Egun Berriak

Goiberri 2016/12/23

Itxaro Mendizabal Amundarain

‘le-her-tu-ta’ idatzi nuen aurrekoan sare sozial ezagun batean. Ez dakit ilargi betea, eguraldia, gauden hilabetea…edo gauza guztien batura izan zen baina halaxe sentitzen nintzen. Lehertuta eta era berean za-ti-tu-ta.

Pertsona guztiei pasatzen zaien bezala, nik ere egun oso onak, onak, ez hain onak, txarrak eta oso txarrak izaten ditut. Azken aldi honetan egun onei indarra ematen saiatzen ari naiz, pilak kargatu eta aurrera jarraitzeko adorea ematen bait didate eta txarrak berriz, ikasteko aprobetxatzen ditut; egun txar edo aldrebes batek beti dauka eta guretzako lezio bat.

Asteburu honetan Nafarroan egin den hezkuntza emozionaleko kongresu batean parte hartzeko aukera izan dut. Kongresuak baino gehiago asteburuak zuen pisua nire kasuan, bakarrik joan naiz eta. Gezurra badirudi ere, hamar urte pasatxo dira bakarrik lo egiten ez nuela eta horrek nolabaiteko antsietatea sortzen zidan. Kongresu honetara etortzeko gonbidapena martxoan jaso nuen. Martxotik nekien bakarrik etorriko nintzela, eta martxotik sortu zait nolabaiteko ezinegona asteburu honetan pentsatzen nuen bakoitzean.

Pertsona bakoitzak bere ‘konfort-zona’ dugu. ‘Konfort-zona’ horretan komodo sentitzen gara; komodo sentitzeak hala ere ez du esan nahi ondo gaudenik. Zona  horretatik ateratzeak ordea, beldurra ematen digu; aldaketek, niri behintzat, panikoa sortu izan didate beti. Aldaketa txiki eta handiek. Nahikoa izan da batzuetan iganderako geneukan plan baten aldaketa urduri jartzeko. Kostata, baina nire ‘konfort-zona’ honen hormak poliki-poliki puskatzen hasi naiz. Badaramatzat hilabete batzuk lan hori egiten. Eta ez da erraza. Baina zona horretatik hartarago mundu berri bat ezagutzen ari naiz. Mundu zoragarri eta era berean mingarria ere izan daitekeena. Nolakoa naizen, zer nahi dudan, zer sentitzen dudan ezagutzeko aukera eman dit konfort-zona hori uzteak.

Asteburu honetan gai asko landu dira. Etorri diren adituen konferentziek gauza berri asko ez dizkidate esan, baina aurretik ikasten ari nintzen hori finkatzen lagundu didate. Asteburu honetako benetako ikasketa ordea, ez didate aditu hauek eman. Ostiral goizetik hasita, autobusa hartu eta gidariarekin izandako hartu-emanak eman didan esperientzia, goizean kafea hartu dudan lekuko jendearekin jarraituz eta nola ez, kongresuan izan-ditudan hizketaldi, dantza, tristura eta pozak ikasketa izugarria izan dira niretzako. Hitzek baino ekintzek eman didate ikasketa. Bakarrik egoteko gai naizela erakutsi diot nire buruari, eta batzuetan bakarrik egoteak dituen onurez ere konturatu naiz.

Asteburu honek bere gazi-gozoak izan ditu. Ez da erraza barrura begira jartzea. Ez da erraza gure barruko beldurrak ezagutzea, eta are zailagoa da onartzea. Eta hortxe dago gakoa, ONARPENEAN. Pentsatzen duguna gara, gure pentsamenduak zaindu behar ditugu. Gure barrura zer mezu bidaltzen ditugun kontziente izan behar gara. KONTURATU, DENBORA eman eta MAITATU, horiek dira gakoak. Har dezagun guretzako denbora; har dezagun hausnartzeko denbora. Zer pasatzen ari da, zer behar dut, nola nago, zer da nire bizitzarekin egin nahi dudana…

Pentsatzen dudana, sentitzen dudana, esaten dudana eta egiten dudanaren artean lotura egon behar da, bestela akabo!

Bai, onartu behar dut, Eguberriek nahasten naute, eta ez EGUN-BERRIEK.

 

About TTiKLiK!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*

Sartu beheko captcha kodea * Time limit is exhausted. Please reload CAPTCHA.

x

Check Also

GURASO ESKOLA 2016-2017 ITXIERA

Atzo, ekainaren 12a, aurtengo guraso eskolako itxiera saioa izan genuen Igartzako Jauregian. ...