MaternidadCrianzaEducación

Haurrak gehiegi babesten al ditugu?

 

Haurrak gehiegi babesten al ditugu? Haur berekoiak egiten ari al gara? Ia ahaleginik egin gabe, bat-batean nahi duten guztia lortzea, egokia al da?
Gero eta gehiago dira, hainbat testuinguru sozialetatik, gure gazteengan zerbaitek ongi funtzionatzen ez duenaren ardura agertzen duten profesionalak. Gazteei gehiegizko babesa ematen ari al gara? Ez al dira oso berekoiak? Positiboa al da ia ahaleginik egin gabe eta gehiegi itxaron gabe nahi duten guztia lortzea?
 
Egia da gaur egungo gizartean gure seme-alabei eta ikasleei ere eragiten dien krisia dagoela. Askok bat egiten dute arazorik badela eta arduratuta egon beharko genukeela esatean. Gazteen arteko indarkeria maila edota ikaskideen arteko krudelkeria, esaterako, esaten ari garenaren adibide dira. Duela urte batzuk Hondarribiako ikasle batek jasan zuen jazarpenak suizidiora bultzatu zuen eta gertakizun hark gaizki egiten ari garenari buruz eta egiten ari ez garenari buruz pentsatzera bultzatu gintuen. Dena den, ordutik gero eta gehiago dira gazteen arteko indarkeria kasuak eta horiek guztiek agerian uzten dute enpatia, hau da, besteen lekuan jartzeko gaitasuna, tolerantzia, autokontrola eta justiziaren moduko baliok falta direla, soilik batzuk aipatzearren.
 
Arrazoiak konplexuak diren arren, autore batzuek behin eta berriro errepikatzen dute gure gazteak hazten ari direnerako atmosfera morala euren garapenerako oso kaltegarria dela eta beste arrazoi batzuen artean pixkanaka desegiten ari diren eta garrantzia handia duten zenbait alderdi sozial aipatzen dituzte: helduen aldetik gainbegiratzea, gurasoen jokabide moralaren ereduak, instrukzio etikoa (espirituala, erlijiosoa edo zibikoa), eskola pertsonalizatuagoak eta gurasotasuna era arduratsuan betetzea. Gainera gure gazteek kanpoko mezuen bonbardaketa jasaten dute etengabe (telebista, zinema, publizitatea eta abar) eta horiek guk helarazi nahi dizkiegun balioen kontra doaz sarritan. Horrek guztiak balio positiboagoak direnak hondatzea dakar.
 
Familiaren barnean ere aldaketa garrantzitsueak izan dira. Gaur egun Estatu espainiarrean egindako hainbat azterketek diote guraso eta seme-alaben arteko harremana demokratizatu egin dela, hau da, afektuari eta komunikazioari garrantzi handia ematen zaiela, arauak adosten saiatzen direla eta horien beharra eta erabilgarritasuna arrazoitzen direla, seme-aleben iritziak kontuan hartzen direla eta aitak pixkanaka seme-alaben heziketan esku hartzen ari direla. Baina, beste sektore batzuetatik planteatzen ari da gaur egungo familia ereduan seme-alabenganako permisibitate maila gero eta altuagoa dela eta gurasoen rolari eta familiari garrantzi gutxiago ematen zaiela. Hori horrela izateko arrazoien artean, emakumea produkzio prozesuan eta etxez kanpoko prozesuan sartu izana, gurasoek lana egitea, heziketak dakartzan zailtasunak, seme-alabak hezterako orduan ematen diren desadostasunak, bikotekideen arteko gatazkak, okupazioa eta ikasketa mailak aipatzen dira.
 
Egia da gazteak bizi diren testuinguruetan aldaketa handiak gertatu direla, baina egia da baita ere, badirela oso garrantzitsuak diren kontu batzuk eta egindako ikerketen emaitzek horrekin bat egiten dute. Haurren eta gurasoen arteko harreman afektiboen kalitateari buruz ari gara, horrek eragin handia izango baitu zenbait gaitasunen garapenean. Sentiberak diren gurasoek beren seme-alabak baldintzarik gabe onartzen dituzte, kooperatiboak dira, seme-alaben beharretara erraz hurbiltzen dira, eta zenbait konpetentzia eta balio eskuratzeko oinarri sendoa sortuko duen atxikimendu harremanaren sorrera bultzatzen dute. Diziplina motari buruzko edota sozialiazio estiloari buruzko, ama etxekoandrea izateari edo kanpoan lan egiteari buruzko, haurren balio moralen garapenaren inguruko afektuari buruzko eta familiako klimari buruzko (kooperatibotasuna/berekoikeria, enpatia, sariak atzeratzeko gaitasuna eta abar) azterketak egin direnean, emaitzek gizakiok pertsona maitatuak, babestuak eta lagunduak izateko dugun oinarrizko beharra babestu dute eta baita beharra izanez gero, nora jo jakiteko premia izaten dugula azaldu ere.
 
