nabarmenduak

GUTUNAK

Goiberri 2016/09/23

Udazkena beti izan zen nire urtaro gogokoena, goiz iluntzeak dakarren misterio punttua, lagunekin parkean berandura arte egotearen sentsazioa… eta honi hego-haizea gehituko bagenio… ba zer esanik ez! Udazkenetako hego-haizea eta goizetako kolore gorria… bai, denbora luzean udazkena izan da nire urtarorik gogokoena.

Gaurko beste mota bateko idatzi bat egiteko asmoa neukan, baina urtero legez, iraileko aldapa igotzen goazen heinean, nire barruko korapiloa indarra hartzen doa. Barruko mamutzarra elikatzen duten beldurrek maizago egiten didate bisita. Badakit aurreko egunak okerragoak izaten direla egun hori baino, eta behin pasatzen denean beste urte bete arte ez dudala horrelako angustiarik biziko. Baina hortxe dago, irailaren 29.a, ‘SanMiel’ eguna.

Hemezortzi urte pasa dira dagoeneko. Ai ene! Denbora zein erlatiboa den! Atzera begira jarrita sarri hemezortzi urte horiek di-da pasa direla iruditzen zait, atzo izan balitz bezala gogoratzen dudalako…. Bestalde, beraien gabeziak utzitako zuloa urteak pasa ahala esponentzialki hazten dela ikusita, denbora luuuzea ere izan daitekeela uste dut.

Urte guzti hauetan barruan nuen zuloa nolabait betetzen saiatu naiz, baina esan gabeko hitzek, kulpa sentimenduek, ez didate inoiz lasaitasunik izaten utzi, iaz arte. Iazko urtean gutun ‘ditxoso’ hori idaztea lortu nuen arte.

Beti gustatu izan zait idaztea. Gutunak, ipuinak, idatzi izan ditut, idazlanak, bertsoak…. Inora iritsiko ez diren gutun asko ere idatzi ditut; hauek izan dira urte askoan nire terapia. Inora iritsiko ez diren gutun horiek idaztea ez da lan erraza. Zure barru-barruko sentimenduak ateratzea esan nahi bait du; eta askotan, gure barnean zer dugun kontziente izateko balio dute. Ispilu baten aurrean bagina bezala, hitzek forma hartzen duten momentuan benetan zer sentitu eta pentsatzen dugun ikus dezakegu.

Iaz paperetan jarri nituen nire sentimenduak, nire beldurrak. Gurasoei urteetan gordeak nituen hitzak idatzi nizkien, barruak erretzen zizkidaten hitzak. Eta orduz gero beste modu batera bizi dut urteurren hau, triste bai, baina lasaitasunez.

Denok ditugu gurasoak, hemen, gertu edo urruti, fisikoki edo ez. Eta denok dugu berauei esateko zerbait, ona edo txarra. Berdin da gero gutuna irakurriko duten edo ez, irakurtzea nahi dugun edo ez, hori bakoitzaren barruak eskatuko bait du.

Idaztea gauza ona da, niri balio dit. Niri balio badit, agian zuri ere balioko dizu, saiatu, atera, bota eta ikusiko duzu nolako emaitza lortuko duzun.

TTiKLiK IDAZLAN LABURREN LEHIAKETA

(…) Mundu bat oparitu dit/ amaierarik ez duna…/Nahiz ez den asko aipatzen/letren gurasotasuna,/paperaren alaba naiz,/hauskorra eta biguna:/idatzi ezazu zuri/tripak eskatzen dizuna. (…) Uxue Alberdi.

(…) Alaba on bihurtzen zara ama zaren unetik aitzina. Aurretik ez dakizu zer den ama baten poza ala pena seme-alabekiko. Ez dakizu nola senti daitekeen erraietan barrena beste pertsona baten patua. (…) Laura Mintegi.

(…) Egun batean alde egin nuen zuen ondotik. Ez, ordea, zuetaz ahazteko. Zuen beharra dut oraino; urrun zaituztet lekuz, ez bihotzez. Urrun nauzue lekuz, ez bihotzez, badakit. Hiruok bat gara betikoz, zuek biok eta. Amatasun eternoa. Aitatasun ezin etena. Seme-alabatasun betikoa. (…)Dionisio Amundarain.

LOTURA DUTEN BESTE ARTIKULU BATZUK:

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button