Home / kolaborazioak / Aitor Aritzeta / Auto-konfiantzan sakontzeko beharra

Auto-konfiantzan sakontzeko beharra

Gure heziketa sistema, teorian, asko aldatu da azken urteotan. Euskal ikastetxeetan proiektu pedagogiko ugari eta ezberdinak topatu badaitezke ere, auto-konfiantzan oinarritutako proiektu pedagogikoen hutsunea sumatzen dut. Hutsune honen beharraren oinarri batzuk partekatuko ditut hurrengo lerroetan.

Azken hamar urteotan unibertsitatean jardun izan dut eskolak ematen 19 eta 20 urte bitarteko ikasleei. Ikasturtearen hasieran, urtero, galdera berdina egin izan diet. Zuen ikasle bizitza osoan inoiz erakutsi al dizuete zuen buruan konfiantza izaten? Ikasleen aurpegiek harridura islatu ohi dute eta ondorengo erantzuna partekatua izan ohi da: EZ! Urtero 150 ikasle ingururekin egiten dut lan eta horietatik bakarren batzuk autoestima egokia erakusten dute. Beraien ahulguneak eta indarguneak onartzen dituzte, autoezagutza sakona dute, autokontzeptu erreala eta auto-onarpen zabala. Beraien desio, ilusio eta nahietan sinesten dute eta konfiantzarekin jokatzen dute.

Unibertsitatera iritsi direnerako, ikasle horiek hezkuntza sisteman egon dira integratuta bizitza osoan zehar (batzuk 4 hilabete zutenetik) eta ezagutza ugari barneratuta etorri dira unibertsitatera; baina auto-ezagutza gutxirekin. Ikasle askok maitasuna eta beharra elkarren artean nahastu ohi dute, ziur aski euren burua maitatzen ikasi ez dutelako. Bestearen onespena eta maitasuna behar izaten dute beraien buruan sinesteko. Pertsona maitagarriak direla erakutsi beharrean daudela sinesten dute. Baina, maitagarriak badira, zergatik erakutsi behar dute? Erantzuna erraza da: “Ez dutelako guztiz sinesten maitagarriak direnik”.

Sinesmen falta hori ezberdin adierazten da nesketan eta mutiletan. Ez dut gehiegi sakondu nahi sexu/genero sisteman; patriarkatuaz, sexismoaz, erlijioaz, usadioez, balioez eta abarrez hitz egitea ekarriko ligukeelako. Aldiz, soilik aipatu nahi dut jada begi-bistakoa dena; alegia, neska ala mutil jaiotzeak gure gizarteko egitura, familia, hezkuntza, parekideak, eta abar baldintzatzen duela. Tamalez, oraindik urte gehiagotan pairatu beharko dugu neska eta mutilen bereizketa arlo publikoan zein pribatuan. Esaterako, mutilak “futbola, lehiakorra, irabazle, dominatzaile eta boteretsu” terminoekin identifikatuz, eta neskak “hauskor, lirain, eder, panpin, mendeko eta emana” ideiekin erlazionatuz. Haurrek identitate eraikuntzaren prozesuan jasotzen duten atzera-elikadura hitz horiekin lotzen da, mutil ala neska bazara, jaiotzetik.

Jada ezarrita dauden arau sozialek batzuk bitan banatzen dituzte pertsonak. Arauak jarraitzen dituztenak (gehiengora hurbiltzen direnak) eta arau sozialak jarraitzen ez dituztenak (gehiengo sozialetik urruntzen direnak). Sozialki ezarrita dago zer dagoen arauen barruan eta zer kanpoan. Tolerantzia urriko gizartea dugu oraindik eta horregatik barnean egotea onartua izatea dakar eta kanpoan egotea baztertua. Onartua izatea, berdina izatea da eta horrek maitagarria izatea esan nahi du; desberdina izatea berriz, ez onartua, diskriminatua izatea. Haurrek ez dute gehiengoaren ezberdin izan nahi, ez baitakite oraindik nor diren eta kanpo erreferentziak behar dute eta, beraz, beraiek benetan diren horri deskubritzeko aukerari uko egiten diote.  Etxean, ikastetxean eta kalean, ez dugu nahikoa sakontzen ezberdintasunen edertasunean. Ez dugu nahikoa sakontzen ezberdintasunetan existitzen diren antzekotasunetan. Aldiz, denbora gehiegi inbertitzen dugu antzekotasunetan ezberdintasunak bilatzen.

Ezberdintasun indibidualaren eraikitze prozesuan oztopo asko daude. Etxetik hasten gara ezberdintasunaren ekidite prozesua sortuz. Gurasook gure egunerokotasunak eskaintzen digun denbora urrira egokitu ohi ditugu heziketa metodokoak. Ondo-gaizki, egoki-desegoki, berdina-ezberdina sisteman oinarritu ohi ditugu gure heziketa estrategiak. Emozioen ulermena, onarpena eta norberaren hautemate eta sentitzeko moduak azkar filtratzen ditugu, haurraren jokabide “desegokiak” “ezberdinak” direnetatik ordezkatuz. Nahigabean maitasun baldintzatuaren sistema eraikitzen dugu, non sozialki arautua den portaera, besteekiko berdina, normala eta logikoa izanik, haurrak jarraitu beharreko portaera. Horrela, mezu zuzena bezain suntsigarria helarazten diogularik: “Izan zaitez izan behar duzuna. Ondo portatu, isilik egon, ez mugitu eta agindutakoa egin. Arau moldeetan dagoena maitagarria da eta ez dagoena ez. Maitatua izan nahi duzu? Ba ez zaitez zu izan”.

