OparipuinakUncategorized @eu

Oparipuina: Barre-barra izeneko herria

***

bufoiarekin

Ba omen zen erresuma bat Barre-barra izenekoa non barre egitea izugarri maite zuten. Bertako errege-erreginen jauregia ikusi besterik ez zen behar hau ulertzeko. Pailazioak (hala deitzen zioten Palazioari) zirko-karpa itxura zuen, bertako zerbitzariak pailazo jantzita zihoazen, eta aldiro-aldiro pailazokeriak egiten zituzten errege-erreginen gozamenerako (adibidez, zopa-ontzia ekartzean zopa lurrera erortzen utzi, pasilloan gurutzatzean elkarren kontra talka egin, makurtzean ipurditik puzkerrak bota…) .

karpaLarunbatero, Pailazioko karpa herriko jendea sar zedin ireki eta bertan Larunbarre eguna ospatzen zuten. Bezperan, hortxe ibiltzen zen pregonaria programa iragartzen:

–         “Barre-barrako biztanleok: Bihar berriz ere Larunbarrea izango da, eta Larunbarrero bezala hortxe izango ditugu buruhandiak, erraldoiak, txiste-kontalariak, komediak, parodiak, pailazoak, barreak eta burlak. Ez hutsik egin!”.

Egun guztian zehar bazegoen zer ikusia eta zer entzuna, nahiz eta errege-erreginentzako ikuskizunik dibertigarriena eguerdikoa zen. Orduan, herriko bat karpa erdian jarri, Burla-lekua izenez ezaguna zen eskenatoki baten gainean, eta denek haren lepo barre egiten zuten, honako esaera gaizto hauek erabilita:

burla–         A zer ipurdi panderoa! Zuretzako galtza bat egiteko karpa guztia beharko litzateke!

–         Horiek bisigu begiak!  Ez dago zu baino itsusiagorik!

–         Pinotxo-sudur hori zu baino ordu erdi lehenago iristen da leku guztietara!

Eta hau gutxi balitz, gainera “iruzkinik barregarriena” egiten zuenari sari bat ematen zioten errege-erreginek.

Herriko guzti-guztiek pasa behar izaten zuten Burla-lekutik, berdin ume, gazte zein zaharrak, jasotako burla horiek bihotzean samin handia sortuz. Eta sufritutakoarengatik mendekua hartzeko edo, hurrengo larunbarrean, beste baten txanda zenean, hori ibiltzen ziren mingainak zorrotz elkarren kontrako lehian, zeinek astakeria handiena bota.

Ihara txikia erresuma hartan bizi zen. Berak ere izugarri maite zuen barre egitea, baina ez zitzaion batere gustatzen Burla-lekuko kontu hori. Horregatik, 12:00ak jo aurretik aitzakia bat bilatu eta handik alde egin egiten zuen.

Eguna joan eguna etorri, gero eta okerrago sentitzen zen erresuma horretan. Ezin ezer esan ordea, debekatuta baitzegoen errege-erreginei kontraria eramatea. Ihararen txanda iritsi zen azkenean. Izugarrizkoak bota zizkioten arren, ez zuen ezer ere entzun, izan ere argizarizko tapoiak eginak zituen bezperan, eta belarrietan ondo-ondo jarrita Burla-lekura igo zenean. Honelakoxea zen gure neskatoa, ausarta, lasaia eta oso segurua.

belarriaNahiz eta Burla-lekura igo behar izan zuen egun hartan ezertaz jabetu ez, aurrerago izan zen egun mingarriagorik. Erresuma hartan bazen mutiko bat Bladi izenekoa gaixotasun baten ondorioz gorputza eta burua bere onean ez zituena: beso eta hankak okertuta zituen, eta bai oinez baita hizketan ere nahiko trakets ibiltzen zen. Hamaika urte bete berriak eduki arren, arrunt inozoa zen, eta oso jator portatzen zen denekin, eskuzabal, irribarretsu, eta besteei laguntzeko beti prest agertuz (nahiz eta bera izan askotan laguntza behar zuena).

