Itxaro Mendizabal Amundarainkolaborazioaknabarmenduak

Sinismenak

GOIBERRIN argitaratua 2018/03/09

Itxaro Mendizabal Amundarain

Azken aldian buelta asko eman dizkiot gaitasunen eta etiketen gaiari. Txiki-txikitatik jasotzen ditugun etiketa horiek nola markatzen gaituzten eta nola sartzen zaizkigun barru-barruraino, buruan eta gorputzean grabatuta geratu arte. Gure sinesmen sistema, haurtzarotik jaso ditugun etiketa  eta balo-reez osatzen joan gara jaio ginenetik. Sinesmen hauek slogan moduan funtzionatzen dute, eta slogan horiek jantzita gabiltza egunero alde batetik bestera. Gu, slogan horiek diotena garela erabat sinestuta.

Gure bizitzan zehar dauzkagun portaera asko justifikatzeko, guri buruz pentsatzen dugun horretara jotzen dugu, etiketa hauetara: «Alperra naiz, beraz ez dut balio gauza berririk ikasteko», «desastre bat naiz ordutegiekin, beraz inoiz ez naiz orduan helduko». Askotan etiketa hauei duten indarra baino gehiago ematen diegu eta honela, geroz eta pisu gehiago hartuz doaz. Sinesmen asko lagungarriak ere izan daitezke, baina askotan gure ekintzak blokeatu egiten dituzte; eta ez hori bakarrik, sinesmen askok auto-sabotajea egiten digute gure helburuak lortu nahi ditugunean.

Batzuetan oso zaila izaten da gure sinesmen sisteman ditugun mezu mugatzaileak zein diren identifikatzea, ez baitugu mugatzaileak direnik pentsatzen;  egia absolutu direla iruditzen zaigu. Eta ez, zorionez, ez dago egia absoluturik. Sinesmen sistema horietatik sortutako portaerak aldatzea ez da lan erraza. Hasteko, kontzientzia hartu behar dugu zein sinesmen den mugatzen gaituena, sinesmen hori zein etiketek sortu duten eta nondik datozkigun. Adorea, indarra eta gureganako maitasuna behar-beharrezkoak dira sinesmen hauek aldatzen hasteko. Ez da lan erraza, ez, baina ezinezkoa ere ez.

Askotan aipatu dut nola 40 urtez kirolerako balio ez nuela sinestuta neukala. Txikitatik jaso nituen mezu desberdinek alperra, patosa, traketsa… bezalako etiketek nire sinesmen sisteman hori grabatu zuten…eta ondo grabatu gainera. Sinesmen hori medio, urte hauetan guztietan ez dut kirolik egin. «Nik ez dut horretarako balio» esatea nahikoa zen sinesmen hori indartu eta lehen aipatu dudan bezala, egia absolutu bezala sentitzeko. Ze abildadea duen gure pentsamenduak sinesten dugun horri indarra emateko!

Sinesmen hori zalantzan jarri dudan unean etorri da aldaketa ordea, «eta zergatik ez?». Nork, noiz eta non esan du nik zerbait egiteko gaitasunik ez dudala? Nola jakingo dut gauza batean trebetasuna dudan hori probatzen ez badut? Eta trebetasunik ez izanda ere, zergatik ezin dut gustuko dudan gauza bat egin?

Badira zazpi hilabete sinesmen honi kontra egiten hasi nintzela. Erronkak jarriz eta poliki-poliki nire buruari gogor eginez, korrika metro batzuk egitetik, 20 kilometroko lasterketak egitera. Sinesmena sustraietatik hartu eta bere lekutik ateraz, bere lekuan beste mota bateko landarea emango duen hazia landatuz. Eta ez da korrika egiten hastea bakarrik izan. Sinesmen hau puskatzeak beste asko zalantzan jartzera eraman nau. Trebea ez naizela eta horregatik egin ez ditudan gauza berriak egiten hasia naiz. Hizkuntza bat ikasteko, marrazten ibiltzeko… ate berriak zabaldu zaizkit eta… bada hilabete bat mendian korrika hasi naizela!

Bizkarrean daramagun motxila pisutsu honek arinagoa izan beharko luke, eta mugatzaile zaizkigun sinesmen, beldur, aitzakia eta beste hainbat pentsamendu atera beharko genituzke bertatik.

etiketak

Utzi erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Close