Baina nor naiz ni? Galdetzen didate nire ikasleek. Zu zara besteak zure barruan sartu duten identitatea.

  • Neska jaio bazara, gizarteak, kulturak, usadioek, telebistak eta heziketa ereduek printzesaren rol tradizionala oparitu dizute. Interdependentea den identitatea sor dezazun eta zure burua maita dezazun beste pertsona baten maitasunaren arabera.
  • Mutila jaio bazara, zaldunaren rol tradizionala egokitu zaizu. Ausarta eta independentea izan zaitez eta zure burua maita ezazu besteek zu mirestu zaitzaten.

Eta hortxe ibiltzen dira, neska-mutil asko eta asko jira eta bira ulertu nahian zergatik beraien pentsamenduek eta sentimenduek ez datozen gehiengoarekin bat, beraien NIa topatu nahian, besteek beraientzat sortutako mundura zailtasunez egokituz. Neska eta mutil baino, pertsona baino, printzesa eta zaldunaren roletan sartuta, printzesa eta zalduna elkar elikatuz beraien burua  maitatzeko ezintasunean. Neskak menpekotasunez eta mutilak harrokeriaz. Berezkotasuna erabat gordeta, erabat deuseztatuta, erabat sublimatua. Isiltzen ikasiak, gordetzen ikasiak, arau sozialak barneratuta, molde sozialetan egokituak, beraien benetako NIatik urrutiratuak, norberaren maitasunetik sakabanatuta… auto-konfiantza erabat ahuldua.

Arrazoi-bide oso garatuarekin iristen zaizkigu helduarora gazte horiek. Unibertsitatean gai dira esateko zer duten gustuko, zeintzuk diren beraien marka kuttunenak, hedonismoan adituak dira nire ikasleak. Baina pixka bat sakontzen dudanean, beraien moralitatea aztertzen dudanean, beraien iritzien eraikuntzaren oinarriak aztertzen ditudanean, beraien benetako NIa zein den aztertzen dudanean, ohikoa izaten da zalantza, kezka eta ezjakintasuna agertzea. Harrigarria izaten da ikustea beraien burua engainatzeko duten gaitasuna, ze diskurtso arrazionalak eraikitzen dituzten euren erabakiak justifikatzeko, zergatik ari diren ikasten ari direna eta zergatik etorri diren gaur eskolara… –Atzo etorri nintzelako– esaten didate. Eta atzo zergatik etorri zinen bada?

Asko eta asko galduta daude, ez dakite benetan nor diren, beraien gurasoek ere ez dakitelako, beraien ikastetxeetan izan dituzten irakasleek ez zekitelako nola erakutsi ikasleei beraien burua ezagutzen, maitatzen eta sinesten. Nork erakutsiko dit nire burua maitatzen? Nork maitatuko nau ni? Ni nire burua ezagutu dezadan zaldun edo printzesaren maitasunaren bitartez ezagutuko naiz? Eta horrela bizitzen dira gure haurrak; euren amaren, aitaren, lagunen, irakasleen eta ingurukoen maitasuna bilatuz, ondoren beraien burua maite ahal izateko, beste horien irudi distortsionatuarekin. Eta horrela bizitzen gara nerabezaroan, maitasun perfektuaren bila, amestutako zaldunaren eta printzesaren bila. Eta horrela bizitzen gara gaztaroan eta helduaroan nork maitatuko zain, oraindik gure burua maitatzen ikasi gabe gaudenean. Maitasuna eta beharra erabat nahasturik.

Ispilu gutxiegi topatu ditugu bidean. Benetako ispiluak, irudi distortsionatua emango ez diguten ispiluak. Ama perfekzionistegiekin. Aita zorrotzegiekin, edo alderantziz edo biak. Frustrazioa onartzen eta maneiatzen ikasi gabe. Ziurtasun, harrokeri eta handikeriaren jantziekin, bihotz beldurtuak estaliz. Lehiakor eta gogamenetik sortutako handinahiez, auto-konfiantza eta auto-estimua behar bezala eraiki gabe.

Adimen emozionaleko bigarren olatua pasa denean, bada garaia, nire ustez, gure ikaskuntza sisteman auto-konfiantzaren olatuan murgiltzeko. Benetako auto-estimuan oinarritzen den auto-konfiantza zabaltzeko garaia da, ezinbesteko ekintza gure gizarteko osasun bio-psiko-soziala bultzatzeko eta finkatzeko. Erakutsia eta landua izan daitekeen gaitasuna da; hain zuzen ere, autoestima eta auto-ezagutza lantzeko ariketen bidez eta psikologia klinikotik eratorritako ezagutzak sistematizatuz. Horrela, baliteke egun batean unibertsitatera iristen diren ikasleek lehenengo egunetik ziurtasunez adieraztea: “Ni naiz,  nire burua maite dut, nire buruan sinesten dut, ezagutzen dudalako, ezagutzen erakutsi didatelako”.

 Aitor Aritzeta

About TTiKLiK!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*

Sartu beheko captcha kodea * Time limit is exhausted. Please reload CAPTCHA.

x

Check Also

Egun Berriak

Goiberri 2016/12/23 Itxaro Mendizabal Amundarain ‘le-her-tu-ta’ idatzi nuen aurrekoan sare sozial ezagun ...