Home / ttk-mundura / Gurasoei Gutuna / V. “GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Gazteen kategorian aipamen berezia

V. “GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Gazteen kategorian aipamen berezia

PAPEREZKO HEGAZKINEZ ZERURAINO

Gure etxeko gauza guztiak jasotzen nenbilen atzo, leku ezkutuenetan gordetako objektu bitxi, ezohiko eta ustekabeak aurkitu nituen. Zuen gauza asko, noski.

Datorren asterako etxea hutsik egon behar da. Datorren astean, hazten ikusi nauen etxea utzi eta hemendik urrun joan beharko naiz bizitzera.

Egia esan, honek ez nau hainbeste tristatzen, ez behintzat hau etxe zoriontsu bat izan balitz nahigabetu egingo nintzakeen bezala.

Etxe honek ez du izan maitasunik denbora luzean zehar. Galdu zintuztedan unetik, etxe honetan ez da berriro egon bost urte haietan igarotako momentu zoriontsuen parekorik.

Umezurtz geratu nintzenean, txikiegia nintzen edozer ulertzeko. Sei urte bete berri nituen, besterik ez. Hasiera batean, nekien bakarra faltan botatzen zintuztedala zen; beraz, egun osoa igarotzen nuen zuen argazkiei begira. Izeba etxera bizitzera etorri zenean, ni zaintzera, ez nuen bakean uzten gu hiruron bideoak jartzen zizkidan arte, zuek nirekin zeundenekoak. Edozein momentutan grabatzen hasteko ohitura zenutenez, milaka bideo genituen.

Denbora pasa ahala, gauzak ulertuz joan nintzen eta jada ez nuen inoiz bideoak ikusteko gogorik. Etxe honetako edozerk ekartzen zizkidan gogora zuekin igarotako momentu zoragarri eta ez hain zoragarriak, atsegin eta desatseginak; barre eta liskarrak. Bideoek birgogoratutako uneak eta nik neuk oroitzen nituenak. Baina guztiak, bai onak, bai txarrak zuekin igarotakoak ziren eta horrek ezinegon eta larritasun handia eragin izan dit urte askotan zehar.

Nire inguruko guztiek esan didaten bezala, hemendik urrun behingoz hasi ahal izango dut bizitza berri bat, gertatutakoaren ondoren jasandako haurtzaro hits, goibel eta dohakabe hura ahaztuz.

Ikastera joango naiz, beste herrialde batera. Beka bat eman didate. (Ziur nago nitaz harro egongo zinateketela). Gainera, izekok lana aurkitu du bertan eta nirekin etorriko da.

Etxeko gauza gehienak eramatea erabaki dugu izekok eta biok, eta bertan etxebizitza bat erosteko zuen etxea saldu behar izan dugu.

Atzo gauean, gauzak paketatzen nituen bitartean, nire marrazki eta eskulan pila bat topatu nituen. Kaxetan sartzeko folioak ordenatzen eta multzokatzen ari nintzela karpeta koloretsu handi bat geratu zitzaidan kaxan sartu ezinik. Karpeta berezia zen, oso distiratsua, eta nik ez nuen gogoan karpeta hura erabili izana. Ireki egin nuen eta barruan gutun-azal berde bat eta hegazkin oso  apaindu bat zeuden. Gutuna hartu eta irakurtzen hasi nintzen:

KAIXO, AITA. KAIXO, AMA:

NOIZ BUELTATUKO ZARETE ZERUTIK?

IZEBAK ESAN DIT ZERUAN ZAUDETELA BAINA EZ DIT ESAN NOIZ ARTE EGONGO ZARETEN HAN, ETA NOIZ BUELTATUKO ZARETEN ETXERA.

FALTAN BOTATZEN ZAITUZTET.

HARTU LEHENBAILEHEN HEGAZKINA EDO ESPAZIO-ONTZIA EDO DENA DELAKOA. AZKAR, JOAN BILLETEAK HARTZERA ESTRALURTARREK EDO JESUS HORREK ETA BERE LAGUN AINGERUEK GUZTIAK EROSI BAINO LEHEN.

ETA BIHARKO EZ BADUZUE TIKETIK LORTU, LASAI. NIK NEUK BIDALIKO DIZUET SUPER HEGAZKIN PRIBATUA. HOBETO PENTSATUTA EZ! EZ BILATU BERTAN BILLETEAK! OSO GARESTIAK IZANGO DIRA! ORAINTXE BERTAN BIDALIKO DIZUET JET PRIBATUA.

