Home / Hezkuntza / Haziera / NAIZENAREN IZENEAN-EKAITZ GOIKOETXEAk MIKELE GRANDERI EGINDAKO BERTSOAK

NAIZENAREN IZENEAN-EKAITZ GOIKOETXEAk MIKELE GRANDERI EGINDAKO BERTSOAK

NAIZENAREN  IZENEAN

 

1.- Nahiz gaitzitu elikagai

transgenikoak jateak,

duintzen gaitu transporte

publikoan joateak,

transplante bankuei gure

organoak emateak,

transatlantikoetatik

bueltan dakargun bakeak…

Behin finduta maileguek

ezarritako kateak,

ia trans denei zabaldu

badizkiegu ateak,

zergatik beldurtzen gaitu

transexualitateak?

 

2.-  Irudikatuagatik

zerumuga bete zume,

zorionera bidean

daude hainbat bihurgune;

garatxo bat, bi orezta,

hiru bereizgarri xume,

bestelako izatetik

inor ez dago immune.

Sentimenduak gorpuzten

bazaizkigu unez une,

ta ume bat hori bada,

ume soilik, soilik ume,

zergatik izan behar du

gizon edo emakume?

 

3.-       Bere oinarri, zimendu,

arrakala ta itute,

guztiok gorputz batean

hartu ohi dugu arkupe;

Ekhi, Ilargi, Haizea,

Olatz, Telmo, Guadalupe…

gurasoek hautaketa

tematian dihardute…

Neuk bizi izandakoa

azaleratu nahi nuke,

jaiotze hutsak bizitza

baldintza diezaguke

izan aurretik izena

jartzen baldin badigute.

 

4.-  Eguneroko malkarrak

zelaitzeko afanean,

hainbat erakunde gogor

aritu arren lanean,

belaunaldiz belaunaldi,

denboraren joanean,

gaurkotu ezinik darrai

orainak iraganean.

Amets biluziak baino

ez al gara azkenean?

Sumendi txiki bat lehertzen

zaigu bihotz barrenean

zakila edukitzea

alukeria denean.

 

5.- Ez banaiz nahi bezain malgu

ta uste bezain baldarra,

gimnasia orduetan

zer naiz eme edo arra?

Non bilatu behar diet

nire hegoei iparra?

Zenbateraino zabaldu

behar nuke irrifarra?

Nola baretu dezaket

ingurukoen marmarra?

Mozorroa al da nire

aterabide bakarra?

Itxuraz trata nazaten

itxurak egin beharra?

 

6.-  Ausardia aski denez

adjektiboak puzteko,

egunean bat berritzen

didate batez besteko,

afeminatu, belaxka,

maritxu begi tristeko,

ukabilak ere nekez

bihurtzen dira bosteko.

Ezinbestean aditza

soilik da ezinbesteko,

lotsagorrituko ditut

hamaika handiusteko,

nor izaten naizenean

zer naizen erakusteko.

 

7.- Erregistro zibilean

sarri jo dugu aldaba,

baina han ere ipini

dizkigute hainbat traba;

ezin al liteke izan

seme jaioa alaba?

Nortasun agiria hain

garrantzitsua al da ba?

Garenak mintzen bagaitu,

ta minarenak bagara,

nola izango diot neu

izateari ikara?

Berdintasuna ezberdin

bizi ahal izatea da.

 

8.- Guraso, psikologo ta

espezialista baten

aholkupean ari naiz

prozesua eramaten;

hormonek bere fruituak

eman dituztenez aurten,

ea ebakuntzak ere

lagundu diezadakeen!

Aldaketak aldaketa

ta garapena garapen,

segi nahi dut nire barne

bulkadei leial izaten,

Mikel ikusten zutenek

Mikele ikus dezaten.

 

DOINUA: ETAren su-etenetik.

EKAITZ GOIKOETXEA

 

About TTiKLiK!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*

Sartu beheko captcha kodea * Time limit is exhausted. Please reload CAPTCHA.

x

Check Also

Pautas para la prevención de la imaginación suicida en adolescentes

Artículo original de:  El Observatorio de la salud de la infancia y ...