Hezkuntza

Francesco Tonucci Berakruz Ikastolak antolatutako hezkuntzari buruzko jardunaldiko gonbidatu nagusia

Prentsa oharra

  • Mar Romera eta Javier Bahón izango dira ekainaren 5ean Esperanza eraikineko auditorioan (Markina-Xemein) ospatuko den jardunaldian Francesco Tonuccirekin batera arituko diren hizlariak.
  • Jardunaldi hau Berakruz Ikastolaren mendeurrena ospatzeko antolatutako ekimenen baitan dago.

 Markina-Xemeinen, 2018ko maiatzaren 9a.

Ekainaren 5ean Berakruz Ikastolak hezkuntza eta metodologia berriei buruzko jardunaldi tekniko bat antolatuko du izen handiko hizlarien parte hartzearekin, hala nola Francesco Tonucci, Mar Romera eta Javier Bahón. Hitzaldi eta kongresuetan esperientzia zabala izateaz gain,  hezkuntza komunitatearen baitan eragile garrantzitsuak diren profesional hauek gaurkotasun handia daukaten eta hezkuntza ulertzeko modu tradizionala aldatzen ari diren gaiak landuko dituzte.

Egun erdi iraungo duen jardunaldia Markina-Xemeingo Esperanza eraikineko auditorioan izango da 17:00etatik 20:00etara, eta Francesco Tonucciren “Los niños y las niñas piensan diferente” hitzaldiarekin hasiko da. “Frato” goitizenez ere ezaguna, hezkuntza munduko guru hau pentsalaria, psikopedagogoa eta marrazkilaria ere bada. Tonucci haurrek hiri-ekosisteman daukaten paperari buruzko liburu ugariren autorea da, eta baita Italiako zein atzerriko aldizkarietan argitaratutako hainbat artikulurena ere.

Bigarren hizlaria Mar Romera izango da, pedagogian eta psikopedagogian lizentziatutako irakaslea eta Francesco Tonucci Pedagogia Elkarteko zuzendaria. Adimen emozionalean aditua den eta eskolari, haurtzaroari eta didaktika aktiboari buruzko hainbat liburu idatzi dituen profesional honek “Educación emocional y emocionante” hitzaldia eskainiko du.

Hitza hartzen azkena Javier Bahón izango da “Innovación hecha realidad” hitzaldiarekin. Bahón hezkuntza formatzailea eta aholkularia da ikastetxe eta irakasleen prestakuntza zentroetan, eta baita hainbat alorretan esperientzia duen irakasle eta pedagogoa ere, pedagogia terapeutikoa barne. Egun Berakruz Ikastolarekin harremanetan dago adimen anitzen metodologia ezartzen laguntzeko.

Izen ematea

Jardunaldiak 35 euroko balioa izango du eta plazak mugatuak dira. Izen ematea Berakruz Ikastolaren webgunearen bitartez egin daiteke www.berakruz.eus

Ikastolaren mendeurrena ospatzen

2017/2018 ikasturte honetan, Berakruz Ikastola bere mendeurrenaren ospakizunetan murgilduta dabil. Mugarria den data honekin batera, Ikastolak instalazioetan zein irakaskuntza metodologian eragina izan duen eraldaketa prozesu bat bizi izan du, irakasle belaunaldi berri bat proiektu pedagogiko aurreratuenekin uztartuz. Horregatik, hezkuntzaren arloko azken berrien jakitun izatea, ikasle bakoitzaren beharretara egokitzeko prestatzea eta gizartearen kezka eta eskakizunei erantzuten saiatzea eguneroko erronkak dira Berakruz Ikastolarentzat.

Ikastolan gertatzen ari den eraldaketa sakonaren ondorioz, azken urteetan hainbat jardunaldi antolatu dira, besteak beste teknologia berrien bidezko hezkuntza, gatazken ebazpena eta berrikuntzari buruzkoak. Ohitura hau ezinbestekoa bilakatu da Ikastolaren bide-orrian, eta horregatik, hitzaldi hauen bidez hezkuntzaren arloan ematen diren azken berriei buruzko informazio eskaintzen jarraituko du. Aurten, eta mendeurreneko ospakizunen harira, Ikastolak pauso bat gehiago eman nahi izan du eta egungo hezkuntza munduko hizlari garrantzitsuenetakoekin hitzaldi bat antolatzea erabaki du.

Download (PDF, 603KB)

 

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button