Adimen EmozionalaHezkuntza

Ipuinak, altxor baliagarriak

 

 “Momentuan ez dira ikusten, baina aurrerago, nerabezaroan adibidez, erreka urez gainezka jaisten denean, zubia indartsuagoa izango da eta ez du hurrengo zaparradarekin erortzeko zorian dagoela emango”

Gure gizartearen erakuntzan ere garrantzi handia izan zuten ahoz transmititutako istorioek. Gaur egun, ordea, apika denbora faltagatik ala bestelako baliabideengan uzten dugulako istorioak kontatzearen ardura, geroz eta ipuin gutxiago kontatzen dira etxeetan. Gauzak horrela, gogoratuko al du Martinek altxorra non zegoen ezkutatuta?

Bazen behin, antzinaroaren antzinaroan, elkarrekin bizi ziren izaki batzuk. Gizakiok elkarren beharra zuten elikagaiak eskuratzeko, haien lurra defendatzeko, partaideen arteko liskarrak baretzeko eta suertatzen zitzaizkien bestelako erronkei modu eraginkorrean aurre egiteko.

Egun batean sua kontrolatzea lortu zuten eta eginkizun horiek burutzeko laguntza handia izan zen, existentzia pixka bat epelagoa eginez. Baina oraindik, sua menperatzen bazuten ere, gauza asko zailegiak, konplexuegiak ziren. Orduan hizkuntza asmatu zuten, eta bi lorpen handi hauek baliatuz, suaren inguruan istorioak elkarri kontatuz, izaki hauek gizaki bihurtu ziren.

Gaur egun, aldiz, maizegi telebistak hartzen du beheko suaren tokia eta berori pasiboki kontsumitzen dugu, aurrez prestatutako jakiak hartzen ditugun bezala; pentsatu gabe zer hartzen dugun (eta zer ematen diegun gure gertukoei!), gure sabela eta denbora betez, baina benetan elikatzen gaituen galdetu gabe.

Metaforarekin jarraituz, denetarik jan behar dela esaten da, hori baita dieta orekatuaren funtsa. Izan ere, jakin badakigu, elikagai konkreturen baten falta izanez gero, garapena edo hazkuntza ez dela ahalik eta modu osatuenean ematen. Gaur geure seme-alaben gogoen elikatzeari erreparatuko diogu: ipuin nahiko kontatzen al diegu?

Ipuinak barne mundura sartzeko ateak irekitzen dizkiguten giltzak dira. Modu askotako giltzak daude, ateak bezain beste edo gehiago. Eta behin ateak irekita, ipuin hori bera argi-zuzi bihurtzen da, eta imajinazioaren esparruan ibiltzeko balio digu. Ipuinarekin ezezagunerantz pausu bat eman, eta argi-zuziaren izpiek iluntasuna baztertu eta aukera anitzen bide erakargarria erakutsiko digute.

Funtsezko elikagai honen faltan hazten diren umeak haien barne mundua arakatzeko ohitura gutxiago garatuko dute; ez dute jakingo imajinazioa berez pizten, kanpo estimulurik gabe. Hori dela medio bakarrik egoteko, soilik egoteko gaitasuna garatu gabe gelditu daiteke. Horrelakoetan egoteari itxoin deituko diote, eta egonaldi hori betetzeko zerbait egin edo kontsumitu beharko dute.

Honen inguruan berbetan, Martinek galdetu zidan: “Ez al diote, baina, ipuin nahiko kontatzen eskolan?” Zentzu batean bai, eskolako jangelako janariak elikatzen dituen bezala. Baina etxeko janariak, etxean eta etxekoekin, bestelako onurak ere baditu.

Ipuinak kontatzea komunikazioaren funtsezko pauta trebatzea da. Orain entzun, orain hitz egin. Haurrak hau erreferentziazko heldu batekin giro intimoan bizitzen duenean, elkar entzutearen eta partekatzearen onurak bizitzen ditu. Hau kalitatezko denbora da, eta harremanaren z

ubiaren oinarrietan harriak jartzea bezalakoa da. Momentuan ez dira ikusten, baina aurrerago, nerabezaroan adibidez, erreka urez gainezka jaisten denean, zubia indartsuagoa izango da eta ez du hurrengo zaparradarekin erortzeko zorian dagoela emango

Bestalde, hiru urtetik aurrera haurrak istorioak jarraitzeko gai direnean, ipuinak oso baliogarriak dira hizkuntza garatzeko. Eta bide batez, hizkuntza garatzearekin batera, funtsezko bizi esperientziak pilatzen joaten dira. Antzinaroan suaren ondoan esertzen ziren gazteak bezala, haurra istorioetako pertsonaiekin identifikatzen da. Horrela, arazo eta egoerak bereak izango balira bezala bizitzen ditu, baina mundu imajinarioaren babesean. 

Azken onura edo erabilgarritasun bat hizpide dugun gaia bideratzea da. Ipuina aukeratuz gurasoak aspaldi landu nahi zuen gaia atera dezake, haurrengan burutazioak martxan jartzeko eta, behar bada, ipuin ostean horren inguruan berba egiteko. Dena den, ez da komenigarria ipuin denak zentzu honetan erabiltzea, bideratutako asmoak bat-batekotasuna eta magia pixka bat gutxitu ahal dizkio eta. 

