Adimen EmozionalaBizipeninteresgarriakUncategorized @eu

NORBERA MAITATZEAREN GARRANTZIA

 

Duela egun batzuk aterkiaren kirtena sorbaldan sartuta eramaten nuen garaia etorri zitzaidan burura. Nire aldaketako hezurrak esku banatan sartzen nituen garaia hain zuzen ere. Gure amak bere besarkadak erabiltzen zituen nire saihetsetako hezurrak kontatu eta gutxiago edo gehiago nabarmentzen ote ziren ziurtatzeko. Ni berriz, hori dena 5-6 arropa kapez disimulatzen saiatzen nintzen.

Badirudi urte asko pasa direla orduz gero.. eta bai, pasa, pasa dira, baina ahaztu, ezin ahaztu oraindik. 7 hilabetez egon naiz ospitaletan. Urte guzti hauetan 3 desberdin pasa ditut hain zuzen, 4 hilabete unitate psikiatrikoetan eta 3 ospitale bateko gela ‘normal’ batean.

Anorexia ez da gai erraza. Alde batetik hitz egiten ez delako eta bete batetik sufritu dugunok edo zurrunbilo horretan sartuta daudenek ez dutelako gai horretaz hitz egin nahi.

Atzo bertan facebooken artikulu bat irakurri nuen, pro-ana eta pro-mia orriez ari zena. Pro-ana, anorexia bultzatzen duten orriak dira eta pro-mia berriz, bulimiaren aldekoak. Kuriositatea sartu eta orri horietako batean bukatu nuen. Ikaragarria da bertan agertzen dena. Ikaragarriagoa oraindik gure gaurko gizarteak horrelako orriak onartzea. Beste herrialde batzuetan dagoeneko debekatuta daude horrelakoak, arrazakeria edo biolentzia sustatzen dute beste hainbeste bezala.

Baina… nola ‘sendatu’ gaixotasun larri hau?

Duela 2 urte arte edo, ‘sendatu’ ezina zela pentsatzean nuen. Baina orain badakit bertatik ateratzea posible dela. Nahiz eta atera garenok beti egon behar dugun adi. Edozein gauzak jateari uztera eramaten gaitu eta.

Sendatzeari baino, prebentzioari emango nioke nik garrantzia. Ni gaixo nengoen bitartean, nire helburu bakarra desagertzea zen. Geroz eta gutxiago nintzen eta nik geroz eta indar gehiago nuen; nahi nuena lortzen ari nintzen eta. Gehien gorroto nuen pertsona hori suntsitzen ari nintzen. Poliki-poliki, planeatu gabeko suizidio batera neraman nire bizitza.

Gaixotasun honen oinarri nabarmenena AUTOESTIMU falta da. Horregatik garrantzi handia eman behar diogu txiki-txikitatik gure sema-alaba edo ikasleei AUTOESTIMU osasuntsu bat izaten laguntzea. Badakit guraso askorentzat garrantzi handiagoa duela bere seme edo alaba ingelesa, frantsesa, matematiketan ona izateak. Zenbat ume daude txiki-txikitatik partikularretara bidali ditugunak…etorkizunean ikasketa handiak izan eta probetxuzko pertsona izateko bidean….baina non dago haur hauen ESTIMUA lantzeko denbora? Benetan ondo egiten al dugu hainbeste ekintzetan apuntatuz eta behar duten arreta nahikoa eman gabe?

Guraso naizen aldetik, badakit lan hau ez dela erraza. Neri ere kostatu zait. 20 urteko zurrunbiloa eta gero, 2 urte t’erdi pasa ditut niretzako egoera ezezagun batean (nire burua zigortu gabe..) eta orain ari naiz nire burua maitatu eta errespetatzeko lanketa burutzen. Ez da bide erraza, ohitura zaharrak ‘berreskuratzeko’ gogoa askotan etortzen bait zait burura. Baina, ni naiz hemen dagoena, ni naiz mundu honetan gehien zaindu behar dudan pertsona, ni eta ni bakarrik naiz lan hau egin behar duena. Ni ondo ez banago, ingurua ere ez dago ondo.

Eta zuk? Maite al duzu zure burua?

Itxaro Mendizabal Amundarain = Itxaro ttiklik

2015/01/30 GOIBERRIn argitaratua

 

LOTURA DUTEN BESTE ARTIKULU BATZUK:

 

Related Articles

2 Comments

Leave a Reply to ainara maia urrotz Cancel reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button