Home / ttk-mundura / Gurasoei Gutuna / V. “GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Gazteen kategorian irabazlea

V. “GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Gazteen kategorian irabazlea

Imajinaezina egingo zaizu zeinen ondo pasatzen ari naizen, ama! Gogoratzen zelako pozik bueltatu nintzen duela hiruzpalau urte Sukarrietako udalekuetan bizi izandako esperientziaren ostean? Bada, aitonak esan ohi zidan legez, ehun mila milioi bider hobea deritzot honi, eta hori ez dakidala zer zenbaki den ere!

Neuk baino hobeto oroituko duzu ezkerreko hankaz leku hau zapaldu nuen eguna. Uda zen, eta eguzki-izpiek zenbat aldiz kiskali ninduten neuk ere ez dakit: galdu nuen kontua. Baina ohitura falta soilik zen, turistaren akatsa, hasiberriaren hanka-sartzea. Orain, jada, udazkenaren moda desfileaz gozatzen dihardut goizero, lehen begi-kolpeko maitasuna biziarazi zidan neskato batekin zuhaitz biluziei begira, liluratuta, hostoen koloreak geure musu gorrietan islatuz. Hamaika aldiz errepikatu didazu umea naizela oraindik, baina ezin al da maitemindu haurra haurraz, zeu aitaz hasieran moduan? Helduen beste lelokerietako bat. Beno… kontua da negua ate joka dugula dagoeneko. Pazientzia agortzen ari zait gora begira mingaina atera eta elur malutak ahoan urtzeko, elurretan etzan eta aingeruarenak egiteko, neure ikatz koloreko botak zuri-zuriz tindatzeko, Gabonetako familia espiritua sentitzeko. Eta ekaitzaren gerizpetzat barealdia datorrenez, udaberriko txorien kantuak zehazki nolakoak izango diren irudikatzen jartzen naiz gauero. Agian Athleticen ereserkia txistukatuko dute jaikitzeko orduan. Edota Doraemon. Zergatik ez Euskaraz bizi nahi dut? Aitonaren kotxe zaharreko kaseteko Ez Dok Amairu? Pirritx eta Porrotx? Maite zaitut? Oroituko naiz zutaz orduan. Bai… benetan maite zaitudala esateko zehar-mintzoa izan da.

Ama, ezetz igarri nola deitzen didaten egin berri ditudan lagunek! Kameleoia. Elkarri partekatu genizkion bakoitzaren istorioak igande arratsalde batean, eta aitortu nuen hasieran zeu, aita eta hirurok ginela herriko zaindari, beti hirurok elkarrekin, Lekeitiotik irteteko burutapena inoiz jaio barik. Pozik. Gerora zeurekin bakarrik (bakarrik kuantitatiboki, ez kualitatiboki) geratu nintzela etxean. Zooko ipurdi berdedun tximu koitadua izango banintz bezala nituen guztiak inguruan, zur eta lur, aho bete hortz, honakoa ahoskatzean: oso pozik. Eta memorian grabatuta geratzen diren liburu hoberenen amaieratzat, kontatu nien orain aitarekin bakarrik igarotzen dudala ene egunerokotasuna, hemen, oso oso pozik. Sekula ez bakarrik, eta sekula baino pozago. Ama, zeuri eta aitari esker dut gaitasun hori, edonon eta edonorekin naizela ere zoriontasunera egokitzekoa: kameleoiaren bertutea.

Ez dizut inoiz onartu erosketak egitera irteten zinen bakoitzean egongelako apalategian hautseztaturik egon ohi ziren albumei begiradaren bat botatzen niela. Memoriaren kutxa goraino betetzeko beste argazki. Oroitzen al zara urtetxo bat bete nuenean oparitu zenidan Osi peluxezko hartzaz? Eta bizikleta herdoildu gorri hartan laguntzarik barik metro bi egin nituenekoaz? Oporretara joaten ginen bakoitzean Euskal Herrira bidalitako bostehun postalez? Haserre neure logelan sartzen nintzen garaiaz? Kasketez? Barre-algarez? Negar-malkoez? Ama, eta inork ez gintuen ulertzen gailetak uretan bustita jateagatik! Baina guri bost axola. Gauero mahaian eseri eta bakoitza bere baso bete ur eta gailetak janez, harro. Harro norbere buruaz, harro besteaz. Ama berba handia delako, ezin zitekeelako hobeto bete ama on baten papera, eta segundo batez pentsatuz gero ni epaile bat naizela, zeure buruan jarriko nukeelako Euskal Herriko Txapela.

Memoriaren kutxa gainezka egitear zela, baina, zure etxetik aitaren etxera lekualdatzeko unea iritsi zitzaidan. Bizitzaren jokoa asmatu genuen txikia nintzela ospitaletik bueltan zuk eta biok, ama. Gogoratzen? Egunean puntu bat eskuratzen nuen txintxo portatuz gero. Puntu bi, pilulak helduen moduan kexatu gabe hartzean. Eta hiru puntu, makal egon eta sendatzen nintzen bakoitzean. Agur esan behar izan nizun egunean 1000 puntu nituen poltsikoan, ohe azpian gordetzen nuen koaderno handian marrazturiko 1000 gurutzeak. Ez ditut zure malkoak ene bihotzetik inoiz lausotuko, jokoan lortutako emaitzaz hunkituta. Muxu eman zenidan bekokian, eta eskuan boligrafo tintaz idatzirik nuen helbideari begirik kendu gabe ekin nion bidaiari: Zeruko Atea,1.

Ea noiz zatozen bisitan, ama. Jendea irrikatzen dago zu ezagutzeko, asko hitz egiten baitut zutaz Juanita eta Jon Mirenekin, esaterako.

Gura zaitut so, guraso.

Joana

(Benetan joana)

 

About TTiKLiK!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*

Sartu beheko captcha kodea * Time limit is exhausted. Please reload CAPTCHA.

x

Check Also

EPEA LUZATU DUGU

ADI!!! EPEA LUZATU DUGU! Gutunak bidaltzeko epe berria: AZAROAK 15 http://www.ttiklik.com/gurasoei-gutuna/ Duela ...