Duela gutxi Estatu espainiarreko sei erregioetako guraso eta haurrekin azterketa bat egin da (Ortiz, Apodaca, Etxebarria, Fuentes eta Lopez, 2007) afektuak, lanarekiko ardurak, hazkuntzak berekin dakartzan zailtasunek, seme-alaben heziketaren inguruko akordioek, hazkuntzak bikotean sor ditzakeen gatazkek, okupazioak eta ikasketa mailak eremu moralean gurasoen esku-hartzearekin duten harremana nolakoa den aztertzeko. Emaitzen arabera, afektuak eta seme-alabak baldintzarik gabe onartzea (morala barneratzeko eta gizartearen aldeko jarreraren eramaile nagusia dena) Kochanska-k, Hoffman-ek eta guk (Ortiz, Apodaca, Etxebarria, Ezeiza, Fuentes eta Lopez, 1993) egindako azterketek zioten moduan, aldagarri erabakigarrienak dira seme-alabak moralki hezten dituzten gurasoen taldeetan.
 
Gainera, adin txikikoen jokabideen diziplinazko kontrolari dagokionez, permisiboenak eta toleranteenak diren gurasoak seme-alabak baldintzarik gabe hartzen dituztenak, afektua erakusten dutenak eta haurrak zoriontsuak izan daitezen eta gutxiago sufri dezaten nahi dutenak direla pentsa dezakegu, baina emaitzek ez dakarte halako ondoriorik. Egia da gaur egun gurasoak lasaiagoak direla seme-alaben heziketa moralean esku hartzeari dagokionez, baina edozein kasutan, azterketak agerian utzi zuen afektuak lotura esanguratsuak azaltzen dituela esku-hartze moralarekin eta balioei dagozkien ardura eta kontrolarekin.  Hau da, maitasuna eskaintzeak eta seme-alabak baldintzarik gabe onartzeak ez du kontrola alde batera uzten, kontrakoa, maitasunak bereiztu egin zituen moralki hezten duten gurasoak permisiboak direnengandik. Beste era batera esanda, seme-alaben heziketa moralean esku hartzen duten gurasoak, atxikimendua irudi egokiak erakusten dituzte, kontrola izaten dute (maitasunagatik ez dira axolagabe azaltzen), diziplina induktiboaz baliatzen dira eta haien esku-hartzeak seme-eleben garapen moralean duen garrantziaz ziur daude.
 

Bertuteak lantzen

Haurrengan, inteligentzia moralak edo ongia eta gaizkiaren arteko aldeak, gizartearen aldeko jarrerak eta berekoikeria, justizia eta justiziarik eza ulertzeko gaitasunak, hainbat bertute hartzen ditu. Horien artean daude besteen sufrimendua ezagutzeko gai izatea eta norbere buruari asmo krudelekin jokatzea galeraztea, bulkadak kontrolatzea eta mementoko asebetetzea atzeratzen jakitea, epaitu aurretik besteei entzutea, ezberdintasunak onartzea eta errespetatzea, alternatiba moralak argitzea, besteekin identifikatzeko gai izatea, injustiziaen kontra egitea eta gainerakoak gupidaz eta errespetuz tratatzea.
 
Bertute garrantzitsuenetako bat, enpatia edo gainerakoen sentimenduekin sintonizatzeko gaitasuna da. Beste pertsonaren ikuspuntuan jartzea dakar, nola sentitzen den ulertzea eta haren sentimenduekiko sentibera izatea. Haurrak enpatikoak izateko gaitasunarekin jaiotzen diren arren, hori behar den moduan elikatu behar da. Horretarako oinarrizko baldintzetako bat gurasoak fisikoki eta emozionalki gertu egotea eta euren seme-alaben bizitzan sartuak egotea da John Gottman-ek egindako ikerketaren arabera. Horregatik da arduratzeko modukoa azken hamarkadetan gurasoek seme-alabekin pasatzen duten denbora asko murriztu dela ikustea. Zentzu horretan, azterketek gizonek seme-alaben garapen sozioafektiboan duten garrantzia azpimarratzen dute eta gero eta gehiago direla seme-alaben bizitzan ez parte hartzeko aukera egin duten gizonezkoak. Gurasoak seme-alabak emozionalki laguntzeko moduan ez egoteak, haurren enpatiaren garapenean eragina du, zalantzarik gabe.
 
Nola bultza dezakegu enpatiaren garapena gurasook eta hezitzaileok? Emozioen kontzientzia eta hiztegia sustatzea, gainerakoen sentimenduekiko sentsibilitatea indartzea eta horiekiko enpatia erakustea oinarrizkoa da.
 
Kontzientzia beste bertute garrantzitsu bat da. Ongia eta gaizkiaren arteko aldea bereizteaz ari gara, ontasunaren kontrako indarren aurrean babesten lagunduko duten kontzientzia sendoak garatzeaz eta era egokian jokatzeaz, baita tentazioaren aurrean ere. Funtsean, euren kontzientziak indartuko dituzten haurrak hezteaz. Seme-alabak heztean euren lehentasunetako bat etorkizunean gizaki on eta zuzenak izango diren haurrak lortzea dela diote guraso gehienek. Bada, horretarako premisetako bat gure gazteek kontzientzia maila altua garatzea da. Zentzu horretan, gurasoek eredu eta instruktore moduan duten estiloa eta gurasoen praktikak oinarrizkoak dira.
 
