Itxaro Mendizabal Amundarainkolaborazioaknabarmenduak
aipagarrienak

GAUZA TTIKIEK EGITEN GAITUZTE HANDI

ttiklik elkargunearen 5. urtebetetzea

GOIBERRIN argitaratua 2018/05/04

Itxaro Mendizabal Amundarain

Duela 11 urte, gure aurreneko alabaren jaiotzak orduan teorikoki kontrolpean neukan bizitza hankaz gora jartzea lortu zuen. Urte askotako terapiak ustez lortua zuena pikutara bidali zuen, lozorroan zeuden minak berriro azaleratu zitzaizkidan eta oraingoan aurretik zuen baino indar handiagoaz. Gurasoen beharra. Babestuko zaituen tribu horren beharra. Bakardade sentsazioa… aurreneko urteak oso gogorrak egin zitzaizkidan. Oraindik 2 urte bete gabe zituenean, bigarren alabaren jaiotzak are handiagoa egin zuen barruan sentitzen nuen zuloa. Erditzea oso gogorra izan zen eta ni lur jota geratu nintzen. Ahul, indarrik gabe. Bigarren alaba jaio eta gero hiru pneumonia pasatu nituen segidan, pisua galtzen hasi nintzen eta pisua galtzearekin batera ere burua. Nire mamuak agertuak banituen, ma-mu handienaren esku erortzera nindoala garbi daukat orain. Denborak eman didan esperientziaz begiratzen dudanean, momentu horretan amildegian begira ikusten dut neure burua. Ezer gutxi falta izan zitzaidan berriro ere anorexiaren zuloan sartzeko.

Zorionez, garai hartan lan egiten genuen lekuan aldaketak izan zirela eta alaba gazteenak hiru urte bete arte eszedentzia hartzeko aukera suertatu zitzaidan. Ezin dut esan hiru urte horietan ondo nengoenik; beheraka nindoan, geroz eta galduago nengoen. Alabekin askotan inoiz ezagutu ez nuen pertsona biolentoa bihurtzen nintzen. Nekatuta, garrasika, haserre pasatzen nuen denbora. Alabak nola tratatzen nituen konturatzeko, alaba zaharrenak txikienari nola garrasi egiten zion ikustea nahikoa izan zen. Beraientzat hori baitzen joera normala. Garrasika gauzak esatea. Bestela ere nire burua zigortuko banuen, horrelakoak ikusteak indar gehiago ematen zion nire barruko deabruari.

Elikadurak asko kezkatu izan nau beti, hori izan da nire obsesioa eta nire bizitzaren zentroa duela 6 urtera arte. Alaba zaharrenak alergiak zituela aitzakia bezala hartu eta, denbora nuela eta, elikadura pediatrikoan master bat egiten hasi nintzen, eta lanbidez informatikaria izanez, ikasten nuena blog batean idaztea pentsatu nuen. Elikaduraz aparte, nire kezkak, nire alaben ongizatearen ingurukoak, interesgarri iruditzen zitzaizkidan gaiak jartzen nituen ttiklik izena jarri nion blog ttiki horretan.

 «Sendatzeko bidea aurkitzeko bizitzako fokoa aldatzea beharrezkoa da. Beteko gaituen hori identifikatu eta indarra horretan jarri behar da»

Bloga elikatzen nindoan heinean, geroz eta bisita gehiago zituela konturatu nintzen. Ez nengoen bakarrik. Nire kezkak ez ziren besteen kezken oso desberdinak. Ni bezala sentitzen zen jende asko zegoela konturatu nintzen eta nik neuzkan beharrak zituzten beste pertsona asko ezagutu nituen. Ttiklik forma hartzen zihoan, eta ni, nire barruarekin bakeak egiten. Gustuko zerbaitekin topo egin nuen, betetzen ninduen zerbait.

Lanera bueltatzeko garaia iritsi zenean, beste danbateko bat jaso genuen eta lanik gabe geratu ginen nire bikotea eta ni. Orduan, aspaldi buruan bueltaka nuen amets bati forma ematea erabaki nuen. Nire onlineko mundu hori jendearentzat hain baliagarri izanik, fisikoki eskuragarri jartzea zen bueltaka nuen ideia. Guraso zein hezitzaileentzako baliabideak izango zituen zentroa izan behar zen. Gure kezkak eta zalantzak landu eta laguntza jasoko genuen leku bat. Haurrentzako beste mota bateko heziketa eskuragarri jarriko ligukeen espazioa.

Ttiklik elkargunea forma hartzen hasi zen momentuan, uda hartan, ni konturatu gabe, amildegi ertzean nire burua botatzeko prest nengoen pertsona honek, aldaketa bat izan nuen. Ametsak forma hartzen zuen abiadura berdinean nire gorputzak ere behar zuen forma hartu zuen, pisua irabazi eta bizitzeko indarrak berreskuratu nituen. Nire fokoa aldatzea lortu nuen eta egun horietara arte obsesio nuenari kontra egiten hasteko adorea izan nuen.

Aste honetan, garai haietan forma ematen hasi nintzen amets horrek 5 urte bete ditu. Emozioz betetako 5 urte izan dira. Terapiara bueltatzera behartu nauten urteak. Mamuekin borroka egin eta beraiekin bakeak egin ditudan urteak. Gurasoen heriotza onartu eta kulpa sentimenduak lurperatu ditudanak. Askotan esan dut eta ez naiz aspertuko errepikatzeaz. Sendatzeko bidea aurkitzeko bizitzako fokoa aldatzea beharrezkoa da. Beteko gaituen hori identifikatu eta indarra horretan jarri behar da. Egunero argitzen duelako, baina tamalez gu ez garelako beti argitasun hori ikusteko hemen egongo.

etiketak

Related Articles

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Sartu beheko captcha kodea * Time limit is exhausted. Please reload CAPTCHA.

Close