0-56-11Adimen EmozionalaHazieraHezkuntzainteresgarriakTTiKLiK!

GU EREDU

2015/04/10 GOIBERRIn argitaratua

Itxaro Mendizabal Amundarain

GU EREDU

Udaberria iristearekin batera, ikastolako bidean, amak zuhaitzetara begiratzeko esaten zigun “ikusi zein politak dauden, ea ez den izozte gehiago etortzen eta honela irauten duten”. Ez zigun azalpenik eman behar; honela bagenekien udaberria iritsi zela, udaberrian bizitza hasten zela, loreak ateratzen zirela…. Eta bizitza berri horren sorrera gera zezaketen gauzak ere bazeudela. Bere esaldi horrek, bere jarrerak, bere aurpegiak, dena erakusten zigun. Guri “ikusi” esatearekin batera, guzti hori barneratu genezakeen.

Etxean berriz, duela urte asko, birziklatzeko edukiontziak ezarri berri zeudenean, ez zigun sailkapena nola egin eta zergatik egin behar genuenaren azalpenik eman behar izan. Bera zen eredu, berak baztertu eta sailkatzen zituen paperak, kartoiak, plastikoak eta beira… eta gu hor geunden, bere pausu guztiak ikusi eta konturatu gabe ikasten. Bere ispilu bait ginen.

Gogoan dut Santu Guztien Eguna iristen zenean nola mendira joaten ginen. Ez zituen erositako lore-xortak maite. Berak landare biziak edo basoan bildutako makila eta belarrak erabiltzen zituen hilerrira eramateko. Eta guk hori ere barneratu…

Askotan, gehienetan ez esatearren, hitzez behin eta berriz gauzak errepikatzeak ez du asko balio, gure ekintzek beste zerbait badiote. Gure seme-alabek ez dute guk esandakoa, adierazitakoa baino hobeto gogoratuko. Gu gara beraien eredu, eta guk egiten dugun guztia errepikatzeko joera izango dute. Ikusleak dira, baina ez ikusle hutsak.

Bi alaba ditut. Bigarren alaba jaio zenean, gaixoaldi luze bat pasatu nuen, ahul nengoen eta ahultasun horrek burua askotan ‘galtzera’ eramaten ninduen. Nire alaba zaharrenak ‘ama izatera’ jolastean panpinei garrasi besterik egiten ez zien egunean, garai hartan zenbat garrasi egin nituen ohartu nintzen.

Haurrak belakiak dira. Gure keinuak, esaldiak, jolasak, portaerak imitatzen dituzte, hau bait da beraiek duten ikasteko modua. Ikusi eta entzuten duten guztia xurgatu eta imitatzen dute eta edozein bilakatu daiteke beraien eredu. Batez ere gertuena dutena.

Haurrek guk pentsatzen duguna baino gehiago ulertzen dute. Gurasoak gara beraien portaeraren aurreneko eredua; oso garrantzitsua da beraiekin harreman ona izatea, komunikazio on bat ezinbestekoa da.

Aurreko batean idatzi nuen artikulua gogoratu nahiko nuke berriro: ‘norbera maitatzearen garrantzia’. Norbera maitatzeak duen garrantziak dimentsio handiagoa har lezake seme-alabak guri begira dauden unean. Gure ispilu diren unetik, beraiek ere autoestimu indartsu bat lortzea izan beharko litzateke gure helburua. Haurtzaroan, 0-6 etapan autoestimu on bat garatzeak duen garrantziaz ohartuko bagina, agian gure ekintzak bestelakoak izango lirateke.

Inguratzen gaituen munduak eskaintzen dizkigun esperientzia eta exigentziak direla medio, gure autoestimuak gora-behera handiak izaten ditu. Haurtzaroan autoestimu on bat lortzeak beraz, izugarrizko garrantzia dauka. Hau izango bait da nerabezaroa eta ondorengo urteak baldintzatuko dituen oinarria.

Gure haurrei autoestimu on bat lortzen laguntzeko familiak sentitu, pentsatu eta kanporatzen duena oinarri bihurtzen den unetik, kontzienteago izan beharko ginateke gure ekintzek etorkizunean noraino eragin dezaketen.

LOTURA DUTEN BESTE ARTIKULU BATZUK:

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Sartu beheko captcha kodea * Time limit is exhausted. Please reload CAPTCHA.

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Close