Pentsamendu oldarkor bati jarraituz ez jokatzea erabakitzeak, hirugarren osagaia dakar: autokontrola. Eta badirudi hori dela haurrek gaur egun gutxien praktikatzen duten bertutea. Enpatiak haurrari besteen emozioak sentitzea ahalbidetzen diola genioen, kontzientziak ongia eta gaizkia bereizten laguntzen diola eta azkenik, autokontrola, moralki zuzena dena egin dezan lortzeko bere bulkadak geldiarazten laguntzen diona da.
 
Haur batek autokontrola badu, badaki beste alternatiba batzuk existitzen direla, eta bere ekintzak kontrola ditzake, bat-bateko asebetetzea atzeratzeko gai da eta bere kontzientzia mailarekin bat datozen helburuak epe luzean lortzen zentratuko da. Gure seme alabek eta ikasleek autokontrol maila altuagoak gara ditzaten nahi badugu, guk geuk autokontrol eredu ona izan behar dugu eta horrek lehentasuna izan behar du guretzat.
 
Era berean, haiengan barneko motibazioa bultzatu behar dugu. Badirudi gaur egun haurrak txikitatik sari bat jasotzeko zain egoteko moduan hezten ditugula zintzoak izateagatik edo ongi jokatzegatik soilik. Horrek kanpoko kontrola duen motibazioa bultzatzen du eta ongi egiten duena saria jasotzera baldintzatutzen du. Haurrek txiki-txikitatik konturatu behar dute beren buruen mende daudela eta horrek indarra eta kontrola garatzera eramango ditu. Barneko motibazioa duten haurrek ongi jokatzen dute badakitelako zuzena zer den, eta hori berez, nahikoa sari badelako. Azkenik, inpultsiboak diren eta kontrolatzeko zailtasunak dituzten gazteei autokontrola bultzatzeko estrategiak erakutsi behar dizkiegu, bulkada horiek identifikatzen lagunduz, segundu batzuk gelditu eta zerbait egin aurretik pentsatzeko (Ongi ala gaizki al dago? Ziurra al da? Arazoak sortuko al dizkit? Hori al da egin dezakedan onena?) eta azkenik egoki jokatzeko.
 
Azken pauso hori garrantzitsua da behin zerbait eginez gero ez delako atzera bueltarik izaten eta hartutako erabakiaren ondorioak gure gain hartu behar izaten ditugulako. Horrek bere ekintzen erantzule dela konturatzen laguntzen dio gazteari.
 
Aipatutako hiru bertuteez gain, zeinak oinarrizko jotzen ditugun, azpimarragarriak diren beste batzuk ere badira: errespetua, ontasuna, tolerantzia eta justizia. Norbaiten edo zerbaiten balioari begirunea erakusteaz ari gara, inguruan ditugunen ongizate eta sentimenduengatik arduratzen garela erakusteaz, giza aniztasunaren aberastasuna aintzat hartzen dugula erakustez eta ondratuak, inpartzialak eta justuak garela azaltzeaz. Ezaugarri horiek gainerakoak begirunez tratatzera garamatzate eta giza bizitza errespetatzera.
 
Irakasleek beti diote oso polita dela errespetuzko jarrerak dituzten haurrak, onak direnak, toleranteak eta justua direnak ikasle moduan izatea, gainerakoengan pentsatzeko gai direlako, haien egoera pertsonalekin enpatia lortzeko gai direlako eta babeserako jarrerak erakusteko gai direlako. Ezaugarri horiek premisa batean oinarritzen dira, hau da, pertsona guztiak duintasunez eta haien barneko balioak kontuan hartuz tratatu behar direla. Eta horrek indarkeriaren, injustiziaren eta gorrotoaren prebentziorako oinarrizko premisa bihurtzen du. Gure gazteengan bertute horiek bultzatzean, lehen pauso horietako bakoitzaren esanahia transmititzea litzateke eta horien garrantzia eguneroko bizitzaren adibideen bidez adieraztea, bai eskolan eta baita etxean ere.
 
Finean, gaur egungo ikerketek eremu moralean esku-hartze maila baxua dela agerian uzten dute, bai familian eta baita eskolan ere eta oso garrantzitsua dela aipatutako alderdiak lantzea uste moral sendoak izango dituzten gazteak garatzeko, ongia eta gaizkia bereizi ahal izateko, hain berekoiak ez izateko eta kooperatiboagoak izateko, besteekin toleranteak izateko eta kanpoko presioei jaramonik egin gabe euren erabakiei eusteko.
 
EZEIZA, Amaia: EHUko irakaslea
http://www.hikhasi.com/
etiketak

Publicaciones relacionadas

Deja un comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Botón volver arriba
Cerrar