0-56-11Adimen EmozionalaHazieraHezkuntzainteresgarriakPsikologia

HAURRAREN AUTOESTIMUA INDARTUZ

Arikuluaren egilea: ttiklik

Artikulu hau aurretik gune hauetan argitaratu da:

edikeus: http://edikeus.com/2015/07/haurraren-autoestimua/

Goiberri aldizkaria (2015/07/24): http://goiberri.eus/haurren-autoestimua/

Haurraren garapen integralean, bere behar guztiak asetuak daudela bermatu behar dugu helduok. Behar materialetatik hartarago, bere behar emozionalak asetuak izateak berebiziko garrantzia dauka. Gaur egungo bizitza erritmoa dela eta, askotan umeak ez du behar duen adina maitasun, arreta eta goxotasun jasotzen eta honek bere autoestimuan eragina izan lezake.

Autoestimua, edozein gizakik duen behar emozionala da. Haurtzaroan dugun autoestimua eta helduaroan duguna oso desberdina da. Pertsona heldu batek bere identitatea zein den badaki, bere egoeraz kontziente da eta bere ongizatea batez ere bere ekintza eta jarreretan oinarritzen da. Haur bat ordea, hazte prozesuan dago, bere pertsonalitatea eta izateko era garapen prozesuan sartuta daude, eta beraz, bere ongizatea ez dago bere esku bakarrik, inguruko familia egoerak eta akademikoak zeresan handia izango dute.

Pertsona heldu batek autoestimu on bat izatearen oinarria ordea, haurtzaroko aurreneko urteetan dago.

Autoestimua, pertsona bakoitzak duen balore propioaz kontzientzia izatea da; haurraren izaerak eta bera garatzen den inguruneak lotura estua dute.

Aipatu dugun bezala, haur batek autoestimu on bat izatea oso garrantzitsua da, autoestimu honek ikasketetan, besteekiko harremanetan eta nola ez, zoriontasuna lortzeko garaian eragina izango du. Haur batek autoestimu on bat lortzean, gai dela sentituko du. Baliotsua sentituko da.

Autoestimu baxua duen bat berriz, ez da ezertarako gai sentituko. Balio ez duela pentsatuko du, besteak baino gutxiago dela. Lotsa sentituko du, modu kritiko batean erlazionatuko da eta kreatibitate gutxi izango du. Honek denak portaera arazoak ekar ditzake, bortizkeria eta lagunengandik aldentzea.

Zer egin dezakegu guraso eta hezitzaile moduan haurren autoestimua indartzeko?

Autoestimua ez da eskolan irakasten den gauza bat. Egunero-egunero landu eta indartu behar dugu konfiantzako eta errespetuzko erlazio pertsonalekin. Haurraren alde emozionala beti kontutan izan behar dugu bai guraso eta bai hezitzaileek. Beraien aldarte aldaketa eta emozio gora-beherei kasu egin behar zaie.

Autoestimu baxua izateak arazo larriak ekar ditzakela kontutan izanda (depresioa, elikadura nahasteak, drogekin arazoak…), gure haurrekin txiki-txikitatik landu beharreko gaia dela ohartzea ezinbestekoa da.

Haurraren ongizate fisikoa lehenesten den bezala, maila berdinean jarri beharko genituzke bere ongizate psikiko eta osasun emozionala.

Autoestimu on batekin nerabezarora oinarri sendo batzuk dituztela iritsiko dira.

Autoestimua indartzeko hainbat aukera:

* Autonomia indartu. Gauzak bere kabuz egin ditzala eta egiteko gai dela ohartu dadila.

* Kritikarik ez. “gaiztoa zara”, “beti berdin!” bezalako esaldiak ekidin.

* Konparaketa eta etiketarik ez. Autoestimuaren etsai handienak dira.

* Benetakoak diren goraipamenak egin eta lorpenak txalotu. Bere buruari buruzko irudi ona izaten lagunduko diozu, bere autoestimuaren oinarria sendotuz.

* Bere ezaugarri positiboak gogorarazi. Bere ingurukoenekin batera.

* Disziplina positiboa erabiliz hezi. Haurrak limiteak, arauak eta errutinak behar ditu. Zer gertatu behar den jakinda segurtasuna izango du.

* Bere gaitasun txikietan konfiantza izan. Berarengan konfiantza duzula sentitzen badu, berak ere beragan izango du.

* Eta batez ere, gure maitasuna eskainiz bere autoestimua indartu. Haurra maitatzea ez da nahikoa, bera. maitatua delasentitu behar du.

Jolasen bidez haurren autoestimua indartu

Haurraren garapenean jolasak berebiziko garrantzia dauka. Jolasak bere ezaugarriak ezagutzen laguntzen dio/digu, bere trebetasunak agerian geratzen dira baina era berean bere mugak ere. Zure haurrekin jolastea garrantzitsua da. Jolasaren bidez asko balio dutela esango diegu eta zenbat duten ikasteko adierazi. Hona hemen adibide bat:

Altxorra duen kutxa: (iturria: Sara Tarrés Corominas, psicóloga infantil) taldeka jolasteko jolasa (3-4 haur). Haurrak bakarra eta berezia dela ikasiko du. Kaxa baten barruan ispilu bat gordeko dugu. Kaxa barruan bakarra eta berezia den altxor bat dagoela adierazko zaie umeei. Banaka kaxa irekitzeko eskatuko diegu, barrikoa ikusi eta inori ezer ez esateko. Denek altxorra ikusitakoan, banaka zer ikusi duten galdetuko diegu. Ondoren, ahots altuan bakoitzak bakarra, berezia izateko dituen ezaugarriak zein diren esateko eskatuko diegu, zerk egiten diruen pertsona errepikaezinak eta zoragarriak.

LOTURA DUTEN BESTE ARTIKULU BATZUK:

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button