BizipeninteresgarriakItxaro Mendizabal AmundarainkolaborazioakTTiKLiK!

GURASOEI GUTUN BEREZIA

GOIBERRIN argitaratua 2015/11/20

beraiekKaixo AMA, kaixo AITA. Badakizue, ondo jakin, aspaldi nabilela zuei gutuna idatzi nahian. Badakit azken 17 urte hauetan bizi izan dudanaren berri baduzuela. Ez nago seguru nola… baina hain gertu sentitzen zaituztet, nik bizi dudana zuek ere sentitzen duzuela badakidala.

Dakizuen bezala askotan hasi naiz, eta hasi bezalaxe, malkoz bustita idatzitakoa ezin ikusi geratu naizela. Idazteko, barruan dudana ateratzeko beharra hainbestekoa da AMA, idazlan lehiaketa bat ere martxan jarri dudala (gurasoeigutuna.eus). Bai AITA, inguruko guztiak dantzan jarri ditut (nire espezialitate bat da hau), nik ere nire buruari gor egin eta zuei idatzi ahal izateko. Aurten lortuko dudalakoan nago. Dudalakoan ez, lortuko dut! Gaur ere, idazten hasterekin batera korapilo gogor bat egin zait eztarripean, bihotza eta urdailaren erdiko puntu horretan… eta negarrez hasteko puntuan naiz berriz ere. Hala ere, zerbaitetan abila banaiz, buruan sartzen zaidana aurrera ateratzen da, eta aurten idatziko dizuedala erabaki dut. 17 urte pasatu dira jadanik, baina bihotza nola den, atzo bertan pasatu zela sentitzen dut gehienetan. 21 urterekin gauzak nola ikusten diren… garai hartan 50 urte izatea bizitzaren ia dena bizi zenutela pentsatzen nuen, eta orain, ni 40 urtera gerturatzen ari naizen heinean, bizitza osoa ez bazen ere, bizitzaren etaparik hoberena izan daitekeena aurrean zenutela konturatzen hasia naiz.

17 urte hauek oso gogorrak izan dira. Gogorrak bai, baina izan dituzte beraien zati politak ere; yin-yang teoriak bezala. Zati txarretan momentu onak bilatzen saiatu gara, eta momentu onei, beti aurkitu izan diegu zuetaz gogoratu eta triste jartzeko arrazoiren bat. Guregandik erabat urrundu ez zaretela sentitzen dut askotan, benetan!. Bizitzan aurrera jarraitzeko indarra zuek ematen diguzuela ziur nago eta. Nire alabek, zuen bost birlobetatik biek, askotan galdetzen didate zuetaz. Beraiek ere ez dute ulertzen nola ez duten aitona eta amonaren berotasun hori sentitzeko aukerarik. Askotan zuek medio, nirekin haserre daudela ere sentitu izan dut. Nik zuekin egoteko aukera kendu izan banie bezala. Eta esan beharrik ere ez dut… Nik ere faltan botatzen zaituztet. Ondoan behar zaituztet.

Orain arte zuei idazteko adorea falta izan zait. Zuen heriotzaren errudun sentitu naizelako. Bai…’nik hil nituen’ esaldiak askotan jo dizkit ateak… baina badakizue zer? Kostata, baina konturatu naiz hau ez dela horrela. Gizakion joera omen da beti errudunak bilatzea. Eta noski bere burua maite ez duen pertsona batek nori bota behar zion zuek hiltzearen zama…ba berari. Azken urte hau ordea desberdina izan da. Nire burua maitatzen ikasi dut AMA, barkatzen ikasi dut AITA. Aurrena nire buruari barkatu diot eta ondoren ingurukoei barkatzea lan erraza izan da. Min asko egin digute urte hauetan. Alde batetik familiak, bestetik ‘lagunen’ batek edo bestek… eta min haundiena guk geuk. Barkatzea izan da barruak lasaitzeko modurik hoberena. Banekien nik…negar malkotan nago berriro ere… baina ez! Oraingoan paretik kendu eta hasi dudan gutun hau amaitu beharra daukat.

Zorionekoa sentitzen naiz, zorionekoa zuek bezalako guraso batzuk izateko aukera izan dudalako. Zorionekoa, izan nezakeen haurtzarorik hoberena eman didazuelako. Zorionekoa, naizen bezala izaten lagundu nauzuelako. Zorionekoa, urte gutxi izan baziren ere zuekin konpartitzeko aukera izan nuelako. Jadanik ez naiz errudun sentitzen. Jadanik ez dut nire burua zigortzen. AMA, lasai nago. AITA, lasai nago. Triste bai, baina barruak lasai. Maite zaituztet, eta faltan bota…ez dakizue nola!

Itxaro Mendizabal Amundarain
2015eko azaroa

LOTURA DUTEN BESTE ARTIKULU BATZUK:

etiketak

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Check Also

Close
Close