Horren arabera erabakiko dugu nola egiten dugun. Guraso batzuk paperezko ipuinak nahiago dituzte, haurrek istorioa ilustrazioen bidez lagundu eta jarraitzeko. Beste batzuk pertsonai bat asmatu, ala haurraren jostailu bat pertsonai nagusi bezala hartu eta istorio ezberdinak asmatu egiten dituzte. Hau kontatu nionean, Martinek buruarekin baiezko keinua egiten zuen, hurrengo galdera pentsatzen ari zela agerian uzten zuen bitartean. “Baina nola kontatzen dira ipuinak?”“Imajinazioaren erresuman sartzeko ate haina giltza dago”, gogorarazi nion. Izan ere bakoitzak ikusiko du zein den bere egunerokotasunean istorioetarako momenturik aproposena; asteburuetan bazkalostean?, oheratzerakoan?, Ostiral arratsaldeetan?…

Aukeratzen duguna aukeratzen dugula garrantzitsua da irakurtzeaz gain (edo irakurri beharrean), begiekin kontaktu bisuala bilatzea. Horrek haurraren bizipenarekin kontaktatzea erraztuko digu, istorioan barrena berarekin bidaia eginez. 

Haurrentzako ipuinetan errepikatzen den beste ezaugarri bat, kontaketan ere garrantzitsuena dena, hitz jolasak dira. Esate beterako momentu ezberdinetan errepikatzen den esaldia: “-Amama maitea, zelako begi handiak dituzun. -Zu hobeto ikusteko.”, “-Eta zelako belarri handiak. -Zu hobeto entzuteko.”, “-Eta zelako sudur handia! -Zu hobeto usaintzeko”, “ -Eta… zelaaako aaaho haaandia…”

Zentzu honetan ere, ipuin berdina askotan errepikatzea, aspergarria izan beharrean, oso gustuko dute haurrek. Honek ziurtasuna ematen die badakitelako zer datorren. Errealitatea aurresangarria da, eta horrek kontrol sentsazioa ematen du. 

Amaitzeko, ipuinak kontatzean hartzaileen adinera moldatu beharko gara. Txikienekin ipuinak ere ez direnak kontatuko ditugu. Urtea bete aurretik ere haurrek arreta mantentzeko gai dira, eta gure hitzak entzutea lehenengo komunikazio saiakerak dira. Batzuetan hauek elkarrizketa moduko interakzioak dira, bestetan ahots tonu oso markatua duten pasarteak, modu konkretuan amaitzean haurrari gozotasuna edo eta barregura ematen diotenak. 

 

Forma sinple horiek ipuinetara gerturatzen joango dira, eta haurrek 3 urteetara gerturatzen hasten direnean istorioak jarraitu eta ezagutzeko gai izango dira. Adin honetan oso garrantzitsua da haientzako, istorioa errepikatzen bagabiltza, inolako elementurik ez aldatzea: izeia izeia da, eta ezin da pinua izan. 

Adin horretatik sei zazpi urte bitartean ipuinetarako adin gozagarrienean gaude: pentsamendu magikoaren aldian gaude. Imajinazioa eta jakin-mina asegabeak dira eta soilik ipuinen bidez kitzikatuz gero osatuko dute euren garapen naturala. Gainera, ilusio askoz jarraitzen dituzte istorioak, hauek geroz eta landuagoak izan ahal izango direlarik. Filosofiaren garapenarekin paralelismoa eginez adin honetan haurrak mitoen garaian daude: behatzen duten guztia ulertzeko istorioak behar dituzte. 

Zazpi urtetik aurrera mitoen garaia amaitu eta zientziarenean sartzen dira. “Eta hori zergatik, ama?” galderari arrazoizko erantzuna eman beharko diegu edo bestela ez dutela sinesten esan eta kontra egingo dute. Garai hauetan gure ipuinek ez dute horrenbesteko garrantzirik, baina beharbada, dagoeneko, irakurtzeko zaletasuna piztu zaie, eta orduan istorioak kontatzeko prestatzen ariko dira. Beste batzuk, aldiz, ipuinak eskatzen jarraitzen dute, lehenengo haurtzaroa pasatzen utzi nahi izango ez balute bezala.  

Izan ere pertsona hitza “per” eta “sona” hitz grekoetatik dator eta “soinuaren bidez” esan nahi du. Gu besteekin harremanetan baino ez gara, eta geure burua kontatzen dugunean garatzen dugu nortasuna. 

“Baina, Martin maitea, ez nuke nahi ipuinak kontatzearen momentu magikoa epe luzerako helburu hezitzaileekin kutsatzea. Esperientziak berak merezi du, eramaten gaituenera eramaten gaituela. Haur bat edo batzuen aurrean istorio batzuk kontatzen jartzea haiekin bidaiatzeko prest egotea da, momentu batez haurra izan eta fantasia eta imajinazioaren esparruan sartzea.

Tarte batez Martin izena albo batera utzi, Peter Pan-ena hartu eta ipuinen altxorraren bila abiatu zaitez!”  

Koldo Gilsanz 

guraso.com

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button