EducaciónTTiKLiK!

Hezi ala domestikatu?

 

Arantxa Urbe  (2012-01-15)

Non ikasi dituzu ulertzen dituzula uste dituzun gauzak? Itxura guztien arabera, dakizkigun gauza gehienak ez ditugu eskolan ikasi, ez lau paretako eskolan, behintzat. Zer esanik ez, benetako bizitzarako –egunero aurre egin behar diogun horretarako–, behar ditugunei erreparatzen badiegu. Bizitzako eskola ona omen, onena, dudarik gabe.

 

Eskolaren jiran gabiltza herritar gehienok: batzuek ikasle, besteak guraso, ofizioz hainbat, afizioz edo bokazioz beste zenbait: bietatik asko, desio.

Zer espero dezakegu eskolatik? Zer eskatu behar diogu eskolari, hortaz?

Hamaika galdera piztu zaizkit buruan. Azken aldian, zorionez, parean tokatu zaizkidan hitz-aspertuek eragina izango zuten, akaso: hezitzaileen ofizioa batzuetan, eskolaren eginbeharra besteetan, eskola hobetzeko hezitzaileek egin beharrekoa, eskolak jendartearekin izan beharreko harreman ezinbestekoa… Galdera bati heldu orduko segidan bestea atzetik. Galdera guztiak bezala: egiteko errazak, erantzuteko zailak. Hausnarketa batetik bestera jauzi egiteko aukera eskaini didate, gutxienez.

 «Eta hezitzaileok? Zilborrari begira ere banago. Gure ikasle izandakoei galdetuko baliete zenbatetan sentitu gaituzten hezitzaile eta zenbatetan hezkuntza profesional, zer esango ote lukete?»

Gehienok nahiko genuke eskolak ikasle kritikoak, parte-hartzaileak, iniziatibadunak eta irizpidedunak heztea. Ezagutuko duten munduan ibiltzeko eskuetan jarri ahal izango dizkiegun tresnarik baliotsuenak izango dira, dudarik gabe. Eskolak eragin dezake, baina ezin diogu dena egiteko eskatu.

Eta hezitzaileok? Zilborrari begira ere banago. Gure ikasle izandakoei galdetuko baliete zenbatetan sentitu gaituzten hezitzaile eta zenbatetan hezkuntza profesional, zer esango ote lukete?

Ederra da eskua luzatu eta bidean laguntzea, ikertzen, mundua eta nork bere burua ulertzen laguntzea, egia osoen eta jakintzaren jabe bagina bezala ez aritzea; ez baikara. Gure lanak ez lituzke inola ere ikasleak domestikatu behar, mesede eskasa egingo genieke hala egitekotan. Izan ere, ez baita gauza bera heztea eta domestikatzea. Hausnarketa sakona mereziko luke horrek, gure lanak eta jarrerak zenbat ekartzen dion batari eta zenbat besteari kontziente izan gaitezen.

Hezitzaile izateak gure jendartearekin eta inguruarekin konpromiso soziala eta etikoa izatea esan nahi omen du. Izan ere, heziketaren parte bat eskolak egin ahal izango du, baina ezingo du ordezkatu, inola ere, jendarteak egin beharrekoa. Funtsezkoa da ikasgela mundu egitea eta mundua ikasgela. Zerbaitegatik dio, jakituria handiz, afrikar esaera zahar batek: “Haur bakoitzaren heziketa tribu osoaren lana da”.

argia.com

etiketak

Publicaciones relacionadas

Deja un comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.

Botón volver arriba
Cerrar