-4. eta  5-4. Koloretako afixa bat piztu zen.

            Zorionak Javi. Aurrera jarrai dezakezue.

Ioritzek marrazkia hartu eta bidea zein zen begiratu zuen. Aurrera jarraitu zuten. Hotza sentitzen hasi ziren. Geroz eta hotz handiagoa. Amak jertsea jantzi zuen eta Ioritzi berak ere jantzi zezan esan. Ioritzek motxilatik atera zuen berea eta jantzi.

–        Aita eta zuk ez duzu jertsea jantziko?

–        Ekartzea ahaztu zait!

–        Hori motxila ondo prestatu ez duzulako da! Orain hotza pasako duzu. –Ioritzek iseka eginez.

Aurrerago aldapa bat ikusi zuten. Eta igotzeko arrastre moduko bat.

–        Hara! Hemen eskia salbatu beharko dugu! – amak.

–        Primeran! Nik badakit eskiatzen! – Ioritzek.

–        Ioritz? Zuk egingo duzu proba hau? – aitak zalantzati.

Aitak hori galdetzen zuen bitartean, Ioritz eskiatzeko botak eta eskiak hartzen ari zen. Gurasoek prestatzen lagundu eta prest zegoenean muxu banarekin lagundu zioten arrastrera igotzen. Bera bakarrik igo zen. Aldaparen goiko aldean zegoenean, zalantzarik egin gabe beheranzko bidea hartu zuen. Zigi-zaga. Primeran jaitsi zen. Koloretako afixa bat piztu zen.

             Zorionak Ioritz. Kirolak salbatu dituzue. Zuen mundura itzul zaitezkete.

Elkar besarkatu eta beraien aurrean agertu zen atetik irten ziren. Hasierako zuhaitzaren alboan agertu ziren. Irribarretsu. Pozik. Kirola salbatu zutelako harro. Elkarrekin egoteaz harro.

Abenturak, elkarrekin partekatuz gero, altxor bihurtzen direlako. Zoriontsu izaten jarraitu zuten. Abentura txikienek ere altxor izateko gaitasuna dute eta. 

 

etiketak

Related Articles

One Comment

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Sartu beheko captcha kodea * Time limit is exhausted. Please reload CAPTCHA.

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Check Also

Close
Close