BUENO, AGUR. LASTER ARTE ORDUAN, NIRE HEGAZKINEAN SUPER AZKAR IRITSIKO BAITZARETE.

Hunkituta gutuna nire bihotzaren parean jarri eta irribarre egin nuen, hegazkin apaindua ere karpetatik ateratzen nuen bitartean.

Beste marrazkien artean, paperezko hegazkin mordoa aurkitu nituen. Batzuk besteak baino apainduagoak baina guztiak perfektuak. Zuek erakutsi zenidaten paperezko hegazkinak egiten eta hain polit apaintzen. Oraindik gogoan dut egun hura.

Izekorengana joan eta gutuna eta hegazkinak erakutsi nizkion. Hark zera kontatu zidan:

“Zure gurasoak zeruan zeudela esan genizun, eta gutun hau idatzi eta niregana etorri zinen esanez:

– Tori, izeko! Emaiozu postariari eta esan zerura eramateko ziztu bizian. Nik hegazkin bat egin behar dut lehenbailehen. Postariari gutuna ematen diozunean, lagunduko didazu, mesedez?

Gutuna irakurri eta karpeta koloretsuan gorde ondoren, zuri laguntzera joan nintzaizun. Primeran pasatu genuen arratsalde hartan hegazkina egiten. Bukatutakoan, lorategira atera eta zerurantz bota zenuen zure indar guztiekin. Hegazkina gereziondoaren adar batean trabatuta geratu egin zen baina ez zinen konturatu. Lurretik ez zegoela ikustean, esan zenuen:

– Primerako hegazkina egin dugu, izeba. Zeruraino joan da ziztu bizian. Hain azkar ezin izan dugula ezta ikusi ere egin.

Lokartu zinenean, hegazkina zuhaitzetik hartu eta hau ere gorde egin nuen gutunarekin batera. Hurrengo egunean oso goiz esnatu zinen, ni baino goizago eta gurasoak bueltatu ez zirela ikusi bezain laster, hegazkina jaso ez zutela pentsatu zenuen, ziztu bizian beste hegazkin bat egin eta zerura bota zenuen. Baina hau lurrera erori zela ikustean, apurtuta zegoela imajinatu eta beste saiakera asko egin zenituen baina hegazkin guztiak erori egiten ziren. Zu esnatzera joan nintzaizunean eta bertan ez zeundela ikustean izutu eta korrika hasi nintzen etxe osotik zu bilatzen. Orduan, lorategian ikusi zintudan hegazkin zuri pilo batez inguratuta eta ni ikustean, galdetu zenidan:

– Zergaitik hauek ez dira zerura joaten?

– Pertsona bakoitzak bizitza osoan bakarrik paperezko hegazkin bat bidali dezakeelako zerura. Beste guztiek ez dute ondo hegan egiten. Nik ere bidali nion bat nire amari bera ere zerura joan zenean; beraz, nik ere ezin dut gehiagorik bidali. Baina egon zaitez lasai. Ziur nago bestea jaso egin dutela. Agian denbora luzeagoz bertan geratu nahi dute, handik zu hobeto zainduko baitzaituzte. Ulertuko duzu nagusiagoa zarenean.

Irribarre egin zenuen.”

Izekok bukatu zuenean malko bat ikusi nion masailetik behera eta besarkada bat eman nion.

Gaur goizean, inspiratuta sentitu naiz, pozik eta energiaz beteta. Gutuna eta hegazkina ikusi ditut sukaldeko mahai gainean eta zuentzako beste gutun hau idaztea bururatu zait. Geratzen diren aste honetako egunetan guztia jasotzen amaituko dut izebarekin eta etxe hau uzteko garaia helduko da laster. Berarekin herrialde berrira joan eta momentu ahaztezinak igaroko ditugu elkarrekin.

Ezin dut ukatu zuek gabeko urte hauek zailak izan direla baina badakit beti izango zaituztedala zerutik begira, agian nik bidalitako hegazkinen bat ondoan duzuela.

About TTiKLiK!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*

Sartu beheko captcha kodea * Time limit is exhausted. Please reload CAPTCHA.

x

Check Also

EPEA LUZATU DUGU

ADI!!! EPEA LUZATU DUGU! Gutunak bidaltzeko epe berria: AZAROAK 15 http://www.ttiklik.com/gurasoei-gutuna/ Duela ...