Uncategorized @eu

“GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Helduen kategorian irabazlea

Itxarongelan alboan dudan gizonari hirurogei urtez bere emazte izan denak laster azken hatsa emango duela iragarri dio mediku lizentziatu berriak. Gizonaren begirada konplize bila aritu da segundo batez, baina medikuak eskarmentu nahikorik ez eta, atoan bukatu da bien arteko hizketaldi hotz bezain laburra. Lehen negar-anpuluak erortzearekin batera agertu da haren semerik gazteena, eta bien malkoak igande iluntze euritsuetan maitaleen autoko leihoekin barrura sartzeko borrokatzen diren euri-tantak bailiran -euriak ere maitasunaz busti nahi du- saminaren erreka bihurtu dira. Baina lasai daude; izan ere, elkarrekin ikasiko dute negar-txortek umatutako doluan igeri egiten.  

“Maria Dolores Uribarriren eta Joan Mari Barrenetxearen familia?” arrosaz jantzitako neskak niri. Iritsi da ordua. Erditu ninduzuen tokian zaituztet erdi hilik, erdibiturik. Hamarkada erdi alde egin nuenetik, eta harrezkero, ez duzue izan gauerdirik. Zuek bizia niri, nik ezin bizia zuei.  Altxatu naiz, eta neskaren atzetik lehen pausuak eman. “Sar zaitezke logela barrura. Laster etorriko da medikua egoeraren berri ematera”. Badakit, badakit soilik ate horrek banatzen gaituela; ate horrek, eta azken urteotan nire ihesak zuengan sortu duen harrizko bihotzak. Atea ireki dezaket eta logela barrura sartu, eta ohearen ondoan eseri; baina ez, ezin zabal ditzaket zuen beso eriak eta barruan gorderik dudan besarkadarik beroena eman. Soilik zuen azken orduak makinak nola oxigenatzen dituen beha dezaket, nola bizirik ez dagoen zerbaitek bizirik mantentzen zaituzten.

Umetako gariez gomutatu naiz atearen eskutokiari eragin diodan istantean. Eskua dardarka, txikitan beheko suaren  alboko solasaldi luzeetan despistatuarena egin eta suari hurbildu ostean, egur zati bakoitza azkarrago kiskal zedin kontu handiz mugitzen hasten nintzeneko beldur eta gogo bera izan dut. “Ez zaitez hurbildu! Suarekin jolasten baduzu gauez txiza egingo duzu ohean” esaten zenidaten, eta gero, aitortzen dut, ez ninduen loak hartzen komunera hiru osteratxo egiten ez banitu. Eta egunsentian ere, neguko izozteetatik babesten ninduten franelazko maindireak oraindik lehor zeuden egiaztatzen nuen.

Atea ireki eta logelaren barruan izan nauzue. Ama, eskua nola luzatu duzun ikusi dut. Ez dakit. Ez dakit laguntza eske ibili zaren ala soilik umetan egiten genuen lez, nire eskuak zureen neurrira eginak dauden egiaztatu nahi izan duzun berriz. Masailean behera bidea hasi duen anpulua aspaldian jaso ez duen zure musu goxoaren bila aritu da, baina ez du haren arrastorik aurkitu. Ezpainen pareraino iritsi eta berriz, ahoan barrena galdu da. Jaio eta hil egin zait negarra, bizitza gazi-gozoa baita, eta orain goxotasuna nork emango ez dakienez, nahiago du hil. “Horrela bizi baino, hobe hilko banintz” esan omen zizun alboan duzun gure aitak ere birikiko minbiziak gorputz guztian zehar hedatzea erabaki zuen egunean. “Ez txorakeriarik esan. Mundua koldarrentzat egina ez dagoela esaten ez zenuen ba!”.

Morfinaz beteriko aita, eta senarrarekin gau luzea pasa ostean autoan lo geratzeagatik istripua izan duen ama: maite zaituztet.

Barkatu, aurrekoa idatzi beharra sentitu dut.  Tira, egia esan, inoiz ez naiz nire sentimenduak azaltzearen beldur izan. Hori ondo irakatsi zenidaten. “Inork agintzen ez didalako dut maite maite dudana” dio hor nonbait dabilen idazle batek. Nik ere hala uste dudan arren, maite nuena maitatzeak maite nindutenak ezin merezi zuten bezala maitatzera eraman ninduen.  Horregatik, gaur, agian berandu, orain arte esan ez dizuedana esatera etorri natzaizue. Arren, ez iezadazue ezer itaundu; soilik ireki dizuedan zauria nahi dut orbaindu. Soilik nahi zaituztet azken ordu hauetan inoiz inork ez zaituzten gisara zaindu, eta oraindik dardarka dudan esku honekin zuena laztandu. Galdutako urte guztiak berreskuratzeko txikitan oparitu zenidaten harea-erlojua nahi dut apurtu, eta ostean, askatutako hondarretan kristal zatiak lurperatu. Behinola eraiki genuen gaztelua nahi dut sobratzen den harearekin indartu, eta zuekin, zuekin bizitzari oldartu.

Urte hauek guztiak behar izan ditut dudanaz harro egon beharko nintzatekeela konturatzeko. Urtero legez, aurton ere, gabon gauean etxean espero ninduzuela jakin izan dut, eta nire jakirik gustukoena izan dudala mahai gainean zain. Baina urtero legez, nire absentziak bete dizue etxea. Nire hutsunea soilik sumatu duzue, berriz ere, zuen espazioa bahitu nahian. Gaur, hemen nauzue. Gutun hau luzatuko dut zuen azken arnasa entzun arte, eta barruan dudan semeari zuei buruz arituko natzaio zuek lo egin bitartean. Eta horrela, horrela egongo gara loak betiko hartzen zaituzten unea heldu arte. Orduan, eta soilik orduan, gorderik nituen franelazko maindire haiekin estaliko zaituztet, eta aspaldian zapaldu ez dudan etxera heltzen naizenean, beheko suarekin berotuko ditut nire eskuak zuenak bailiran. Eta urtero, zin dagit, neguko hotzak berriz harrapa ez zaitzaten, suaren aurrean eseriko naiz egurra nola kiskaltzen den ikusi eta txinparta bakoitzean zuen aurpegiak irudikatzeko. Jada ez naute neguko izozteek beldurtzen. “Ez nau izutzen negu hurbilak”.

Berriz zuen sabelean izango naizelakoan, maite zaituztet.

Saria: ELKAR dendarako 30€ko erosketa bonoa

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button