Home / kolaborazioak / Itxaro Mendizabal Amundarain / Ez naiz liskarrak izateko jaio

Ez naiz liskarrak izateko jaio

Goiberri 2016/11/04

Lehertuta nago, txikituta, porru eginda. Gorputz osoa minez dut, besoak, lepoa, burua… mugimendu txikienak ere gaur mina egiten dit.

Estres maila altuko egunak izan dira azken hauek (Eskerrak lan gutxiago egin behar nuela esan nuen!). Atzo arte tentsio jarrai bat izan dudala sentitzen dut orain. Eta behin, hainbeste kezka sortu didan egun hori pasa eta gero, gorputzeko tentsio guztiek batera kanporatzea erabaki dute. Eta nola atera gainera!

Oraingoan lan-kontuak izan dira. Baina beste askotan pasatuko-den eta pasatzen-ez-den horrekin gertatu izan zait. Norbaitekin izan dudan gaizki-ulertu bat… nire eskuetatik alde egiten duen gertaeraren bat… azkenean emozioak gara, eta gorputza ere bagara. Emozioak eta gorputza, gorputza eta emozioak. Gure baitan begiratzea besterik ez dugu, emozioek guregan zer eragin duten konturatzeko.

Azkenekoa, gurasoen istripuaren urteurrenean gertatu zitzaidan. Irailaren bukaera aldera izaten da hainbeste nahasten nauen eguna, baina hilabete osoa pasatzen dut egun horri beldurra izanez. Aurten, hilabete osoa barruak nahastuta pasa ondoren, egun hori pozik pasatzea erabaki nuen. San Migel eguna ospatuko nuela erabaki, eta irribarrea ahoan hortxe pasa nituen eguneko ordu guztiak. Eta……hurrengo egunean gaur nagoen bezala nengoen. ‘Biharamuna izango banu bezala, nekatuta, minez… hainbesteko lana eman nien nire gorputza eta buruari, benetan sentitzen nuenari paretak jartzen, hurrengo egunean pasara ederra eman zidatela.

Txiki-txikitatik sentitzen dugun hau identifikatzen irakatsi izan baligute, emozioei izenak jartzen jakin izan bagenu.. beraiekin zer egin ere jakingo genuke. Emozioa jaso, sentimendua landu eta gure gogo-aldartea zein den erabakitzea ez zen lan erraza izango, baina gorputzak gutxiago sufrituko lukeela seguru nago.

Ez diot emozioak txarrak edo onak direnik. Emozioa sentitzen dugun unetik, zergatik sentitzen dugun konturatu beharko ginateke, gure barrutik datorren abisu bat da eta. Emozioa identifikatu, sentitu eta horrekin zer egin erabakitzeko gaitasuna izan beharko genuke. Tristura bada, eta une honetan triste egotea behar badugu, seguru guretzako egoera hori beharrezkoa dela. Dolua egiteko momentua izango baita. Nik egin nuena berriz ez, ezin diogu sentitzen dugunari hesiak jarri, ezin ditugu hormak eraiki…. Gero honek ondorioak dakartzalako. Niri, momentuz, gorputzeko mina ekarri dit, baina badakit, horrela jarraituz gero gaixotzeko boleto asko izango nituzkeela.

Pertsona emozionalki sanoak izatera iritsi beharko ginateke. Buruhauste asko aurreztuko genituzke. Beldurra sentitu bai, sentituko genuke, baina behar den gauzetan, eta ez pasatu-behar-den-eta-pasatuko-ez-den horrekin adibidez. Tristura bai izango genuke, baina tristura hori sanoa izango litzateke. Zoriontasuna lortuko genuke, benetako zoriontasuna, eta ez beste zerbait tapatzeko balio duen zerbait.

Badakit lan zaila dela. Eta ohitura txarrei errazago eusten zaiela ikasketa berriei baino. Gauza asko aurre-ikasiak ditugu, konturatzen ez garen arren, gure sinesmen-sistema ere hor dago. Gure arbasoetatik mendez-mende jaso eta barruan ondo gordea duguna. Hor badugu lana, zer den jaso duguna, zer den guk sentitzen duguna eta zer den benetan egin behar duguna ikustea oso zaila baita.

Ni behintzat ez naiz liskarrak izateko jaio, ez… nahikoa dut nire buruarekin. Borroka bakoitzak egin behar du, ez inoren kontra, zerbaiten alde baizik.

Itxaro Mendizabal Amundarain

LOTURA DUTEN BESTE ARTIKULU BATZUK:

About TTiKLiK!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*

Sartu beheko captcha kodea * Time limit is exhausted. Please reload CAPTCHA.

x

Check Also

“Olatuaren ostean”

Otsailaren 14ko programa grabatzeko deitu zigutenetik gauzak asko aldatu dira nire inguruan. ...