bladiBladi Burla-lekura igotzeko eguna iritsi zenean, Iharak ez zuen handik alde egiteko asmorik. Bertan egon nahi izan zuen bukaeran haren samina arintzeko moduko besarkada bat emateko. Bladi pozik igo zen eskenatokira, jendea txaloka hasiko zitzaiolakoan. Lehenengo irainak etorri zitzaizkionean ordea, negar-malkotan hasi zen. Iharak ezin izan zuen gehiago jasan. Taula gainera igo eta esan zuen:

–         Badakizue? Erregearen galtzontziloak marroiak eta horiak dira. Marroiak atzetik, horiak aurretik!- Keinu handiak eginez, pailazoa balitz bezala.

galtzontziloHerri guztia barrez lehertzen hasi zen gauza jakina baitzen erregeari ez zitzaiola bainatzea batere gustatzen. Ezin ordea erregeari horrelakorik esan, guardiek burua moztuko zieten eta.

–         Hori lotsagabekeria! Guardiak! Atxilotu ezazue neska mingain gaizto hori! – Bota zuen erregeak, oso haserre.

Guardiak atxilotzen saiatu ziren, baina Iharak jarraitu zuen egia borobilak (eta mingarriak) botatzen.

burusoila–         Eta erreparatu al diozue erreginaren ileari? Beti berdin-berdin darama. Ez zaio inoiz ere luzatzen. A, jakina, peluka da eta! Erreginaren buruak kanika erraldoia dirudi, burusoila da eta!

–         Atxilotzeko, atxilotzeko lehenbailehen neska lotsagabe hori! – Erreginak, sutan.

–         Eta ba al dakizue erregeak zergatik eramaten ote duen beti abanikoa eskuan? Erreginaren puzker nazkagarriak elefante bat zorabiatzeko modukoak direlako, eta gainera minuturo hamar bat botatzen dituelako!

abanicoa

Herriko jendea eta guardiak lurrera erori ziren barrez, hezur-matraila gelditu ezinik, irauli eta irauli, txerriak lokatzetan bezala. Haien barre-algarek hamaika trumoiren burrunba ziruditen errege-erreginen belarrietan. Eta Iharak botatakoek labainak bihotzean. Halako batean, errege-erreginek ulertu zuten zeinen mingarria zen besteek norberari burla egitea.

Aste osoan Pailazioa itxita egon zen. Inork ez zituen errege-erreginak handik ateratzen ikusi. Larunbarre bezperan berriz, betiko pregonaria atera zen, baina honako hau esanez:

–         “Barre-barrako biztanleok, bihar Larunbarrea izango da, eta Larunbarrero bezala hortxe izango ditugu buruhandiak, erraldoiak, txiste-kontalariak, komediak, parodiak, pailazoak, barreak … baina burlarik ez. Gaurtik aurrera debekatuta dago burla egitea”.

 

Festa izugarria izan zen Larrunbarre hartakoa, osasuntsua, barre gaizto eta burlarik gabekoa. Ederrena, berriz, bukaeran gertatu zen. Halako batean, errege-erreginek hitz egiteko txanda eskatu eta esan baitzuten:

–         Herritarrok, barkamena eskatu nahi diegu Burla-lekutik pasa diren guztiei.

Esan eta egin. Errege-erreginak herriko jendea besarkatzen hasi ziren.

besarkada

Eta herriko jendea ere bai, denak elkarri barkamena eskatuz.

Eta hau hala bazan,

sar dadila Barre-barrako karpan

eta atera dadila irribarre bihurtuta zure ahoan.

 

***

Hondarribian, 2013ko abuztuaren 13an, ordenagailuko teklatuari kili-kili eginez idatzitako ipuina.

Related Articles

One Comment

  1. Eskatzaileak esandakoa:

    Mila esker egindako lanagatik. Izugarri gustatu zaigu denoi!! Aita, ama eta nola ez, protagonistari ere!! Iharari!!Oso istorio polita, irrifarre eta poza sanoaren aldekoa, horixe baietz!. Mila esker bene-benetan.
    betirako maitasun osoz gordeko dugun altxorra!!

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button