ElikaduraOsasuna

GIZAKIOI DAGOKIGUN ELIKADURA II

Hesteetako florari erreparatuko diogu hurrena. Kontuan hartu behar da hesteetan sortzen dela odol kopuru handiena, gero gure gorputzeko organo eta ehun guztietara zabaltzen dena, eta horregatik oso garrantzitsua da hesteetan behar bezala xurgatu ahal izatea elikagaiek dituzten nutrienteak. Hori dela-eta, gure dietak aberatsa izan behar du landare-jatorriko elikagaietan, gure hesteetan bizi diren mikroorganismo ugarien arteko oreka gorde ahal izateko; animalia-jatorriko elikagaiek, berriz, hesteetako flora hori desorekatzen dute. 

Gure hesteen diseinuari dagokionez, belarjaleenetatik gertu gaude: oso heste luzeak ditugu, elikagaiak ondo xurgatu ahal izateko, eta horregatik behar ditugu gehiago landare jatorriko elikagaiak, gaixotu gabe bizi ahal izateko. 

Animalia haragijaleen hesteek ordea, ez dute zerikusirik gureekin. Haragijaleek oso heste motzak dituzte haragiak dituen substantzia toxikoak ahalik eta azkarren kanporatu ahal izateko, eta horrela, ez dituzte izaten gizakiok haragia jatearen ondorioz izaten ditugun gaitzak: bihotzeko gaixotasunak, digestio-aparatuari eragiten dietenak, era askotako minbiziak, gaixotasun degeneratiboak… 

Guretzako elikagai egokiak zein diren esaten digute baita ere gure hortzek:

– 20 hagin, aleak (zerealak eta lekaleak) ehotzeko eta murtxikatzeko; 32 piezatik 20, jatordu bakoitzean jaten ditugun elikagaien %62,5 hain juxtu.

– 8 ebakortz, barazkiak mozteko, 32 piezatik 8, horrek esan nahi du jatordu bakoitzean hartzen ditugun elikagaien %25 barazkiak eta frutak izan beharko liratekeela (frutak hobe jatordu nagusietatik kanpo jatea).

– 4 betortz animalia jatorriko proteinak mozteko (gizakiarentzako proteina onenak arraina eta lekak dira); horrek esan nahi du jatordu bakoitzeko elikagaien %12,5 bakarrik izango litzatekeela animalia jatorriko proteina. 

Eta beraz, animalia jatorriko proteina jan nahi izanez gero, proportzioa hau izango litzateke: animalia zati 1 eta 7 zati barazki. Barazkien artean daude zerealak, barazki borobilak, sustraiak eta hosto berdeak; animalia jatorriko elikagaiei dagokienez berriz, osasunarentzat hobea da arrain zuria odol beroko beste edozein animalia edo horien eratorriak baino (txerrikiak, erraiak, pateak, saltxitxak)… izan ere, horiek gehiegi uzkurtzen gaituzte, bortitzagoak egiten gaituzte, hondakin toxikoak uzten dizkigute gorputzean, grasa gogorrak uzten dituzte arteria, heste eta organoetan, osasunarentzat oso kaltegarriak. Proteina ekarpenaz ari garenean, gizakiarentzat beti da askoz osasungarriagoa landare jatorrikoa, lekak hain zuzen.

Aurreko guztiak kontuan hartuta nola osatuko genuke platera? 

– ZEREALAK jatorduko elikagaien %50 izan behar dute “pisuan” (eskukada bat gutxi gorabehera): arroza, garagarra, artatxikia, oloa, garia, zekalea….findu gabeak eta uretan egosiak. Ah! Chocokrispis, kellog’s eta horrelakoak ez dute balio, gaur egun jende gehienak uste baitu horiek jatea dela zerealak jatea.

– BARAZKIAK jatorduko elikagaien %35 izan behar dute “pisuan” (2 eskukada gutxi gorabehera): tipulak, azenarioak, kalabazak, porruak, arbiak, brokoliak, azaloreak, bardana, Loto sustraiak, aza txinatarra, aza berde kizkurra edo buru-aza eta hosto berdeak…; eta itsasoko barazkiak ahaztu gabe: algak!! Gurean lau urtaro ditugunez, ez da komeni barazkiak gordinik jatea, ezta denbora luzean sukaldatuak ere, gehiengoak egiten duen lez. Izan ere, gordinik janez gero, hesteetako flora kaltetzen da, haizeak sortzen dira, eta ondorioz, elikagaiak ez dira ondo xurgatzen; aitzitik, asko sukaldatuz gero, nutriente eta bitaminarik gabe geratzen dira.

  LEKALEAK ETA ERATORRIAK, jatorduko elikagaien %10 izan behar dute “pisuan” (4 goilarakada gutxi gorabehera), eta osoko zerealekin batera, gure gorputzak behar dituen proteina osoak ematen dizkigute: azukiak, soja beltza, dilistak, garbantzuak, mungo babarrun berdea, tofua, seitana tempeh-a, natto… 

Jatordu nagusietako %5a osatuko lukete zopek, haziek, fruitu lehorrek, olioak, shoyuak, misoak, ongailu eta pickleak. 

Frutak eta  postreak jatorduetatik kanpo jan beharko genituzke, gainera, garrantzitsua da gure klimako frutak kontsumitzea, eta gatz pixka batekin sukaldatuz gero hobeto, izan ere horrela sukaldatuta, fruta alkalinizatzen laguntzen du, eta horrenbestez, hesteetako florari eta digestioari ez dio gordinik jandakoan adina eragiten.

 

Eta ez ahaztu! “elikagaiak” direla, baita ere, inguratzen gaituen guztia: ingurunea, familia, lagunak, hezkuntza, arnasten dugun airea, entzuten duguna, esaten duguna…. Horrek guztiak eragin handia du guregan, eta horregatik asko zaindu behar ditugun alderdiak dira, batez ere baxu antzean gabiltzanean…

 

Related Articles

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Back to top button