Itxaro Mendizabal Amundarainnabarmenduak

Errespetua

GOIBERRIN argitaratua 2018/09/07

Urtero, oporrak bukatzerako, lezio berriren bat ikasita noala konturatzen naiz. Duela bi urte, bakoitzak bere bidea egitea zein garrantzitsua den konturatu nintzen. Iaz, erronkei aurre egin behar zaiela ikasi nuen, gaitasunak denok ditugula eta ez dugula gauza berriak probatzeko ez beldur eta ez lotsarik izan behar. Aurten, berriz, beste gauza batzuen artean, gure arteko errespetua zein garrantzitsua den konturatzeko beta izan dut.

Kanpinean familia bat ezagutu dut, gurasoak eta hiru seme-alaba. Gurasoak goizean  goiz hasita elkarrekin komunikatzeko modua: garrasika eta modu zakarrean. Hasiera batean, momentuko haserrea zela pentsatu banuen ere, denbora pasa ahala, beti horrela zela konturatu nintzen. Zeinek ahots altuagoa esan hobe, eta bestea baino gorago geratu, ba oraindik hobeto. Ez dut uste beraiek kontziente direnik horretaz, familian komunikatzeko modu hau izango dute. Udan, kanpinean horrela badabiltza… nola izango ote da urte osoko komunikazioa…

Seme alabek normal hartzen zuten hitz egiteko modu hau. Nik ez dut horrelakorik bizi izan eta oso biolentoa egiten zitzaidan eguneroko une hauetan gertu izatea.

Beraien seme-alabentzako komunikatzeko modu hau normala izango bada, heldu (eta ez hain heldu) direnean beraien lagun edo bikoteak horrela tratatuko baditu, normala irudituko zaiela izan da nire kezka nagusia. Tratu txarrak onartzeko, normalizatzeko bidean daude. Hori da ezagutu dutena. Familia barruan ez badute beste komunikazio modurik ikusi.

Inork ez du bestea horrela tratatzeko eskubiderik, nahiz eta bi pertsonek komunikatzeko modu hau izan. Ez genuke besteak guri horrela hitz egiten utzi beharko. Errespetu minimo bat behar da elkarbizitza on bat izatea nahi badugu.

Badakit familia hau beste familia asko bezalakoa izango dela. Ez dut pentsatzen zoriontsu ez direnik edo elkar maite ez dutenik, baina beraien seme-alabek kezkatzen naute. Etorkizunak beldurtzen nau.

Nire alabei nola hitz egiten diedan begiratzen hasi naiz. Errespetua zenbatetan galdu ote diedan planteatzen. Zenbatetan esan ote diedan hitz itsusiren bat edo keinu txarren bat zenbatetan erabili ote dudan. Beraiek ez dute horrelakorik merezi, nik merezi ez dudan bezala, nire bikoteak merezi ez duen bezala.

Gure familian, lagun artean ikusten duguna da txiki-txikitatik guretzako oinarria. Komunikazio moduak, erabiltzen diren hitzak, hitzik gabe esaten ditugunak… izango dira gure barruak normaltzat hartuko dituenak eta handiak garenean jasotako guzti hau errepikatzeko joera izango dugu, guretzako hori baita normala. Jasotakoa zalantzan jartzea ez da erraza, gure bizitza-programazioa aldatzea dakar eta. Nik, gure etxean ez dut inoiz garrasirik ezagutu, ez dut nire ama edo aitarengandik bortizkeriarik jaso, eta ez nuke nahi nire alabek ere guregandik hori jasotzea.

Noizbait garrasi egingo badiet (eta kontziente naiz batzuetan egin diedala), beraiek «ama, ez tratatu ni honela» edo «ez duzu ni horrela tratatzeko eskubiderik» erantzuteko gai izatea nahi dut. Pertsona helduok ere askotan errealitatea zein den erakutsiko digun norbait behar dugu eta. Gure ispilu diren seme-alabek guri begiak irekitzeko, gure komunikazio moduak aztertzeko eta aldatzeko seinale asko ematen dizkigute. Saia gaitezen hauek ikusten eta kasu egiten.

Udako opor zoragarriak pasa ditut, ziztu bizian joan den hilabete honetan familian momentu politak pasa ditugu. Orain, kurtsoa hasten den honetan dator berriro erronka. Egunerokotasunak sortzen digun estresak ez gaitzala ondokoak gaizki tratatzera eraman.

Mediterraneo usainarekin idatzitako artikulua duzue hau, ea bertan ikasi-ikusitakoak ikasturte osoan irauten digun.

Related Articles

Back to top button